Akordioetarako borondatea besterik ez dela behar dio ezker abertzaleak

NaBai osoarekin bilera egiteko eskaria berretsi du, eta betorik ez badago akordiorako ez dagoela arazorik uste du

Erredakzioa
Iruñea
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Oraindik ez du erantzun ofizialik jaso, baina ezker abertzaleak Nafarroa Bai osoarekin bilera izateko eskaera berretsi du. Bere asteko editorialean, azpimarratu du hauteskundeetara begira akordioa lortzea posible dela. «Borondate politikoa besterik ez da behar», azaltzen dute idatzian. Ezker abertzalearen irudiko, akordiorako proposatu dituen gutxieneko edukiak «guztiz onargarriak» dira. Haren azalpenen arabera, akordioa izatekotan, «dinamika bateratua indartuko du, eta sentsibilitate ezker batekin bateraezinak diren auzi programatiko batzuk argituko ditu».

Ezker abertzaleak espero du arazorik ez izatea bilera egiteko: «Betorik ez badago, NaBai subjektu gisa onartzen bada, bilera eskatzeko iniziatiba ezker abertzalearena izanda eta edukiak aitzakia ez badira, zein da arazoa?», galdetzen du. Hala ere, kritikarik ez da falta. Azaroaren 14an ezker abertzaleak hauteskundeei begira egindako Nafarroa 21 proposamena «herritarrek gaizki ulertu zezaten eten gabeko saio bat» egin dela, eta horren atzean «aliantza horri uko egiteko argudio falta» dagoela deritzo.

Urtarrilaren 5ean Aralarrek ezker abertzalearekin NaBaira sartzeko aukerak itxitzat eman ondotik egin du publiko eskari hori ezker abertzaleak. Haren iritziz, Aralarrek azken egunetan bere exekutibaren jarrera argudiatzeari ekin dio», eta bilera batek negoziazioa desblokeatzeko eta jarrerak hurbiltzen lagundu dezakeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.