Sumarren lehendakarigai Alba Garciak azaldu du «begirada luzeko» proiektu gisa aurkeztuko dela koalizioa Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Adierazi du «garai politikoaren irakurketa ezberdinak» egin dituztela Sumarrek eta Ahal Dugu-k, eta hori izan dela akordio faltaren arrazoia, «auzi zehatzetatik» haratago: «Lengoaia eta estilo aldaketa batean pentsatzen duen proposamen bat egin dugu guk». Hori zehaztuta, herritarren «kezkez» hitz egiteko garaia dela azaldu du.
Garcia Elkarrekin Podemos koalizioko langilea zen Sumarreko lehendakarigai izango zela argitu zen arte. Halere, nabarmendu du «espazioarentzat» egiten zuela lan, eta «independentzia politikoa» zuela. Hartara, Sumarren alde eginiko apustua berretsi du Radio Euskadin egindako elkarrizketan, berarentzat «erronka eder bat» dela esanez.
Hautagaitza hartan Ahal Dugu-k parte ez hartzearen inguruan, berriz, azaldu du konfiantza faltagatik aldendu dituela Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak, batetik, eta Ahal Dugu, bestetik: «Akordio bat dagoenean, oinarria konfiantza da. Hori eman ezin bada, ez dago inora joaterik». Iradoki du Ahal Dugu-k ez zuela «autonomia osoa» erabaki bat hartzeko, eta, ondorioz, ezin zutela bermatu beste hiru alderdien artekoa bezalako «leialtasun iraunkor bat».
Azken asteetan argitaratutako inkestek iradoki duten arren banaketaren eraginez botoak eta eserlekuak galduko dituztela, Garciak uste du egoera «aldakorra» dela, eta agerikoa dela «ezkerreko espazio aurrerakoi ez nazionalistak» baduela «zoru garrantzitsu bat» botoei dagokionez.
Hala, Sumarren lehendakarigaiak edukiei erreparatzeko garaia dela nabarmendu du, herritarrei euren proposamena ezagutarazteko. Garciaren esanetan, euren helburua da herritarrek antzematea «euren bizitzak hobetzeko» lanean ari direla, eta horretarako «baliagarritasun politikoa berreskuratzea» ezinbestekotzat jo du: «Gutxiago hitz egin gutaz, eta gehiago jendearen ardurez».
Osakidetzaren egoera hizpide, Garciak adierazi du urteetan «koroaren harribitxia» izan dena «garai txar batean» dagoela egun: «Eta errua arduradunena da». Haren ustez, Eusko Jaurlaritzak pribatizazioaren aldeko hautua egin du, eta horrek langileen prekarizazioa eta herritarren arteko desparekotasuna eragin ditu: «Oso larria da klase desparekotasun bat egotea, eta horretara garamatza gobernu honek».
Horren harira, defendatu du publikoa «oinarrizkoa» dela gizarte justuago bat eraikitzeko: «Gauza bat da zenbat inbertitzen duzun, eta beste bat nola. Erresonantzia bat edo operazio bat egitera klinika pribatuetara bidaltzen zaituzte. Garbiketa eta jangelak ere pribatizatuta daude, eta, beraz, egoera txarrean».
Era berean, hezkuntza publikoaren aldeko aldarria egin du Garciak, esanez euren «espazio politikoa» —Ahal Dugu barne— dela hura defendatzen duen bakarra. Hala, Hezkuntza Legea kritikatu du, «etsigarritzat» jota: «Segregatzen eta itunpeko ikastetxeen sarea elikatzen jarraitzen duelako».
Segurtasunari erreparatuta, berriz, kritikatu du hura gai zehatz batzuetara mugatzea, ezinbestekotzat jotzen dituen beste zenbait kanpoan utzita: «Bizi baldintzak, auzoen egoera, hirietako segurtasun eredua...».
Gero, «edukiaz»
Garciak ez du zehaztu Sumarrek norekin itundu nahi duen hauteskundeen ostean, eta «edukiaz» aritzeko beharra nabarmendu du. Azaldu du eurena «indar aurrerakoi bat» dela, eta bide hori jorratuko dutela balizko akordioetan.
Garciak gaineratu du «harritu» egin zuela EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandiano EAJrekin akordio bat egiteko prest azaldu izana, baina ez du baztertu Sumarrek ere jeltzaleekin eseri eta akordioak egiteko aukera, nahiz eta uste duen «politika kontserbadoreak» egiten dituztela, «eredu pribatizatzaile» batekin: «Eredu bat zeinetan garrantzitsua den kontu korrontean duzun dirua».