Espainiako Auzitegi Nazionalean akordioa egin dute aldeek. Ekineko zuzendaritza eratzea egotzita eraman dituzte epaiketara, bederatzi eta hamabost urte arteko espetxe zigor eskaerekin. Auzitegian akordioa egin dute, ordea, eta espetxea saihesten saiatuko dira: Ugaitz Elizarani bi urte eta hiru hilabeteko zigorra jarriko diote, Sandra Barrenetxeari urtebete eta bederatzi hilabetekoa, eta gainerakoei, bina urtekoa. Aurreneko biei Ekineko kide izatea egotzi diete, eta gainerakoei, zuzendaritzako kide izatea. Urko Aierbe, Jose Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Erika Bilbao, Eneko Compains, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarte dira beste zazpi horiek.
Horretarako, Segurako auzian epaitutakoen antzeko testu bat aurkeztu eta onartu dute auzipetuek. Fiskalak eta akusazioek eskatu dute zigorrak bertan behera utzi eta Ugaitz Elizarani baldintzapeko askatasuna emateko. Aurrekariak dituelako jarri diote zigor handiagoa. Epaimahaiak eskaera onartzea espero da, baina ikusi egin beharko da Elizaranen kasuarekin zer gertatzen den; hau da, nola ezartzen dioten baldintzapeko askatasuna, eta kartzelara sartu behar duen ala ez.
2010eko irailaren 14ko gauean atxilotu zituzten gaur epaitzen ari diren bederatzi lagunak, Ekineko kide izatea egotzita. Hedabide batzuen arabera, 300 guardia zibilek hartu zuten parte operazioan. Ekineko zuzendaritzako kidetzat jo zituzten lerroburu gehienetan. Inkomunikazioa, torturak, espetxea, sakabanaketa... Hori guztia pasatu behar izan dutela salatu dute, epaituak izan aurretik.