Denbora falta eta nagikeria ez dira baleko aitzakiak jada. Azkarrago eta erosoago helarazi ahalko dizkiete herritarrek gertaerak Hizkuntz Eskubideen Behatokiari. Akuilari: denok aldaketaren motor lelopean aurkeztu zuen atzo aplikazio berria. Euskaraz jarduteko arazoekin topo egiten duen herritarrak, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi, oztopoei aurre egin eta egoera hobetzeko bide errazagoa eta laburragoa izango du tresna horrekin.
Hemendik aurrera euskara erabiltzeko eskubidea urratu edo berau erabiltzeagatik kalteak jasan dituen orok kexa jarri ahalko du, unean bertan, aplikazio berriaren bidez. Era berean, hizkuntza eskubideak bereziki ondo zaintzen dituzten entitateen jokabide eredugarria txalotu eta zoriondu ahalko du. Zerbitzua lehengo berbera dela jakinarazi du Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak; baina modu askoz ere praktikoagoa eskaintzen du orain: «Gizartean hain sustraituta dagoen berehalakotasunari erantzuten dio».
Euskaraz bizi nahi duenari eguneroko bizitzan protagonismoa emateko modu bat eskaintzen dio Akuilarik. Aplikazioa sakelako telefonora jaitsi, eta kontua sortu besterik ez da egin behar zerbitzua eskura izateko —Euskararen Telefonoaren erabiltzailea izanez gero, haren erabiltzailea eta pasahitza sartu behar dira—. Beste herritarrek Behatokira helarazitako gertaerak ikusteko eta sare sozialetan partekatzeko aukera ere eskaintzen du.
«Administrazioak eta arduradunek izan ohi duten erosotasunetik eta utzikeriatik mugitzeko bide bat da herritarrok aktibo bilakatzea. Praktika txikien emaitzak akuilu bilakatu dira». Hortik aplikazioaren izena. Norbanako bakoitzak eta pauso txiki bakoitzak ekarriko du aldaketa, «askoren lan txikiaren olatua», Petriatiren arabera. Finean, zailtasunen gainetik duintasunez «elkarrekin» aurrera egin eta eragiteko xedea du Akuilarik.
«Euskaraz bizitzeko hautua egin duten pertsonak errealitatean aurkitzen dituzten oztopoak gainditzen saiatzen dira, zailtasunei aurre egiteko prest daude eta saiatzen dira egoera hori hobetzeko zerbait egiten», adierazi du Behatokiko zuzendariak. Horretan laguntzeko eta garai berrietara egokitzeko saioaren fruitua da azken proiektua. Euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenek aldaketak sustatzeko tresna da.
Aplikazioaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero:
www.akuilari.eus
Akuilari sortu du Behatokiak, eskubide urraketak salatzeko
Sakelakoaren bidez unean uneko gertakariak helarazi ahalko dituzte herritarrek.«Aldaketarako tresna» da euskaraz bizi nahi dutenentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu