Duela urtebete Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako akordioa betetzen ez den bitartean, mobilizazioen egutegiarekin jarraitzeko asmoa dute sindikatuek Bizkaibusen. Iragarri bezala, beraz, egun osoko laugarren lanuztea egin zuten atzo. Gutxieneko zerbitzuak %30ekoak izan ziren. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hamalau autobus gurpilak zulatuta edo hustuta agertu ziren Abanton, 05:20 inguruan. ELAk diputazioari egotzi dio halako ekintzak "arreta desbideratzeko" erabiltzea.
Grebarekin batera, manifestazioa egin zuten Bilboko kaleetan, ELA, CCOO, LAB, UGT eta LSB-USO sindikatuek deituta. ELAk jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzan salaketa jarri dute sindikatuek, lanuzteetan "langileen legez kanpoko ordezkapenak" izan direlakoan.
Hilaren 17, 20, 21, 23 eta 24an ere egun osoko lanuzteak egingo dituzte; gatazkak irauten badu, baina, greba mugagabeari ekingo diote langileek urriaren 27tik aurrera, UGT, CCOO, ELA, LAB eta LSB sindikatuek deituta.
Iazko udazkenean ere mobilizazioak egin zituzten Bizkaibuseko langileek. Gatazka urriaren 4an amaitu zen, diputazioak eta ELA, UGT, CCOO eta LSB sindikatuek akordioa sinatu zutenean. Akordio hartan aldundiak konpromisoa hartu zuen langileen amortizazioa ez onartzeko eta orduan zeuden lanpostu guztiak mantentzeko. Sindikatuek uste dute diputazioak ez duela bete akordio hori.