EH Bilduren eleduna Espainiako Kongresuan

Mertxe Aizpurua: «Akordio oso onak lortu ditugu, eta legegintzaldi honek ere gure zigilua izango du»

Aizpuruak azaldu du «eskuinari ateak ixteko» eman diotela babesa Sanchezi.

MERTXE AIZPURUA
GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko azaroaren 21a
06:00
Entzun

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestiduraren ostean, legealdiari forma ematen hasteko garaia heldu da. Hartan, bere «zigilua» utzi nahi du EH Bilduk, koalizioaren Espainiako Kongresuko eledun Mertxe Aizpuruak (Usurbil, Gipuzkoa, 1960) azaldu duenez. Horretarako, aurrekontuen inguruko negoziazioa da lehen urratsa, eta EH Bildu jada hasi da gaiaz hitz egiten PSOEko ordezkariekin.

Gai ikusten duzue Espainiako Gobernua lau urteko legealdi baterako?

Uste dut baietz. Sanchezek berak horretarako borondatea adierazi du. Hurrengo sei hilabeteak erabakigarriak izango dira: gobernua mantentzen bada, eta uste dut horrela izango dela, legegintzaldi luze batera joango gara. Ez da erraza izango, bistakoa baita eskuinak presio handia egingo duela.

Argitu dira ministroen izenak. Kontinuista da PSOEko kideei dagokienez, eta ez da Podemoseko ordezkaririk.

Kontinuista da hainbat ministeriotan, baina beste batzuk berriak dira. Lurralde arazoari dagokionez, pertsona berri bat [Angel Víctor Torres] sartu dute Lurralde Politikarako, eta [Presidentetza eta Justizia ministro Felix] Bolaños izango da gizon indartsua. Printzipioz, ondo ikusten dugu, baina ibilian ikusten da ea benetan asmatzen ari diren. Eta Sumarren eta Podemosen arteko kontua distortsio faktore bat izango da, bai. Ez da kudeaketa on bat egin, eta tristea da berriro ikustea Espainiako ezkerrak ez duela jakin neurriak hartzen momentu erabakigarrietan.

EH Bilduri kritikatu zaio akordiorik ez sinatu izana inbestidura babesteko. Zergatik hartu zenuten erabaki hori?

Uste dut batzuek erabili egin nahi dutela erabaki hori. Politika konbentzionalak badu joera bat beti zerbaiten truke gauzak egitekoa, eta lehian sartzekoa «nik hau lortu dut eta zuk baino gehiago lortu dut» esanez. Baina konbentzituta nago: erabaki honek ez du jendea harritu. Hasieratik esan genuen emango genizkiola botoak eskuina geratzearen truke, eta eskuinari ateak ixtea ez da babesa hutsaren truke ematea. Aurreko legegintzaldian ere, inbestidura saioan ez genuen akordio bat egin, eta abstenitu egin ginen. Gerora etorri da euskal herritarrontzat oparoa izan den legealdi bat. Akordio oso onak lortu ditugu, eta legegintzaldi honek ere gure zigilua izango du.

Asko hitz egin da inbestidura saioaren ostean gertuago egongo ote den zentsura mozio bat Iruñeko Udalean. Gaia hizpide izan da?

Ez. Iruñekoa tamalgarria da; PSOEri esker eskuineko gobernu bat egotea, funtzionatzen ez duena. Hemendik aurrera, ikusiko da zein joera hartzen duen, eta logikoena litzateke herritarrek esandakoari kasu egitea.

«Hasieratik esan genuen emango genizkiola botoak eskuina geratzearen truke, eta eskuinari ateak ixtea ez da babesa hutsaren truke ematea»

Sanchezek konpromisoa hartu du «lurralde ereduari buruzko» eztabaidari heltzeko, baina zehaztuta konstituzioaren esparruan egin behar dela hori.

Aldaketa bat bazegoen Sanchezen erantzunean. Lurralde arazoari heltzeko borondate osoa erakutsi zuen. Eta egia da konstituzioa aipatu zuela, baina modu ezberdin batean. Esan zuen egoerari eta denborei egokitu behar direla interpretazioak. Bada aldaketa bat, funtsezkoa. Beraz, ontzat jotzen dugu, eta hemendik aurrera denon ardura da hori egia bihurtzea.

Ekiten hasteko prest ikusten duzue?

Egia da bultzatu egin behar dela. Baina, hemizikloaren argazkiari begiratuta, ez dauka beste erremediorik. Pedagogia demokratikoaren bidean asko dago lantzeko, eta, segur aski, PSOEk ere egin beharko du lan bere hautesleekin eta militantziarekin.

PSOEren eta EAJren arteko akordioan, elkarren arteko ituna jarri dute estatutu berri baterako urratsen erdigunean. Nola jorratu nahi du gaia EH Bilduk?

Uste dut herri itun bat egin behar dela. Eta hemen bai, denok batera joan behar dugu, bestela hankamotz geratuko da eta. Garrantzitsua da indarra erakustea, eta sendotasun hori bertako akordio batek emango du. Batak bestearekin egindako akordioek ez dute ibilbiderik egingo ez badaude Euskal Herrian bertan ondo sustatuta. Lanketa hori egin beharra dago, eta abertzaleen eta erabakitzeko eskubidearen alde posizionatu diren alderdien ardura ere bada. Akordioa hemen lortu behar da, eta hortik aurrera Madrilera eraman.

Gogoratu zenuen zuek ez zenutela bat egin lan erreformarekin. Hura egokitzeko eskatuko duzue?

Bide horretan jarraituko dugu. Mahai gainean jarriko ditugu zintzilik geratu ziren hainbat gai. Lan erreformari dagokionez, egia da ez zela bete esandakoa. Horregatik bidali genuen bidalitako mezua inbestidura saioan.

«Aritmetikak hor daude, eta ezkerreko babesa handiagoa da eskuinekoa edo zentrokoa baino. [...] Denok gara garrantzitsuak, baina batzuk beste batzuk baino gehiago»

Azken legealdian, blokeko alderdi guztiak ez ziren beharrezkoak legeak onartzeko. Oraingoan ez da hala izango.

Ez, baina erretratatu beharko dira aurrerapen sozialei ezezkoa ematen dietenak. Aritmetikak hor daude, eta ezkerreko babesa handiagoa da eskuinekoa edo zentrokoa baino. Gure zigilua izango dute hainbat legek, eta bestela ez dira aterako, mozal legearekin gertatu zen bezala. Denok gara garrantzitsuak, baina batzuk beste batzuk baino gehiago. 

Hurrengo urratsa aurrekontuak dira. Ari zarete hitz egiten?

Hartu-emanak martxan dira. Abiada bizian hasiko da orain dena, adierazi baitigute euren nahia dela azkar egitea. Hainbat lorpen ekarri ditugu euskal herritarren onurarako, eta orain ere hortik joango gara. Ez dugu sorpresarako tarte handirik utziko. Alde batetik, lortu ezin izan ziren hainbat gai ekarriko ditugu hizpidera. Bestetik, eskubide sozialak areagotzea eta ongizatea bermatzea euskal herritar guztiei.

Beste kontu garrantzitsu bat izango da laster: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak. Hasi zarete horretan lanean?

Lana etengabe egiten da hauteskunde guztiei begira. Bagatoz bide bat eginez, eta bide horretan babes handiagoa lortzen ari gara. Erakundeetan egiten dugun lanak babesten gaitu, eta konbentzituta nago oso emaitza onak aterako ditugula. Hauteskundeak irabaztera goaz. Egiteko erak aldatu behar dira hainbat alorretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.