Akademiak ez ditu kontuan hartu euskarazko gelak irekitzeko xedeak

Departamenduan 29 irakasle lanpostu kendu nahi ditu; 200 lagunek elkarretaratzea egin dute Pauen, salatzeko

Hautetsien protesta Angeluko Herriko Etxeko atarian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Iragarri bezala, Paueko Akademia Ikuskaritzak 29 irakasle kenduko ditu departamenduan, eta sindikatuen ustez are larriagoa dena oraindik: gela elebidunak irekitzeko edo atxikitzeko hitzarmena ez duela ezagutzen azaldu du. Hezkuntza publikoko gela elebidunetan euskarazko bi postu erdi kenduko dituzte. Kontuan harturik irekiko diren lanpostuak gehiago direla, eragina murritza izanen dela onartzen dute sindikatuek.

Hezkuntza elebiduna arautzeko irizpideen berri ez duela erran zien sindikatuei Philippe Couturaud akademia ikuskariak. Itun hori kontuan hartzen bada eta Frantziako Hezkuntzak irakasle lanpostu gehiago ematen badizkio, hezkuntza elebidunaren eskaera kontuan hartzeko prest dagoela erran zuen. Nolanahi ere, Hezkuntza Ministerioak lanpostu gehiago ematen ez badizkio, berak ezin duela lanposturik banatu berretsi zien sindikatuei.

Katti Petrissans SNUipp sindikatuko ordezkariak aldaketak espero ditu agintarien partetik. Izan ere, ama eskolan 25 haur edo lehen mailan 22 haur direlarik ikasgela batean, bertze gela bat irekiko zela hitzartu zuten Euskararen Erakunde Publikoa zela bitartekari.Couturauden adierazpenek hitzarmena baliogabekoa dela adieraziko lukete, eta hori horrela balitz, EEPrengana joko dutela azaldu du. «Jakin behar dugu zein diren indarrean dauden irizpideak eta hitzarmen horrek baliorik ba ote duen oraindik». Gaur egungo kopuruekin, herri batzuetan egoera gogorra izanen dela dio, bertzeak bertze Bidarrai (Nafarroa Beherea) Jatsu edo Larresoron (Lapurdi). Bidarrain 22 haur daude gela batean, baina zortzi maila ezberdinetakoak dira. Hiriburun (Lapurdi) irakasle batek 52 haur ditu, 30 gela batean eta 22 bertzean. Baina akademiak ez du lanpostu gehiago eman nahi.

Sindikatuek atzo grebara deitu zuten lehen mailan, baina akademia ikuskaritzak ez du jarraipenari buruzko xehetasunik eman. Protestak izan ziren han-hemenka eta Pauen 200 pertsona elkarretaratu ziren heldu den ikasturteko eskola karta gaitzesteko. Angelun (Lapurdi), esate baterako, hautetsiak presente egon ziren eskola abiatzeko tenorean, irakasle lanpostuen kentzea salatzeko. Arratsaldean banderola bat zabaldu zuten herriko etxean.

Gurasoen haserrea

Protestekin bat, hezkuntza publikoko sail elebidunean kopuruak gero eta handiagoak direla nabarmendu du Evelyne Mourguy Biga Bai gurasoen elkarteko presidenteak. Haur gehienen gurasoak frantses elebakarrak direla kontuan harturik, haur horien euskarazko erreferentzia bakarra eskola dela nabarmendu du. «Emendatuz geletako haur kopurua, haurren jarraipena egitea kudea ezina bihurtzen da». Eskola elebidunak haur elebidunak sortu ahal izateko baliabideak behar direla gaineratu du, Frantziako Hezkuntzak gai honen inguruan duen jarrera deitoratuz. Ondoko egunetan eskola zentroetan okupazioak egon daitezkeela erran du.Ikas Bi gurasoen elkarteak, bere aldetik, ordezko irakasleak kontratatzeko zailtasunak nabarmendu ditu, euskara ez dakiten irakasleek ordezkatzen dituztelako irakasle elebidunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.