1. Atera ninteke etxetik?
Soilik zeregin jakin hauetarako:
a) Janaria, botikak edo behar-beharrezkoak direnak erosteko.
b) Osasun etxera joateko.
c) Lanera joateko.
d) Etxera itzultzeko.
e) Adinekoak, adingabeak, ezinduak, mendekotasunen bat dutenak edo larri dauden pertsonak zaintzera joateko.
f) Bankura, finantza etxera edo aseguru etxera joateko.
g) Arrazoi larriren batek edo behar handiren batek eraginda.
h) Aurrekoekin pareka litekeen egoeraren batean egonez gero, baina beti bakarrik, ez bada ezinduren bati edo etxetik bakarrik atera ezin duen pertsona bati laguntzeko.
i) Horiez gain, Ipar Euskal Herrian posible da etxetik ateratzea kirola bakarka egiteko, baina debekatuta dago taldeko kirolak egiteko kalera ateratzea —futbola, rugbia, eskubaloia...—. Hego Euskal Herrian ezin da kirola egitera irten.
j) Ipar Euskal Herrian beste betebehar bat erantsi dute: kalera irten nahi duenak agiri bat eduki beharko du, ziurtatzeko ezinbestekoa zaiola kalera ateratzea. Barne Ministerioaren webgunean eskuratu ahalko du agiri hori, baina eskuz ere egin ahal izango du.
Lanera joateko debekurik ez dago —ixteko agindutako negozioentzat izan ezik—, produkzioa eteteko agindurik ere ez, eta ahal den neurrian telelana egiteko aholkatu dute agintariek. Irekita dauden lantoki eta enpresetara joateko betekizuna normal mantentzen da, beraz, langile horientzat. Hala ere, lantegi handi askok itxi egin dute martxoaren 16tik aurrera: Volkswagen, Mercedes, Michelin, CAF, Irizar... Hego Euskal Herrian, ia 1.500 enpresak aurkeztu dituzte enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenak, lehen lau egunetan.
2. Atera ninteke paseatzera? Eta kirola egitera?
Hego Euskal Herrian, ez. Ipar Euskal Herrian, kirola egitera bakarka ateratzea posible da, baina taldean ez. Kaleko aisialdi ekintzak gelditzea eta herritarrak etxean gelditzea da helburua. Poliziek eskumena izango dute kalean dabiltzanak gelditzeko eta etxetik atera izana justifikatua dagoen edo ez egiaztatzeko. Espainiako Barne Ministerioak hartuko du polizia guztien kontrola eta koordinazioa. Frantziako Gobernuak, berriz, 100.000 polizia eta jendarme aterako ditu kalera.
3. Atera ninteke etxeko animalia paseatzera?
Bai. Baina ezin da aitzakia izan kalean paseatzeko edo kalean jendearekin elkartzeko. Etxetik gehiegi ez urruntzeko ere eskatzen ari dira.
4. Joan ninteke umeekin parkera?
Ez. Udal askok itxi egin dituzte, gainera.
5. Posible da lagunekin edo senideekin kalean gelditzea?
Ez.
6. Eta beste norbaiten etxera joan ninteke?
Ez. Mendekotasunen bat duen edo laguntza behar duen pertsona bati laguntzeko bada, bai, baina aisialdirako edo denbora-pasa gisa, ez.
7. Nire bigarren etxera joan ninteke egun hauek pasatzera?
Inola ere ez.
8. Isunik jar diezadakete aginduok betetzen ez baditut?
Bai. Hego Euskal Herrian, zigor arinetan, 100 eta 600 euro arteko isunak jar ditzakete; zigor gogorretan, hortik gora, eta 600.000 eurorainokoak izan ditzakete, larritasunaren arabera. Ipar Euskal Herrian, isunak 38 eta 135 euro artekoak izan daitezke. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ertzainek eta udaltzainek ia mila isun jarri dituzte konfinamenduaren lehen lau egunetan, eta hemezortzi pertsona atxilotu dituzte.
10. Uko egin diezaioket lanera joateari?
Gobernuek ez dute halakorik esan. Baina, Hegoaldean behintzat, egon liteke zirrikitu legal bat, adituen artean ere eztabaigai den arren: posible da lan arriskuen prebentzioaren legea erabiltzea, lan egiteari uko egiteko. Lege horren 21. artikuluak aipatzen du lantokian arrisku larri eta saihetsezin bat baldin badago eta enpresak horri aurre egiteko modurik ez baldin badu, langileak bere lanpostua utz dezakeela. Artikuluak, bistan denez, interpretazio anitz izan ditzake; zenbaitek uste dute arrisku egoera orokor bat ezin dela argudiatu, zehatza izan behar duela: adibidez, lantokian norbait gaixotu izana. Adituek zehaztu dute, halere: lanera ez joatea gauza bat da, eta behin lantokira joanda lana egiteari uko egitea, beste bat; lehen kasuan, kaleratu egin dezakete langilea. Inor zaindu behar izanez gero, eta beste aukerarik ez baldin badago, langile bakoitzak bere enpresarekin negoziatu beharko ditu baldintzak, lana uzteko, edo lanaldia murrizteko; lanaldi murrizketa horiek erraztuko dituztela agindu dute, baina ez dute diru sail jakinik jarri horiek laguntzeko.
12. Telelana egitera behartu nazakete?
Ez. Gobernuek aholkatu egin dute telelana egiteko, baina agindu, ez.
13. Enpresak behartu nazake orain oporrak hartzera?
Ez. Oporrak adostu egin behar dira enpresaren eta langilearen artean.
14. Autonomoek kuota edo zergak ordaintzeari utz diezaiokete?
Hegoaldean: kuota ordaintzeari utzi, ez; baina Espainiako Gobernuak onartu ditu neurri batzuk, zerga batzuen ordainketak atzeratzeko edo zatitzeko, sei hilabetean zehar, eta interesik gabe.
15. Hipoteka edo alokairua ordaintzeari utz diezaioket?
Koronabirusaren ondorioz diru sarrerak galdu dituztela edo langabezian gelditu direla frogatu ahal dutenek hipotekaren eta alokairuaren ordainketak atzeratzea eskatu ahal izango dute Hego Euskal Herrian.
16. Eta ura eta argindarra?
Diru sarrerak murrizturik dituzten autonomoek eta langabeek eskatu ahal izango dute ordainketak atzeratzea, Hegoaldean. Espainiako Gobernuak agindu du oinarrizko zerbitzu hornidurak —ura, argindarra, telekomunikazioak...— ezingo zaizkiela moztu herritarrei.
17. Autonomoek kuota berak ordaindu beharko dituzte? Zer laguntza izango dituzte?
Espainiako Gobernuak aukera jarri du, diru sarrerak erabat murriztu zaizkiela frogatzen badute, kuoten ordainketak txikitzeko, edo baita %100 gutxitzeko ere. Enpresa txiki eta ertainei %75 jaitsiko diete kuota. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ere laguntzak agindu dituzte autonomoentzat eta enpresa txikientzat: zergak atzeratu egingo dituzte, eta itzulketak —BEZa, adibidez— bizkortu egingo dituzte; PFEZaren autolikidazioak eta ordainketa zatikatuak eten egingo dituzte, berriz.
18. Enpresek zer laguntza jasoko dituzte?
Ipar Euskal Herriko enpresek atzeratu ahalko dituzte langileen gizarte kotizazioak eta zerga zuzenen ordainketak. Aldi baterako kaleratutako langileen soldatak ere ordainduko ditu estatuak, bi hilabetez. Enpresa txiki eta ertainentzat funts bat sortu dute, diru sarreren %70 edo gehiago galdu duten enpresei zuzenean laguntzak emateko. Argindarraren eta alokairuaren ordainketa ere atzeratu ahalko dute. Eta diru funts bat sortuko dute, enpresek likidezia izan dezaten beren ordainketak egiteko. Frantziak 45.000 milioi euro jarriko ditu horretarako.
19. Debeku hauekin, nola jokatu behar dut kalera atera behar badut?
Jende pilaketak saihestea da helburuetako bat, gaitza azkar hedatu ez dadin. Jendearengandik gutxienez metro bateko distantzia eta ahal bada bi metrokoa gorde behar da, pilaketak saihestuz, eta ahalik eta denbora gutxiena eginez leku itxietan. Higiene neurriak ere zaindu behar dira. Hortik aurrera, ez dute zehaztu beste neurririk oraingoz.
20. Zer denda egongo dira zabalik?
Lehen mailako beharrak asetzeko dendak soilik. Espainiako Gobernuaren dekretuak zehaztutakoaren arabera, janari eta edari dendak, farmaziak, zentro medikoak, optikak, ortopediak, garbiketa eta higiene produktuen dendak, ile apaindegiak, tindategiak eta arropa garbitegiak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, produktu eta zerbitzu teknologikoak eta telekomunikazioak saltzen dituztenak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, eta Internet, telefono edo posta zerbitzuak ematen dituztenak. Frantziako Gobernuak, bi egun geroago, antzeko irizpideak jarri ditu: "ezinbestekoak" ez diren denda eta zerbitzu guztiak itxita daude. Jatetxe, taberna eta ostatu guztiak itxita daude, salbu etxerako janaria prestatu eta banatzen dutenak. Eta hotelak pixkanaka ixten joango dira, haietan zeuden bezeroak joan arau. Poliziek eskumena izango dute denda eta ostatuak ixteko, eta denden inguruan sor daitezkeen pilaketak sakabanatzeko.
21. Nola jokatu behar dute irekiko duten denden jabeek?
Ez dute aholku zehatzik eman; soilik esan dute gutxienez metro bateko distantzia gordetzeko bezeroengandik. Ez dute argitu dendariek maskarak eta eskularruak erabili behar dituzten edo beste neurririk hartu behar duten. Dendari gehienak, ordea, hasi dira babes neurriak hartzen beren kasa.
22. Ezin naiz etxetik irten, eta ez daukat nork lagundu...
Herri mugimendu eta udal asko elkartasun sareak antolatzen ari dira, etxetik atera ezin direnei laguntzeko, janaria erosteko, edo botikak, edo beharrezko duten beste edozer. Jarri harremanetan zure herriko mugimenduekin edo udalarekin, jakiteko inguruan halako talderik baden. Eusko Jaurlaritza ere hasi da boluntario sare bat antolatzen, etxean bakarrik dauden adinekoei, ezinduei eta egoera zaurgarrian daudenei laguntzeko. Guztion Artean izena du zerbitzu horrek, eta telefono bat jarri dute: 945-22 22 22.
23. Zer gertatzen da kultur ekintzekin, aisialdiarekin eta gurtza tokiekin?
Debekatuta daude kultur, kirol eta aisialdi ekintzak, eta itxita daude kultur ekintzetarako areto guztiak —museoak, kontzertu aretoak, kultur etxeak...—. Kirol ekintza guztiak ere bertan behera gelditu dira, profesionalak, amateurrak eta umeenak, eta kirol instalazio publiko eta pribatuak itxita daude. Konfinamendua agindu dute gobernuek, eta ezin da aisialdirako etxetik atera. Jaiak, festak, berbenak, segizioak eta antzekoak ere debekatuta daude. Gurtza tokiak ere ixteko agindu du Eusko Jaurlaritzak. Nafarroan ez dute halakorik agindu. Meskitak eta eliza ebanjelistak itxi egingo dituztela esan dute, baina eliza katolikoak irekita mantentzeko asmotan daude, ofiziorik ez izan arren, banaka otoitz egiteko aukera emateko —gobernuaren dekretuak ez du zehazten, ordea, otoitz egitera joateko etxetik atera ote litekeen—. Ezkontzak, bataioak eta halakoak ere atzeratzeko agindu dute. Hiletak jende multzo txikiekin egingo dira, familiartekoekin soilik.
24. Eta protestekin?
Bertan behera gelditu dira indarrean zeuden greba gehienak eta kaleko protestak. Espainiako Gobernuaren dekretua irakurrita, ulertzen da alarma egoerak iraun bitartean ez dutela kalean protestak egiteko baimenik emango. Konfinamendua indarrean jarri denetik, etxeko balkoietara aterata egin dira azkeneko protestak, kazolak joz edo txaloak joz; hala salatu dira Soraluzeko (Gipuzkoa) hilketa matxista eta Espainiako erregearen martxoaren 18ko diskurtsoa.
25. Irekita daude udal zerbitzuak?
Ez. Itxita daude kiroldegiak, liburutegiak, gazte txokoak, helduen irakaskuntza, erretiratuen zentroak... Zerbitzu munizipal publiko guztiak. Herritarren arretarako bulegoak irekita daude herri batzuetan, baina beste batzuetan ez, eta telefonoz deitzeko eskatzen ari dira. Babesak hartuta ari dira bulego horietako langileak ere. Udalean tramiteren bat egin behar izanez gero, badaezpada aurrena deitu telefonoz, jakiteko udal bakoitza zer-nolako baldintzatan ari den lanean.
26. Eta zahar etxeak eta eguneko zentroak?
Eguneko zentroak itxita daude, eta zaharren egoitzak ere bai bisitarientzat. Telefonoz ari dira harremana ziurtatzen saiatzen. Behar larriren bat izanez gero, deitu telefonoz egoitza bakoitzera, zer egoeratan dagoen jakiteko.
27. Zer gertatuko da ikastetxeekin eta azterketekin?
Martxoaren 13an itxi zituzten Hego Euskal Herrian —Araban, hilaren 11n—, eta martxoaren 16an itxi dituzte Ipar Euskal Herrian. Hezkuntza zentro guztiak, pribatuak zein publikoak, umeentzakoak nahiz helduentzakoak, arautuak edo ez, zarratuta daude, eta hala jarraituko dute hurrengo bi asteetan gutxienez; Eusko Jaurlaritzak esan du ez dagoela berriz irekitzeko epe jakinik. «Ahal den neurrian» online hezkuntza bermatzeko eskatu du Espainiako Gobernuak. Euskaltegiak ere itxita daude, eta euskara gaitasun azterketekin zer gertatuko den ez dute argitu oraindik —martxoaren 25ean hastekoak ziren, baina atzeratu egingo dira noski—. Hegoaldean, unibertsitatera sartzeko hautaproba ere atzeratu egin dute. Eskoletako jangelen kuotak, berriz, bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak.
28. Eta hitzordu medikoekin?
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bertan behera utzi dituzte herritarrek medikuekin zituzten zitak, presazkoak edo larriak ez zirenak behintzat. Egoera larriren bat tarteko bada, mantenduko dituzte zitak, eta haurdunei eta onkologian daudenei arreta bermatuko dietela ziurtatu dute; Sintrom hartzen ari direnei eta diabetesa dutenei ere kontrolak egingo dizkiete. Zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan medikuarekin edo herriko osasun etxearekin. Larrialdiak ez gainezkatzeko eskatu dute, eta herriko osasun etxean kurak egiten zizkietenei osasun etxera deitzeko eskatu diete.
29. Koronabirusa ez den beste gaitzen bat harrapatzen badut, zer egin behar dut?
Larria baldin bada soilik jo behar da larrialdi zerbitzuetara. Bestela, inora joan aurretik, herriko osasun etxearekin harremanetan jarri aurrena, jakiteko nora jo behar den. Pediatrak eta familia medikuak telefono bidez ari dira artatzen ahal diren kasu guztiak.
30. Eta koronabirusaren edo gripe baten sintomak garatzen baditut?
Eztula, sukarra, eztarriko mina... dira sintoma ohikoenak. Halakorik nabarituz gero zer egin behar den, hemen bildu ditugu aholkuak.
31. Nola hartu behar ditut gaixo baimenaren paperak gaixotzen banaiz?
Ez dute konpondu hori. Norberak joan behar du gaixo baimenaren paperak hartzera, herriko osasun etxera. Baina koronabirusaren sintomak izanez gero, inolaz ere ezin du etxetik atera gaixoak; ahal badu, bere gelatik ere ez. Baina harekin bizi direnek ere ezin dute etxetik atera, itxialdian egon behar dute. Osasun etxe askotan, ordea, eskatzen ari dira bertara joateko paperen bila; konfinamendua hausteko eskatzen ari dira, beraz.
32. Har dezaket ibilgailu pribatua?
Etxetik ateratzeko baldintzen barruan baldin bada —lanera edo erosketak egitera joateko, osasun etxera joateko...—, posible da. Gasolina hartzera joateko ere bai. Autoa hartuz gero, bakarrik joateko agindu dute. Ezinezkoa bada bakarrik joatea, gidariaren atzeko eserlekuan eta kontrako lekuan eseri behar du bidaialagunak. Poliziek kontrolatu eta mugatu ahalko dituzte mugimendu horiek. Errepideen eta zirkulazioaren kontrola ere edukiko dute, eta zirkulazioa mugatu ahalko dute hala erabakiz gero.
33. TAOa ordaindu behar dut?
Udal batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Donostiak eta Bilbok TAOa kobratzen jarraituko dute; Gasteizek eta Iruñeak, ez. Udal bakoitzak bere kasa hartu ditu erabakiak.
34. Erabil dezaket garraio publikoa?
Zehaztutako baldintzen barruan kalera ateratzea ezinbestekoa bada, bai. Lanera edo oinarrizko zerbitzuak hartzera joateko garraioa bermatuko dutela ziurtatu dute agintariek, baina zerbitzu batzuk murriztuko dituztela ere esan dute. Euskal Garraio Agintaritzak, adibidez, %40 eta %60 artean murriztu ditu zerbitzuak —autobus gehienak, tranbiak, Bilboko metroa, Euskotren...—. Baina martxoaren 16an istiluak izan dira, bidaiariek metatuta ibili behar izan dutelako, Bilboko metroan adibidez, eta garraio agintaritzak erabakia zuzendu du, eta oraingoz zerbitzu guztiei eustea erabaki du. Renferen aldirietako zerbitzuek, berriz, maiztasunari eutsiko diote; ibilbide luzeagoko zerbitzuak erdira murriztuko dituzte. Euskal Elkargoak autobus zerbitzu batzuk ere urritu dituzte. Hurrengo egunetan aldaketak izan litezke, hala ere. Edozein moduz, garraio publikoa erabiliko duten bidaiarien artean ahalik eta tarte handiena uzten saiatu behar dela zehaztu dute, gutxienez metro bateko tarte bat. Ez dute erabat argitu hori nola bermatuko duten. Taxi zerbitzu gehienak, berriz, murriztu egin dituzte, Iruñean adibidez.
35. Txanponak erabil ditzaket garraio publikoa ordaintzeko?
Ez. Txartelekin ordaintzeko agindu dute, gidariak babesteko, dirua ere birusaren eroale izan litekeelako. Gainera, autobusetara erdiko atetik edo atzeko atetik sartu beharko da. Ibilgailuen jabeei agindu diete ibilgailuak egunero garbitzeko. Espainiako Garraio Ministerioak hartuko du zerbitzuen kontrola Hegoaldean.
36. Muga itxi dute?
Kontrolak jarri dituzte. Hegoaldearen eta Iparraldearen artean mugitzeko, ziurtatu beharko da lanerako dela edo behar handi batek eraginda. Aldiz, salgaientzat irekita egongo dira mugak. Europak bere kanpo mugak ixtea erabaki du. Beren sorlekutik kanpo gelditu dira zenbait euskal herritar. Haiek etxera itzultzeko bideak bilatzen ari dira, herrialde askok debekatu egin dituztelako Euskal Herrirako hegaldiak.
37. Zer gertatuko da tramite legalekin?
Eten egingo dira prozedura guztiak, alarma egoerak iraun bitartean. Alegia, alarma egoerak iraungo duen egun hauek ez dira egun natural gisa kontatuko prozedura judizialetarako, administrazio publikoarekin abian diren tramiteetarako, preskripzioetarako, iraungipenetarako... Tramite guztiak ez dira erabat geldituko, ordea, eta zuhurrena da dagokion administrazioarekin harremanetan jartzea, izapide bakoitzaren egoeragatik galdetzeko.
38. Hornidura bermatua egongo da?
Baietz ziurtatu dute agintariek. Energia, petrolioa, gasa eta «zerbitzu kritikoak» bermatzeko neurriak hartuko dituela iragarri dute, batetik. Beharrezko gaiak —janaria, botikak...— iritsiko direla ziurtatzeko, garraiolariei ordu mugak kendu dizkiete, eta gobernuek aukera izango dute errekisatzeak egiteko —lantegiak, haztegiak, hiltegiak, industriak...— edo langileak zein enpresak lanera behartzeko.
Polemika sortu da, herrietako merkatu asko itxi eta baserritarrei beren produktuak saltzea oztopatu dietelako, baina, aldi berean, hipermerkatuak irekirik daudelako. Ordiziako merkatuak (Gipuzkoa) bide bat ireki du, era horretako azokak egin ahal izateko, segurtasun neurriak hartuta. Litekeena da hurrengo asteetan horrelako merkatu batzuk berreskuratu ahal izatea.
39. Osasun zerbitzuak nola kudeatuko dira?
Espainiako Osasun Ministerioak hartu du agintea Hegoaldean. Osasun arloko langileei erabateko disposizioa izateko agindu die, eta beharren arabera langileak leku batera edo bestera mugituko dituela esan du. Lanaldiak luzarazteko bidea ere jarri du. Beharrezkoa baldin bada osasun zerbitzu pribatuak erabiltzeko agintea ere hartu du, eta autonomia erkidegoen esku utzi du aukera hori. Erretiroa hartutako langileak eta barruko mediku egoiliarrak lanerako hartzea ere aztertzen ari dira, bestalde. Euskal Herrian oraingoz ez, baina Espainian, hotel batzuetan gaixoak sartzen hasiak dira.
40. Orain arte osasun etxean hartzen banituen botikak, orain nora jo behar dut?
Gaitz kronikoak eta tratamendu iraunkorrak dituztenei botika zerrendak osatzen dizkiete osasun zerbitzuek, baina aldatu egingo da hori. Osakidetzak jakinarazi du tratamendu horiek jasotzen dituztenekin harremanetan jarriko direla, nora jo behar duten jakiteko, baina eskatu du ez joateko, orain arte bezala, herriko osasun etxera.
41. Eta zaintza partekatuarekin zer gertatuko da?
Nafarroako familia arloko epaileek eman dute ebazpen bat: eskatu dute larrialdi egoera ez baliatzeko zaintza partekaturako epaietan zehaztutako baldintzak, eta horiei eustea aholkatu dute. Astean zeharreko bisitak ez egitea aholkatu dute, umea ez bada beste gurasoaren etxean lotan geratzekoa behintzat, eta familiak elkartzeko puntuak ez erabiltzeko ere esan dute.
42. Armada ikusiko dugu kalean?
Espainiako Gobernuaren dekretuak ez zuen halakorik esaten zuzenean, eta Macronek ere ez zituen hitzez hitz aipatu, baina gerta liteke. Hegoaldean, alarma egoerak iraun artean, autoritate agente izango dira soldaduak, eta horrek esan nahi du ordena publikoko zereginak ere hartu ahalko dituela armadak kalean. Osasun zerbitzuak bermatzeko edo hornidura bermatzeko, adibidez, armadak esku har dezakeela aipatzen du Espainiaren dekretuak. Soldadu batzuk atera zituzten Gasteizen kalera, baina gero ez dira gehiago agertu.
43. Eta poliziekin zer gertatuko da?
Espainiako Barne Ministerioak hartu du Hegoaldeko polizia guztien gaineko agintea, baita ertzain, foruzain eta udaltzainen gainekoa ere. Segurtasun junten bidez koordinatuko dituzte zereginak. Polizien jarduna luzatzeko eta zerbitzu bereziak eginarazteko bidea ere jarri dute.
44. Noiz arte iraungo du honek?
Martxoaren 15ean sartu da konfinamendua indarrean Hegoaldean, eta martxoaren 17an Iparraldean, eta gutxienez hamabost eguneko iraupena izango du —martxoaren 29 arte eta 31 arte, hurrenez hurren—. Espainiako Gobernuak luzatzeko aukera izango du, eta martxoaren 25ean aztertuko du Kongresuak aukera hori. Era berean, orain arte zehaztu ez diren egoerak argitzeko edo xehatzeko, edo orain arte hartutako neurriak aldatzeko, dekretu zehatzak erabaki ahalko dituzte gobernuek. Espainiak dagoeneko esan du agindu hau hamabost egunetik gora luzatuko dela aise; Txinak bi hilabetez eutsi dio konfinamendu zorrotzari, adibidez.
45. Nola antolatu dezaket konfinamendua etxean?
Izar Arregi psikologo kliniko eta familia terapeutak aholku hauek eman ditu.
46. Zer gertatzen da autonomia erkidegoen eskumenekin?
Alarma egoera ezarrita, Espainiako Gobernuko presidenteak hartu du agintea, eta beste lau ministeriorekin gidatuko ditu alarma egoerari buruzkoak: Defentsa Ministerioa, Barne Ministerioa, Garraio Ministerioa eta Osasun Ministerioa. Neurriak ezarri ahal izango dituzte autonomia erkidegoen gainetik, baina zehaztu dute autonomia erkidegoek, beren eskumenei jarraituz, neurriok osatzeko erabakiak hartu ahal izango dituztela. Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak salatu dute 155. artikulua ezartzen ari dela Espainia, saiheska.
47. Eta Frantzian abian ziren erreformekin?
Oraingoz, tramitazioa eten egingo dute. Hainbeste protesta eta liskar sortu dituen pentsioen erreformaren tramitazioa ere eten egin du Frantziako Gobernuak oraingoz.