Gobernu osaketa

Akordioa egin dute PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak

Geroa Baik goizean aztertu du PSNren azken proposamena, bilera luze batean. Arratsaldean hiru alderdiak elkartu dira, eta Geroa Baik beste proposamen bat aurkeztu du.

Geroa Bai kideak, parlamentura bidean, artxiboko irudian. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2023ko abuztuaren 7a
15:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Gobernu akordioa egin dute Nafarroan. PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariak arratsaldean bildu dira, 17:00ak aldean. Aldi berean eta puntuan agertu dira bilerara. Ramon Alzorriz, Ainhoa Unzu eta Jorge Agirre joan dira PSNren izenean; Uxue Barkos, Maria Solana, Pablo Azkona eta Unai Hualde Geroa Bairen izenean; eta Begoña Alfaro, Carlos Guzman eta Iñigo Rudi Zurekin Nafarroaren ordezkari.

Nafarroako Parlamentuan bertan egin dute bilera. Geroa Baik kontraproposamen bat aurkeztu die beste taldeei arratsaldean, baina oraindik ez da zabaldu horren xehetasunik.

Iragan astean PSNk gobernu berria otsatzeko proposamen bat luzatu zion Geroa Bairi. Ordurako, Zurekin koalizioarekin akordioa egina zuen. Maria Solanak, negoziazioetan Geroa Bairen bozeramaile aritu denak, ostiralean adierazi zuen denbora beharko zuela Geroa Baik proposamena aztertzeko. Gaur goizean egin du azterketa hori Geroa Bairen Batzorde Iraunkorrak.

10:00etan hasi da bilera hori, eta, 12:30ean, EAJko kide batzuek bilera utzi dute. Maria Solanak, Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidenteak eta Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko jarduneko kontseilariak ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Ondoren, Geroa Bairen egoitzan sartu dira Javier Dominguez —Uxue Barkosen gobernuko Osasun kontseilari ohia—, Patxi Leuza Iruñeko zinegotzi ohia eta Ana Ansa parlamentari ohia. Informazio gehiagoren faltan, jeltzaleek egoitza utzita, egoera bere osotasunean aztertu dute Geroa Sozialberdeak alderdiko kideek, eta horretarako joan dira egoitzara beste hiru kide horiek.

Ikusi gehiago:Txibite baikor dago, baina Solanak ohartarazi du oraindik falta dela

Geroa Bai koalizioaren barne antolamenduaren arabera, Batzorde Iraunkorra alderdiaren organo gorena da, eta, zuzendaritza gisa, eguneroko erabakiak hartu ohi dituzte bertako kideek. Koalizioaren egiturari buruzko aldaketak aho batez hartu behar dira, eta gainerakoak, gehiengo osoz. Haatik, EAJk edo Geroa Sozialberdeek hala erabakitzen dutenean, botoen bi heren beharko dira.

Pentsatzekoa da, hain gai garrantzitsua izaki, Nafarroako Gobernuaren inguruko posizioak bi herenen babesa beharko lukeela. Berez, alderdiek ostegunean militantziari galdetu zioten negoziazioen nondik norakoez eta azken proposamenaz, eta, ondorioz, oinarrien iritzia bildu dute. Haatik, barne eztabaidaren xehetasunik ez dute eman. Gaur goizeko bilerak lau ordutik gora iraun du, eta horrek adierazten du eztabaida egon badagoela.

Azken proposamena

PSNren azken proposamenean jaso zenez, Geroa Baik lau departamendu kudeatuko lituzke: Osasuna, Garapen Ekonomikoa, Herritarrekiko Harremanak eta Landa Garapena eta Ingurumena. Aurreko legealdiarekin alderatuta, Etxebizitza galduko luke Geroa Baik —Zurekin Nafarroaren eskuetan geratuko litzateke—. Geroa Baik uste du departamendu horretan lan handia egin dutela, Etxebizitzaren foru legea aurrera atera duelako. Dena den, hasieratik nabarmendu dute egungo ordezkaritzari eustea dela euren helburua, eta PSNren proposamenak kontuan hartu du hori.

Haatik, gobernuaren kohesioak eta barne funtzionamenduak ere kezka eragiten du koalizioaren barruan. Maria Solana eledunak iragan aste amaieran argi esan zuen hitzartutakoak ez duela ezertarako balio, baldin eta gero PSNk ez badu hitza betetzen. Horregatik, desadostasunak kudeatzeko prozedura zehatzagoa izatea eskatzen ari dira, eta ematen du orain artekoarekin ez daudela konforme. Akordio programatikoa bera ere ez dago guztiz lotuta.

Arratsaldeko bileran, detaile guztiok egongo dira mahai gainean. Azken egunetako zantzuen arabera, akordioa gertu dago, baina ikusi beharko da hala den edo oraindik ere azken ukituen inguruko xehetasunek are gehiago luzatuko duten negoziazioa.

Inbestidura noiz

Akordioa egingo balute ere, oraindik pauso asko geratuko lirateke emateko. Lehenik eta behin, Unai Hualde parlamentuko presidenteak taldeetako eledunak deitu behar ditu hautagaien artean nahikoa babes biltzen duen inor baden aztertzeko. Egun bakarrean egin nahiko luke tramite hori, baina, ondoren, parlamentuko araudiaren arabera, gutxienez hiru egun pasatu behar dira osoko bilkura egin aurretik.

Tarte horretan, EH Bilduren militantziak erabaki beharko du zer egin Maria Txibiteren inbestiduran. Blokeo egoera zegoenean, baiezko botoa aztertuko zutela adierazi zuen Laura Aznal eledunak, baina, azkenean akordioa balego, abstentzioak zentzu handiagoa du.

Abstentzioak eta baiezkoak, jakina, esanahi politiko desberdinak dituzte, baina ondorioak izango ditu egutegiari begira. Abstentzioaren alde eginez gero, Txibiteren inbestidurak bi egun iraungo luke, lehen itzulian gehiengo osoa eskatzen baitzaio eta biharamunean gehiengo sinplea. Oraindik zehaztu gabe dago noiz egin daitekeen. Edozein kasutan, Foru Hobekuntzak eta parlamentuko araudiak ezarritako hiru hilabeteko epearen barruan egingo litzateke inbestidura, eta gobernua abian jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.