Alakrana Bermeoko atunontziko (Bizkaia) tripulazioa aske dago, arrantzaleak aske dira, Espainiako Gobernuak erreskatea ordaindu ondoren. Hala jakinarazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak 14:25ean, Madrilen egindako agerraldian. Reuters berri agentziak dio erreskatea 2,3 milioi eurokoa izan dela. 47 eguneko bahiketa izan da.
Zapaterok esan duenez, ontziko arrantzaleak "onik" daude, eta aitortu du horien senideentzat "egun gogorrak eta zailak" izan direla.
Bahitzaileak dagoeneko Alakrana-tik irten direla jakinarazi du pirata batek, berri agentziak adierazi duenez. Hala balitz, tripulazioko kideak etzi heldu litezke Seychelle uharteetara.
Urriaren 2an bahitu zuten Indiako Ozeanoan, Somaliako kostatik 400en bat miliara. 36 kidek osatzen dute tripulazioa, eta zazpi euskal herritarrak dira.
Patroiaren iragarpena goizean
Gaur goizean, Ricardo Blach Alakrana-kopatroiak adierazi du bahiketa etzirako bukatuko dela uste zuela berak, eta ez du huts egin. Radio Nacional Espainiako irrati katean goizean esan du gaur ontzian zeudela bahitzaileen "buru guztiak", eta tripulazioko kide denak "ondo" daudela jakinarazi du. "Ez dut ezer gehiago esan nahi, 63 pirata ditugulako hemen", zioen Blachek irratian. Bahiketako ordainketaz zerbait ba al dakien galdetu diote, baina ez du erantzun.
Pedrazek ustezko bi bahitzaileak hartu ditu gaur
Atzo jakin zen Espainian preso dauden ustezko bi bahitzaileak auzitara eramango dituela Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta epaiketa bi aste barru hasi daiteke.
Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman presoak gaur hartu ditu epaileak, eta bukatutzat jo du sumarioa. Epaiketaren zain dira, beraz.
Pedrazek berak "albiste zoragarritzat" jo du bahiketaren bukaera.
Legez kanpoko 36 bahiketa delitu -eskifaikide bakoitzeko bat-, indarkeria erabiliz lapurtzea eta armak erabiltzea egozten diete atxilotuei. Ez die leporatu, berriz, legez kanpoko elkarteko kide izatea. Ziurrenik azaroa amaitu aurretik epaituko dituzte. Fiskaltzak iragarri du ez duela ustezko bi piratak kanporatzeko akordiorik onartuko, eta 200 urte baino gehiagoko zigorra eskatuko du haientzat.
alakrana auzia
'Alakrana' aske, 47 egunen ostean
Zapaterok baieztatu du albistea, 14:25ean. "Arrantzaleak onik daude". Reuters berri agentziaren arabera, Bermeoko atunontziko 36 lagunak 2,3 milioi euroren truke utzi dituzte libre. Urriaren 2an bahitu zuten Indiako Ozeanoan, Somaliako kostatik 400en bat miliara. Tripulazioko zazpi kide euskal herritarrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu