Tortura. Sandra Barrenetxearen salaketaren epaiketa

Akusatuek dena ukatu dute

Barrenetxea torturatzeaz akusatutako lau guardia zibilek esan dute hari emandako tratua «zuzena» izan zela, «Guardia Zibilak egiten dituen atxiloketa guztietan bezalaxe», eta dena «normala» izan zela

Akusatuen aulkian eserita, ezkerretik eskuinera, Ruben Villalba, Fernando Huete, Jose Carlos Arranz eta Jorge Rodriguez guardia zibilak, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Sandra Barrenetxea torturatzeaz akusaturiko lau guardia zibilek dena ukatu dute. Haien hitzetan, Barrenetxeari emandako tratua «zuzena» izan zen, «Guardia Zibilak atxilotutako guztiekin izaten den bezala», eta atxilotuta egon zen bitartean ez zuten tortura edo tratu txarren berririk izan.

2010eko irailean atxilotu zituzten Barrenetxea eta beste zortzi lagun, Ekineko kideak izatea egotzita. Den-denek salatu zuten torturatuak izan zirela Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon ziren bitartean, baina Barrenetxearen salaketak baino ez du aurrera egin. Akusazio partikularrak 19na urteko espetxe zigorrak eskatu ditu lau guardia zibilentzat: hamar, sexu erasoagatik; sei, torturengatik, eta hiru, lesioengatik. Atzo hasi zen epaiketa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian, eta ostiralera arte izango da.

Epaiketaren lehenengo saioan, lau guardia zibilen deklarazioa izan da esanguratsuena. Antzeko gidoiari jarraitu diote denek: uko egin diote akusazio partikularraren abokatu Jone Goirizelaiaren galderei erantzuteari, soilki defentsako abokatuaren eta fiskalaren galderei erantzun diete —fiskalak ez du akusaziorik aurkeztu, eta haren galderek akusazioak faltsuak direla frogatzea izan dute xede—, eta deklarazio labur eta zehaztasun handirik gabeak izan dira denak. Baina ukazioan irmo agertu dira: ez zen kolperik egon, ez zen sexu erasorik izan, atxilotuari ez zioten poltsa buruan ezarri, lo egiten utzi zioten. «Beti bezala», haien hitzetan.

Madrilerako bidaia

Jose Carlos Arranz Marina guardia zibilak Barrenetxearen atxiloketan eta etxebizitzaren miaketan parte hartu zuen, eta harekin batera joan zen Madrileraino auto berean, haren aldamenean eserita. Esan duenez, atxilotua Guardia Zibilaren Patrol batean eraman zuten Zornotzaraino (Bizkaia), eta han auto kamuflatu batera aldatu zuten. Barrenetxeak salatu du autoan bertan hasi zirela laidoak eta erasoak. Hark esandakoa ukatu du Arranzek: «Ez zen horrelakorik izan».

Jorge Rodriguez Iglesiasek eta Fernando Huete Chaparrok, berriz, Madrilen hartu zuten atxilotua, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusian. Rodriguezek esan du Barrenetxeari emandako tratua «zuzena» izan zela. Huetek, berriz, esan du Barrenetxearen egoera «normala» zela, «kontuan hartuta gau osoa identifikazio lanetan eman zuela eta gero Madrilera bidaia egin behar izan zuela». Erantsi du Barrenetxeak uko egin ziola kolaboratzeari, eta guardiei ez ziela utzi argazkirik eta DNA aztarnarik hartzen. Halaber, Huetek esan du auzitegiko medikuek Barrenetxea ikusi zutela eta ez zutela sumatu «ezer arrarorik».

Azkenik, Ruben Villalba Carnerero guardia zibilak deklaratu du. Diligentzien instruktorea izan zen polizia operazioan, eta behin baino gehiagotan nabarmendu du ez zuela harremanik izan Barrenetxearekin, deklarazioa hartu zion arte. «Hori izan zen auzi osoan izan nuen parte hartze bakarra», esan du. Barrenetxeak deklaratu zuenean, «akituta» zegoen, Villalbaren hitzetan, «baina besterik ez». Ofizioko abokatuak ere ez ei zuen ezer arrarorik sumatu, guardia zibilaren arabera. «Barrenetxeak ohiz kanpoko zerbaiten berri eman izan balu, guk hori gure txostenean jasoko genukeen», erantsi du.

Estatuaren abokaturik ez

Akusatuek deklaratu baino lehen, aldez aurretiko auziak ebatzi dituzte epaiketaren lehenengo saioan. Akusazio partikularraren abokatu Jone Goirizelaiak, esaterako, eskatu du Espainiako Estatuaren abokatuak auzian parte ez hartzeko. Esan duenez, bere garaian erabakiko dute estatuari gertatutakoagatik erantzukizun zibilak eskatuko ote dizkioten, baina, horrelakorik ez dagoen bitartean, ez du zentzurik esku hartzeak.

Epaimahaiak —Alfonso Gonzalez-Guija eta Juan Manuel Iruretagoiena magistratuek eta Reyes Goenaga presidenteak osatzen dute— aintzat hartu du Goirizelaiaren arrazoibidea, eta, hortaz, aurrerantzean Estatuaren abokatua epaiketatik kanpo geldituko da. «Gaur [atzo] hemen zaudenez, nahi baduzu gera zaitezke, baina hurrengo saioetan ez», esan dio presidenteak. «Errespetuz» baina oso haserre hartu du erabakia abokatuak: kexa egin du, esan du Goirizelaia «fede txarrez» aritu dela epaiketa hasi arte ez duelako auzi hori mahai gainean jarri, eta epaimahaiari eskatu dio akusazioaren abokatuari isuna jartzeko.

Aldez aurretiko gainerako auziak aldeek aurkeztu nahi izan dituzten frogen ingurukoak izan dira. Akusazio partikularrak, esaterako, hainbat froga aurkeztu nahi izan ditu: besteak beste, Europako Kontseiluko Giza Eskubideetarako Komisario izandako Alvaro Gil Roblesen txosten bat, Nazio Batuen Erakundeak torturen inguruan egindako zenbait ikerketa eta Paco Etxeberriaren taldea Eusko Jaurlaritzarentzat torturen inguruan egiten ari den txostenaren zenbait atal —bereziki, Barrenetxearen testigantzari dagozkionak—. Era berean, Benito Morentin eta Jon Mirena Landa adituak deklaratzera deitzeko eskatu du.

Goirizelaiak azaldu du eskaera horien guztien zergatia: aurreikusten du defentsaren argudio nagusia izango dela esatea tortura salaketak ETAren aginduei jarraikiz egiten direla, eta froga horien bidez erakutsi nahi zuen ez dela horrela eta giza eskubideen alorrean lan egiten duten nazioarteko erakunde askok sinesgarritasun osoa ematen dietela tortura salaketei. Defentsak, fiskalak eta Estatuaren abokatuak bat egin dute, eta akusazioak aurkezturiko frogak aintzat ez hartzeko eskatu diote epaimahaiari.

Defentsak ere hainbat froga aurkeztu ditu, epaimahaiak aintzat har ditzan; froga horiek zantzu batzuk eskaintzen dituzte defentsak hartuko duen estrategiaz. Esaterako, eta akusazioak iragarri bezala, Guardia Zibilak egindako txosten bat eta beste zenbait agiri aurkeztu dituzte, tortura salaketak ETAk agindutakoak direla frogatzeko asmoz.

Ekin auziko epaia ere ekarri du defentsak hizpidera: 2016ko maiatzean akordio bat egin zuten 2010eko sarekadan atxilotutakoek eta fiskalak, eta, akordio horren ondorioz, auzipetuek akusazioa onartu zuten zigorra murriztearen truke —urtebete eta bederatzi hilabetekoa izan zen Barrenetxearen kasuan— Epai hori erabili nahi du defentsak argudiatzeko Barrenetxea ETAkoa zela, eta akusazio hori «bere borondatez» aitortu zuela fiskalarekin akordioa izenpetu zuenean.

Halaber, Olatz Barrenetxea psikologoaren testigantzari sinesgarritasuna kentzeko asmoz, beste zenbait froga aurkeztu nahi izan dituzte; esaterako, psikologoa EAE-ANV alderdiaren hauteskunde zerrendetan (2007. urtean) agertzen zela erakusten duten agiriak. Defentsaren abokatu Carlos Aguilar Fernandezek uste du Barrenetxeak pairatzen dituen kalte psikologikoak Ekin auziko auzibideak eta kartzelara joateko aukerak eragindakoak izan daitezkeela, eta ez derrigorrez torturaren ondorio.

Ordu erdiko etenaldia egin du epaimahaiak defentsak eta akusazioak aurkezturiko eskaeren inguruan eztabaidatzeko. Ostean, Goenagak eman du erabakiaren berri: eskaera guztiak atzera bota dituzte, akusazioarenak zein defentsarenak. Epaimahaikideen aburuz, lehenagotik ere froga asko aurkeztu dituzte —«gainezka» egin arte, esan dutenez—, eta ez diote zentzurik ikusten gehiago aurkezteari, «ezer berririk ekarriko ez lukeela kontuan hartuta». Alde biek azaldu dute desadostasuna erabakiarekin, eta protesta egin dute.

Jende ugari egon da epaiketaren lehenengo saioan, akusatuen kideak batez ere, eta kazetari asko ere izan da aretoan.

Bideoa: Jone Goirizelaia abokatuaren azalpenak (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/_4cbfeAB9Vg[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.