Espainiako hauteskundeak. Ekainaren 26a

Akordioen beharraz jakitun

Espainiako Gorteetako euskal ordezkariak akordioetarako ekarpenak egiteko prest agertu dira, «alderdi nagusien porrotaren ostean». Bat egiteko aukerek baldintzatuko dute kanpaina

Felipe VI.a Espainiako erregea eta Patxi Lopez Kongresuko presidente ohia hauteskundeetara deitzeko dekretua sinatzen, atzo. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amaitu da, trantsizioaz geroztik, Espainiako Estatuak ezagutu duen legealdirik laburrena. Espainiako erregeak atzo sinatu zuen gorteak desegiteko dekretua, eta hauteskundeetara deitu zuen ekainaren 26rako. Ikusteko dago hurrengo eguneko emaitzek zenbateraino aldatuko duten alderdien arteko indar harremana, eta, mapa politiko horretan, alderdiren batek gobernua osatzeko akordio nahikorik lortuko ote duen, azken saialdian gertatu ez bezala. Hego Euskal Herriko ordezkariak, BERRIAri eginiko adierazpenetan, prest azaldu dira Madrilen gehiengoak osatzen laguntzeko, baldin eta defendatzen dituzten lehentasun eta proposamenak kontuan hartzen badira.

Hauteskunde deialdia aurreratu beharra «espainiako alderdi handien porrotaren ondorio» dela adierazi du Pedro Azpiazu atzora arte EAJko diputatu izandakoak. Azpiazuren arabera, «ez da nahikoa lan egin» gobernua osatzeko. Salatu duenez, aurkari politikoa «jokoz kanpo» uzteko interes handiagoa egon da, akordioa lortzeko baino».

Hauteskundeen ondoren, egoera desberdina izango den bermerik ez dago, Azpiazuren esanetan. Horregatik, euskaldunei eskatu die «Espainiako lau alderdi handiek haien boza merezi ote duten hausnartzeko». EAJk aurreko hauteskundeetako mezua berretsiko duela ziurtatu du. «Hobe da euskaldunok gurea defendatzea, alderdi espainiarrek ez baitakite berea defendatzen ere».

Bestelako iritzia du Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak. Aurreko legealdian gobernu akordiorik ez lortzea «pena» izan da, Albaren esanetan, eta ardura PSOEri egotzi dio. «Argi gelditu da nork zuen akordio bat lortzeko nahia eta nork ez». Ahal Dugu-ko buruak kritikatu egin du alderdi sozialistaren jarrera, Ciudadanosekin ituna sinatu eta inbestidura saioan «porrot» egin ostean, ez zuelako «bide alternatiboa» bilatu Podemosekin. Hala ere, hurrengo hauteskundeak «ilusio eta energia handiz» hartuko dituztela nabarmendu du. Emaitzetan, baina, ez du aldaketa handirik espero Albak. «Mapa politiko antzekoa izango da, eta akordioak egin beharko ditugu». Azaldu duenez, Ahal Dugu adosteko «prest» egongo da, eta «alderdi sozialistari begira» jarriko da.

Albaren iritziz, akordioetarako gaitasuna agertu nahiko dute alderdiek kanpainan, baina mezuak «koherentea izan behar du erakutsitako jarrerarekin». Kanpainari garrantzia eman dion arren, hauteskundeak bereziak izango direla uste du. «Azken lau hilabeteetan gertatu dena daukagu alderdi bakoitzaren jarrera nolakoa izan den aztertzeko. Hori erabakigarria izango da».

EH Bilduk bat egin du EAJren analisiarekin. Koalizioaren ustez, «alderdi nagusien porrota» izan da amaitu berri den agintaldia. Marian Beitialarrangoitia diputatu ohiaren esanetan, «ez da akordioak lortzeko benetako interesik egon». Alderdi interesak herritarren beharren aurretik jarri izana leporatu die. Hauteskundeak «erronka handia» izango dira, Beitialarrangoitiaren arabera, baina koalizioak «ilusio handiz» hartuko ditu. «Batzuek uste duten baino emaitza hobea lortzea espero dugu».

Hurrengo legealdian, hiru ardatz proposatuko ditu EH Bilduk Madrilen: erabakitzeko eskubidea, bakea eta normalizazioa eta gizarte politika. Ardatz horien gainean sor daitezkeen akordioetan parte hartzeko asmoa agertu du Beitialarrangoitiak. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu Espainiako Estatuak demokraziarantz urratsak egiteko eta gure herritarren bizi baldintzak hobetzeko».

PSEko diputatu ohi eta PSOEko kide Odon Elorzaren arabera, berriz, «aukera galdu da» amaitu berri den legegintzaldian, «krisi ekonomiko eta politikoaren aurkako politikak» abian jartzeko. «Espero ez ziren jarrerak» atzeman ditu: «Elkarrizketa falta, marra gorri gehiegi, betoak eta bazterketak». Akordiorik ezaren emaitza Rajoyren «indartzea» izan dela salatu du.

Alderdi sozialista ez da joango hurrengo hauteskundeetara «Ciudadanosekin akordioa lortzeko eskemarekin», eta baztertu egin du PPrekin koalizioa adosteko aukera. PSOEk bere proposamenetan sakondu behar du, eta hauteskundeak irabazten saiatu, diputatuaren iritziz. «Dena da posible. Oraindik herritar asko daude boza erabakia ez dutenak». Hala ere, alderdiek azken hilabeteetan erakutsi duten jarrerak abstentzio handituko duen kezka agertu du.

Elorzaren iritzi pertsonala da PSOEk ezkerreko indarrek sostengatuko duten gobernua osatzeko ahalegina egin beharko lukeela, baldin eta gehiengo nahikoa lortuko balu «Katalunian independentzia prozesua sortzen saiatzen ari diren indarren menpe» ez egoteko.

Gehiengoak hauteskundeak irabazten dituenaren inguruan osatu beharko lirateke, PPk adierazi duenez. Leopoldo Barreda diputatu ohiaren esanetan, bi aukera besterik ez dago: PPk gidatutako gobernu egonkorra osatzea edo «erradikalen esku uztea». Kanpaina era «baikorrean» egingo dutela iragarri du Barredak. «Herritarrei proposamenak egiten eta suspertze ekonomikoan pentsatzen».

Alderdiek hilaren 23ra arte dute hautagaiak aurkezteko epea. EH Bilduk barne prozesua hasi du. EAJk eta Ahal Dugu-kzerrenda berak aurkezteko asmoa agertu dute; azken horrek Ezker Batuarekin koalizioa osatuko duen erabaki behar duen arren. Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarrek —Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak— ere argitu behar dute koalizioan joan ala ez. Ostiralean erantzungo dio proposamenari Ahal Dugu-k. Maiatzaren 13 arteko epea dute koalizioak osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.