Atxiloketak

Alberto Lopez bost egunez izan du Guardia Zibilak inkomunikatuta inork jakin gabe

Tarte horretan erietxera eraman behar izan dutela eta torturak jasan dituela salatu du Askatasunak. Gazte hori espetxeratzeko agindua eman zuen atzo Grande Marlaskak, Segikoa eta ondorioz "erakunde terroristako" kidea izatea egotzita. Azken egunetan zazpi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Nafarroan eta bart beste bi atzematen saiatu da Lesakan eta Elizondon.

2008ko irailaren 2a
18:52
Entzun
Joan den astean hasita sarekada handia egiten ari da Guardia Zibila Nafarroan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. Astebetean zazpi gazte atxilotu dituzte, eta bart beste biren bila joan dira Lesakan eta Elizondon.

Gainera, gazte horietako bat bost egunez izan dute atxilotuta eta inkomunikatuta inori horren berririk eman gabe. Hain zuzen ere, atzo jakin zen Alberto Lopez atxilotuta zegoela, epailearengana eraman ostean. Askatasunak gaur zehaztu duenez, joan den asteazkenean atzeman zuten Lopez, eta arestian aipatu bezala, atzo arte ez zuten jakinarazi. Inork jakin gabe atxilotuta eta inkomunikatuta egon den bost egunetan torturak eta tratu txarrak jasan dituela eta gaizki zegoenez erietxera eraman behar izan dutela erantsi du Askatasunak. Atzo Lopez baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen Marlaskak, Segikoa eta ondorioz "erakunde terroristako" kidea izatea leporatuta.

Orain arte zazpi dira atxilotutak, baina operazioak zabalik jarraitzen du eta bart Lesakan eta Elizondon beste bi gazte atxilotzen saiatu dira.

Lesakan Andoni Sarasola atzematen ahalegindu dira, "erakunde terroristako" kidea delakoan, baina gaztea ez zegoen bertan. Etxea miatu dute guardia zibilek, eta Andoni Sarasolaren hainbat gauza eraman dituzte. Elizondon, berriz, Ernesto Prat Berriozarko bizilaguna atxilotzera joan dira, baina hura ere ez zen etxean. Etxea miatu eta gauza batzuk eraman dituzte poliziek.

Lehendabizi, Xabier Sagardoi eta Luis Goñi atxilotu zituzten Barañainen, abuztuaren 24an,eta kartzelan sartu zituen Grande Marlaskak, baldintza gabe, Segikoak eta, ondorioz, "erakunde terroristako" kideak izatea egotzita. Halaber, kale erasoak leporatzen dizkie. Bi gazteek torturak salatu zituzten.



Azkeneko asteburuan, berriz, bost gazte atzeman zituzten: Maider Caminos Astrainen, Amaia Legarra Gartzarunen, Maitane Intxaurraga, Noe Lopez Barañainen eta Alberto Lopez Iborra Barañaingo bizilaguna. Epaileak azken hori espetxera bidali zuen, gaztea erakunde armatuko kide delakoan, ustez Segiko kidea delako. Beste laurak bihar hartuko ditu epaileak. Inkomunikatuta dauzkate oraindik. Noe Lopez Iruñeko Bideko Amaren etxean eduki dute igande gauetik gaur goizera bitartean, antsietate krisiak zituelako. Gaur handik atera eta Madrilera eraman dutela jakinarazi du Askatasunak.

Nafarroan iazko abendutik izandako zortzi kale erasotan parte hartzea leporatzen diete atxilotuei eta, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera, "ETAri Nafarroan babesa ematen zion taldea osatzen zuten".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.