Akusatuak aitortu du berak hil zuela Mbeugou, baina «bere burua defendatzeko»

Akusazioek 25 eta 44 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte; defentsak berriz, zortzi urtekoa. Bi alabak bakarrik utzi izana ere egotzi diote akusatuari

Akusatua atzo —eskuinean—, Maguette Mbeugauren hilketa argitzeko epaiketako lehen saioan. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Joan den astean epaimahaia eratu ostean, hasi da Maguette Mbeugouren hilketari buruzko epaiketa. Akusatua Bara N. da, biktimaren senarra izandakoa; aitortu du berak hil zuela emaztea, baina haren defentsa daraman abokatuak esan du «bere burua defendatzeko» aritu zela eta zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du. Akusazioek, berriz, uste dute Mbeugouren hilketa emakumeak pairatzen zuen indarkeria matxistaren azken adierazpidea izan zela, eta 25 eta 44 urte bitarteko zigorrak eskatzen dituzte.

Gertatutakoaren inguruan alde bakoitzak egindako kontakizunarekin hasi zen epaiketa, atzo. Lau akusazio daude: fiskaltzarena, familiaren akusazio partikularrarena, eta bi herri akusazio, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Bilboko Udalarena. Ñabardura batzuk gorabehera, denek egin zuten antzeko kontakizuna: esan zutenez, Mbeugouk lehenagotik ere pairatu zituen senarraren erasoak eta irainak, eta haren kontrako salaketa ere jarri zuen, epaiketan senarra errugabetzat hartu zuten arren. Gizarte zerbitzuei eta lagunei adierazi zien harengandik banatzeko nahia, eta senarrak kontrolatu egiten zuela, Mbeugou gazteleraz gaizki moldatzen zela baliatuta.

Akusazioen arabera, 2018ko irailaren 24an senarrak emazteari eraso egin zion, goizaldean. Zenbait ganibet erabili zuen horretarako: orotara, 83 zauri eragin zizkion gorputz osoan, eta gero lepoa moztu zion. Etxean bikotearen bi alabak zeudelarik gertatu zen hilketa: orduan 2 eta 4 urte zituzten, hurrenez hurren.

Hiltzaileak eta bi alabek 24 ordu eman zuten pisuan, emaztearen gorpua han zegoela. Irailaren 25eko goizaldean, akusatuak alde egin zuen etxetik, bi neskatoak han utzita, eta etxeko atea zabalik lagata. Odolez zikindutako jantziak eta bost aizto zakarretara bota zituen, eta gero, autobusa hartu eta Mutrikura (Gipuzkoa) alde egin zuen, han lagun batzuk zituelako. Ertzainek lagun horietako baten etxean aurkitu zuten, eta atxilotzera joan zirenean, akusatua leiho batetik alde egiten saiatu zen.

Kontakizun horretan oin hartuta, akusazioek oso zigor eskaera desberdinak eginzituzten. Fiskalak erailketa leporatu zion,senidetasun eta genero larrigarriekin, eta 25 urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Familiaren abokatu Jone Goirizelaia bat etorri zen eskaera horrekin, baina, gainera, beste zortzi urte eskatu zituen adin txikiko biak bakarrik lagatzeagatik, eta beste hiru urte, Maguette Mbeugouri «ohiko tratu txarra» emateagatik; 36 urteko zigor eskaera, orotara. Bizkaiko Foru Aldundiaren akusazioa daraman Yolanda Gustran abokatuak ere hiru delitu leporatu zizkion akusatuari, baina «erailketa» barik «giza hilketa» egotzi zion, eta 25 urteko eskaera hamabost urtera jaitsi zuen: denera, 26 urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Eskaerarik handiena Bilboko Udalaren abokatu Marta Doradok egin zuen: familiaren akusazioak egotzitako delitu guztiak berresteaz gain, zortzi urteko beste zigor bat eskatu zuen, bi haurrei «lesio mentalak» eragiteagatik. Hortaz, 44 urteko zigorra eskatu zuen.

«Beldur gaindiezina»

Guztiz desberdina izan zen akusatuaren abokatuak egindako kontakizuna. Onartu zuen Bara N.-k emaztea hil zuela, baina argudiatu zuen «bidezko defentsan» eta «gainditu ezineko beldurrak» bultzatuta aritu zela: «Hemen denak izan dira biktima», esan zuen. Hilketa gertatu aurretik Mbeugouri ustez egin zizkion tratu txarren auzian ez sartzeko eskatu zien epaimahaikideei, «afera hori epaiturik dagoelako, eta epaia izan zen Bara errugabetzea».

Akusazioen eta defentsaren hitzaldien ostean, akusatuak deklarazioa egin zuen, eta saiatu zen abokatuak emandako bertsioa berresten. Esan zuenez, hura egongelan lo zegoen bitartean emaztea hara sartu zen eta aizto batekin eraso egin zion. Baina hortik aurrera ez zuen azalpen gehiagorik eman: akusazioek galdetu ziotenean nola zen posible emaztearen gorpuak 83 zauri izatea, edo ustezko liskar horretan aizto bakarra edo gehiago erabili ote ziren, akusatuak ez zuen erantzun nahi izan: «Oso gogorra egiten zait hori gogoratzea, eta ez diet horren inguruko galderei erantzungo», esan zuen.

Beste lekuko batzuek ere deklaratu zuten epaiketaren lehenengo saioan: bikotearen auzokideek, akusatuaren lagunek eta abarrek. Gaur eta bihar lekuko gehiagok deklaratuko dute, eta ondoren adituen txanda izango da. Epaiketa datorren astean amaitzea espero dute.

Maguette Mbeugouren neba Amadou Mbeugou Paristik etorri zen epaiketara. Aretora sartu aurretik adierazpenak egin zituen: «Gizon-emakumeek badute ezkontzea, eta banatzea ere bai, inor hil beharrik gabe. Egindakoa eginda dago, arreba ez da itzuliko, baina nahiko nuke honek balio izatea emakume gehiago hil ez ditzaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.