arantxa iraola

Alardeetan, ez ikusiarena egiten

2026ko otsailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Edozein tokitan da artegagarria jakitea dozenaka pertsona kalean elkartu direla, builaka, eraso matxista bat zigortzeko erabakiaren kontra daudela adierazteko. Kasu honetan, alarde baztertzailearen testuinguruan izan dute zenbaitek jazarpenezko jarrera hori. Horregatik, erabateko zentzua du gogora ekartzeak jazarpenean oinarritutako bortxazko portaerak aurretik zenbat aldiz gertatu diren Irun eta Hondarribiko alardeen harira, eta zenbat aldiz erabaki den, hala ere, beste alde batera begiratzea: ez ikusiarena egitea.

Adibidez, normaltasun hitza erabiliz deskribatu nahi izan da azken urteotan Irun eta Hondarribiko alardeetako egoera. Ez ikusiarena egiteko modu bat izan da. Izan ere, hautu baztertzailea da oraindik nagusi bi herrietan, eta hautu horrek, gainera, babes ofizial handia izaten du. Hautu parekideen aldekoek egin dituzte udalek alardeen antolaketa berriz beren gain hartzeko eskakizunak, eta, hain justu ere, desfile parekideak aitortu eta goresteko era bat litzateke hori, besteen gainetik jartzekoa, baina ez da aurrerabiderik izan hor. Beraz, baztertzaileek oraindik ere modua dute urtero nagusi izateko, herrietako jaietan izaten diren ohore guztiak jasotzekoa eta hanpa-hanpa eginda erakustekoa. Emakundek eta EAEko Arartekoak berak urte askoan emandako irizpideak urratzen ari dira, eta, hala ere, modua ematen zaie nagusi direla sentitzeko. Urtero.

Egin dira ahaleginak egoerak bideratzeko. Baina halakoetan agertu den bortxa ere guztiz artegagarria da. Emakume askok eta gizon askok hautu parekidearen alde egiteagatik pairatu duten jazarpena, esaterako, jaso eta erregistratu beharko da egunen batean, eta erreparaziorako ahaleginak egin ere bai. Baina kezkagarria da ikustea bi udaletako batek ere ez duela horretarako urratsik egin oraindik. Artegagarria da jakitea, halaber, hainbat irakaslek bidea oztopoz beteta eduki dutela gai hau herriko ikastetxeetara eramaten ahalegindu direnean.

Ez ikusiarena egiteko ahalegin horretan, maiz nabarmendu nahi izaten da alardeen gatazkarekin lotutako indarkeria iraganeko kontua dela: gaindituta dagoela. Baina horra Hondarribiko alkate Igor Enparani gertatutakoa; 2024ko urriko kasua da, oso berria. Abotsanitz plataformarekin alkatetza lortu —aurrez hamarraldiak egin zituzten jeltzaleek udal gobernuan, hautu baztertzailearen alde beti—, eta aurrerabideak egiten saiatu zen alardearen auzian. Herritar guztiei kontatu zien horrek zer ondorio ekarri zizkion, eskutitz baten bidez: «Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina bat pairatu dut». Aztoragarria da alkateari gertatutakoa, eta argigarria. Udal agintari baten kontrako jazarpena hainbestekoa bada, zer ez du sentituko alarde parekidearen alde egitekotan dabilen nerabe batek, edo alarde baztertzailearen barruan aldaketak egin nahian dabilen herritar batek. Eta ez, ez da Hondarribiko arazoa hori; gatazkak —eta bereziki hautu parekidearen kontrako jazarpenak— antzekotasun handiak izan ditu beti bi herrietan, eta giroa oinazetsua da oraindik. Irungo alarde parekideko jeneral Maite Bergararen hitzak dira hauek, joan den udakoak: «Herria, eta oro har gizartea, hautsita dago. Errua ez da alde batena edo bestearena, errua hau gertatzea utzi duten politikariena da. Bidaso inguruan, ekainean eta irailean, lotsagabeki urratzen dira emakumeon eskubideak. Non gelditu da Berdintasun Legea? Nola da posible maila igualean jartzea araudia betetzen duen alardea eta betetzen ez duena? Hori ez da normaltasuna».

Alardeen auzia tarteko, ez ikusiarena egin da gehiegitan Irunen eta Hondarribian. Hori kontuan hartu gabe ezin dira ulertu kontatutako guztiak. Eta hobeto uler daiteke hainbat pertsonak zergatik sentitu duten, testuinguru horretan, arauak auzitan jar ditzaketela; nahi dutenean, nahi duten moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA