EUSKARA

Aktak euskaraz bidaltzeko baimena eman die auzitegiak Amezketako eta Gaintzako udalei

Urkijok jo zuen auzitara, ez duelako onartzen euskaraz bidalitako dokumenturik. Auzitegiak, ordea, kontrako epaia eman du: udalek barne agiriak euskaraz igortzea legezkoa dela esan du.

Tolosan, udalen jarduna babesteko egindako elkarretaratzea. JUAN CARLOS RUIZ, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko irailaren 16a
08:20
Entzun

Azken bi urteetan euskarazko udal jardunaren aurka jarritako helegiteen erantzunak jasotzen hasia da Carlos Urkijo, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Bi epairen berri eman du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Urkijoren kontrakoak dira biak. Amezketako eta Gaintzako udalek aktak euskaraz bidaltzea legezkotzat jo du Donostiako auzitegiak.

Udalek gobernu ordezkaritzari bidali behar izaten dizkiote erabakiak, eta udal askok euskaraz bideratzen dute urrats hori, euskaraz funtzionatzen dutelako. Urkijok ez hartutzat jotzen ditu agiriak, gaztelaniaz ez badaude.

Epaitegiak kontrako ebazpena eman du, baina: euskara ofiziala denez gero, aktak hizkuntza horretan bidaltzea legezkoa dela adierazi du. Urkijo zigortu du, gainera, epaiketaren gastuak bere gain hartzera. Helegitea jartzeko aukera du orain gobernu ordezkariak.

Uemak pozik hartu du epaia, baina ohar egin du, segurtasun juridikoa ez dela erabatekoa euskarazko akten auzian. Gogorarazi dute iaz beste epai bat jaso zuela Lekeitioko Udalak gai berberagatik, eta kasu hartan kontrakoa izan zela, ez ziotela onartu aktak euskaraz igortzea. "Ezin dugu auzitegi batean haizeak nondik jotzen duen edo epaile batek zer-nolako eguna izan duen zalantzan ibili, kezkaz", adierazi du Miren Segurola koordinatzaileak.

“Lege babesa” eskatu du Uemak, beraz. EAEko Udal Legean hori bermatzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.