Ipar Itsasoko Brent upela, Europako findegien erreferentzia nagusia, 2 dolarretik gora garestitu zen Londresko ICE petrolio merkatuan atzo. Goizean 77,73 dolarretara ailegatu zen, baina han ez zen igoera eten, eta azkenean 78,30 dolarreko prezioan amaitu zuen. Beste errekor bat hausteaz gain, 80 dolarreko preziora hurbiltzen ari da urre beltza. Kontuan izan behar da apiriletik 65 dolarretik ez dela jaitsi, eta ekaina erdialdetik 70 dolarretik ez duela behera egin.
Urduritasun handia sortu du British Petroleumen erabakiak, izan ere, Alaskan itxitako hobia Ameriketako Estatu Batuetako handiena da. Ondorioz, 400.000 upel merkaturatu gabe geratuko dira. Estatu Batuetako petrolio ekoizpenaren %8 adina da hori. Etena behin-behinekoa bada ere konpainiak ez du zehaztu noiz itzuliko den normaltasunera.
Ikuskatzaileek Alaskako petroliobidean «korrosio handiko» zantzuak topatu dituzte, eta horrek BP petrolio hobia ixtera behartu du. Martxoaz geroztik, konpainia hori bera ikerketapean dago Texasko findegian leherketa batek 15 langile hil eta beste 500 zauritu ostean. Konpainiak ezbehar lazgarria izan zela eta bere operazio guztiak seguruak direla argudiatzen du. Hala ere, konpaniari gogor kritikatu zaio Estatu Batuetan, eta batez ere Alaskan, azpiegituren gaineko oso mantenimendu txikia egin izan duelako.
ERRESERBA ESTRATEGIKOAK. Itxierak kalte handia egin dezake Estatu Batuetan, han kontsumitzen den petrolioaren %8 adina ekoitzi ohi delako Prudhoe badian. Kaltea are handiago izan daiteke, estatubatuarrek gasolina gehien kontsumitzen duten urtaroa delako uda. Horregatik,Bob Malone BPren AEBetako buruzagiak barkamena eskatu du: «Sentitzen dugu erabaki hau hartu behar izatea, eta barkamena eskatzen dugu».
AEBetako Gobernuak erabaki du erreserba estrategikoak erabiltzea.1973ko petrolio krisiaren ondoren sortu zen, hornidura eteten zenean erabiltzeko. Gaur egun, Mexikoko Golkoko biltegietan 688 milioi upel inguru daude gordeta. Dena den, oso gutxitan erabili izan da. Azkeneko aldiz Katrina urakanak eragindako kalteak saihesteko erabili zen.
Azken hilabeteetan petrolio merkatuen gain dagoen Damoclosen ezpata gogoratu die salerosleei atzoko albisteak. Kontsumoa igo eta igo ari da eta horri erantzuteko ahalmena pixkana urritzen ari da. Hortaz, munduko edozein bazterretan hornidura etengo den berriek ezinegona sortzen dute.
Tetsu Emori aholkulari japoniarrak ohartarazi du egunean Alaskako eguneko 400.000 upeleko ekoizpen horiez edukitzeak prezioetan eragin handia eduki dezakeela: «Egungo egoera ikusita, prezioak beste hamar dolar garestitu daitezke. Baina ezin esan dezakegu zenbateko eragina izango duten, produkzio zenbat murriztuko den jakin arte». Hortaz, erabakigarria izan daiteke Alaskako hobiarenitxieraren iraupena.
Erregaiaren prezioa
0,992 Espainiako Industria Ministerioak ez du jada batez besteko daturik ematen, baina hona hemen konpainien prezio batzuk:Repsol-YPF. Hego Euskal Herrian gasolindegi gehien dituen taldeak ditu prezio garestienak batez beste. Gasolio litroa atzo 0,992 eurotan eta 0,997 eurotan salerosi zuen (azkeneko hori batez ere Gipuzkoan, Nafarroa iparraldean, eta Bizkaia mendebaldean). Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako zenbait gasolindegitan ere 0,982eurotan saldu zuen. 95 oktanoko berunik gabeko gasolina litroa, berriz, 1,119 eurotan eta 1,129 eurotan jarri zuen.
Cepsa. 0,987 eurotan zuen atzo gasolina batez beste. Gipuzkoan toki batzuetan 0,993 euroan, eta beste lurraldeetan 0,982 edo 0,985 eurotan ere bai. 95 oktanoko gasolina litroan 1,121 eta 1,147 euro arteko prezioak jarri zituen atzo.
Esso. Gasolioan aldaketa handiak, 0,956 eta 0,986 euro arteko prezioak. Eta 95 oktanoko gasolinak atzo 1,112 edo 1,122 euro balio zituen.
Agip. Repsolen antzera. Gasolinan 0,992 eta 0,997 euro arteko prezioak zituen, baina gasolindegi jakin batzuetan 0,982ra edo 0,972ra ere jaitsi zuen. Gasolinan, berriz, 1,129 eta 1,132 euroko prezioak zituen batez beste.
Eroski. Erregai litro merkeena du. Gasolina 0,969 eurotan eta gasolina 1,099 eurotan.
Carrefour. Erregai litro garestiena, baina uztaila bukaerako datuak dira. Gasolioa 1,019 eurotan dago, eta gasolina litroa 1,059 eurotan.