Hondarribiak (Gipuzkoa) berdintasun plan bat izango du, eta plan horretan herriko alardearen gatazka txertatuko dute. Zehazki, planean bi zeregin aipatu dituzte alardeari lotuta: alde batetik, alardearen gatazka konpontzeko bidean aurrera egitea, «berdintasunari lotutako auzi gisa ulertuta»; bestetik, alarde parekidearen alde eta emakumeen eskubideen defentsan aritutakoek pairatutako indarkeria aitortzeko moduak aztertzea. «Gatazkak izendatzea, desorekak aitortzea eta erakundeek erantzuna ematea eskatzen du berdintasunak», azaldu du Igor Enparan alkateak. «Horixe egiten ari gara. Hondarribiak ezin ditu begiak itxi».Â
Bigarren berdintasun plana aurkeztu du udal gobernuak. 2026tik 2029ra arte egongo da indarrean. Biharko udalbatzan bozkatuko dute, baita onartu ere, Abotsanitzek eta EH Bilduk gehiengo osoa baitute. Hala ere, babes zabalagoa lortu nahi dute. «Hondarribian ia dena dago egiteko, ez baita ezer egin», Garoa Lekuona bigarren alkateordearen arabera. Planak lau ardatz estrategiko ditu: genero ikuspegia udalaren jarduera guztietan txertatzea, emakumeen ahalduntzea, aurrera egitea erantzukidetasunean oinarritutako gizarte antolaketan eta zaintza ereduan, eta indarkeria matxistari buru egitea. 124 ekintza zehaztu dituzte ardatz horiek garatzeko.
Ez da gatazka konpontzeko tresna
Alardearen auzia kontuan hartuko dute berdintasun planean, baina plana ez da izango alardearen gatazka konpontzeko tresna. «Hiru hamarkadatan ezin izan dira berdintasun politikak aurrera eraman, alardearen gatazkak eztabaida guztia hartzen zuelako eta administrazioak ausardia falta izan duelako», esan du Estitxu Urtizberea alkateordeak orain arteko egoerari buruz, plana egiteko erabili duten diagnostikoan oinarrituta. Izan ere, berdintasun plana lantzeko prozesuan, alardea «bere espazio propioan» lantzea erabaki zuten. «Udalak baditu baliabideak horretarako», zehaztu du Urtizbereak. Alkateak argitu nahi izan du planaren helburua ez dela «gatazka konplexuak berehala konpontzea», gizarte eraldaketarako «norabide argi, koherente eta iraunkor bat» ezartzea baizik.Â
Enparanek nabarmendu du Emakunderen txostenak berariaz ezarri diela alardea berdintasun planean landu beharra. Txosten hori loteslea dela zehaztu du. Emakundek zera esan dio udalari: «Ezinbestekoa da herrian alardearen inguruan berdintasunaren ikuspegitik azaltzen diren erronkak, gatazka iturriak eta partaidetza desorekak jasotzea. Baita arlo horretan Hondarribiko Udalak eman ditzakeen erantzun publikoak eta esku hartze instituzionalak ere».
Udal ordezkariek azaldu dute alardea Hondarribian sakon errotutako tradizioa dela, herriaren nortasunaren parte dela eta balio sozial eta emozional handia duela. Hala ere, onartu dute badirela parte hartzearen eta genero rolen inguruko eztabaidak, eta eztabaida horiei dagozkiela planeko ekintzak. «Berdintasun politikek desorekak dauden esparru guztietan jardun behar dute, baita kultur arloan ere», Urtizberearen iritziz.
«Gizarte ohiturak ez dira estatikoak; denboran zehar eboluzionatzen dute, eta eraldatzen jarraituko dute», jarraitu du Lekuonak. «Eta bilakaera horrek bateragarria izan behar du gaur egun aitortzen ditugun oinarrizko eskubideekin, besteak beste, berdintasunarekin».
herritar guztientzako alardea
Irungo (Gipuzkoa) Alarde Parekidearen Batzordeak udalari eskatu dio herritar guztientzako alarde bat antola dezala aurten. Cristina Laborda alkateari gogoratu diote aurten 30 urte beteko direla emakume talde batek udalari alardearen ordenantza aldatzeko eskatu zionetik. Emakumeek alardean berdintasunez parte hartu ahal izateko egin zuten eskaera hori. Batzordeak uste du iritsi dela konpromiso hori betetzeko garaia, «udalak alarde parekidea sustatuta eta antolatuta». Nabarmendu dute ordenamendu juridiko guztiek gizonen eta emakumeen arteko berdintasun printzipioa ezartzen dutela, eta botere publikoen ardura dela berdintasuna sustatzea eta oztopoak gainditzea.Â
Â