Joan den urriaren amaieran aukeratu zituen Akitania-Euskadi euroeskualdeko batzorde eragileak diruz lagundu beharreko proiektuak. Hendaian egin zuen bilera, eta 42 egitasmo finantzatuko zituztela ebatzi zen han. Proiektu horiek bi eskualdeen arteko lankidetza indartzea dute xede, eta energia berriztagarriak, berrikuntza eta ikasleen trukea dira horretarako nabarmendu nahi dituzten arloak.
Eusko Jaularitzak ohar baten bidez eman zuen atzo Akitani-Euskadi euroeskualdeak 42 proiektu horiek sustatzeko izango duen finantzaketaren berri. 900.000 euro izango dira orotara, eta gaur egun lantzen ari ei diren 2014-2020 Akitania-Euskadi proiektu estrategikoaren lehentasunak aintzat hartuta egin dute batzordeko kideek proiektuen aukeraketa. «Espezializazio irizpideak» aintzat hartuta.
Hori horrela, hautatu diren 42 egitasmo horietatik 14 goi mailako irakaskuntzarekin eta berrikuntza teknologikoarekin lotuta daude; bederatzik ekonomiarekin, garapen iraunkorrarekin, nekazaritzarekin, ingurumenarekin eta turismoarekin dute zerikusia, eta gainontzekoak kulturarekin, kirolarekin, hezkuntzarekin eta gazteriarekin harre- mana dutenak dira.
Egitasmo horiek jasoko duten laguntza beste urteetan jaso izan dutena baino handiagoa da, batez beste. «Lankidetza» indartuko dute hainbat eremutan: eraikuntza iraunkorra, material berriak, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea eta energia berriztagarriak.
Lehentasuna eman zaio, gainera, «gazteen mugikortasunari», eta lizeoei, ikasleei eta prestakuntza-ikastaroak jasotzen ari diren gazteentzako truke proiektuak jarri dira abian horretarako, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez. «Eskualdearen errealitate geografikoa ahalik eta ondoena islatzea helburu, euroeskualdeko bazter guztietako eragileak inplikatu nahi izan dira proiektu hauetan».
Akitania-Euskadi euroeskualdeak 900.000 euro ditu lankidetzarako
Bi eskualde horien arteko elkarlana sustatzea helburu duten 42 proiektu finantzatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu