«Bat-batean kolpe oso bortitzak eta gogorrak jasotzen hasi nintzen borra batekin. Batez ere buruan jotzen ninduten, baina baita lepoan eta besoetan ere. Erortzen nintzenean, kolpeka bultzatzen ninduten aurrera. Dena, sinistu ezin nuen oihu eta iseka giro batean». Pello Alcantarilla euskal preso ohiak duela 21 urte Madrilgo 44. Instrukzio Epaitegian aurkeztutako tortura salaketaren parte da. Hura gogoratu du gaur Alcantarillak, auzia berriz irekitzeko eskaeraren nondik norakoak emateko prentsaurrekoan. Aiert Larrarte abokatuak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko kide Agus Hernanek azaldu dute inkomunikazio aldiko galdeketetan parte hartu zuten guardia zibil guztien kontra egin dutela, baina, «bereziki», Diego Perez de los Cobos koronelaren aurka.
Izan ere, hau ez da Alcantarillak jarritako lehen salaketa. 2004ko abenduaren 15ean, torturak pairatu eta bi hilabetera, jo zuen guardiako epaitegira. Madrilgo 44. Instrukzio Epaitegiak hartu zuen, eta 2005eko otsailaren 15ean artxibatu. «Diligentziarik egin gabe, Pellori adierazpenik hartu gabe, eta dagokion ekintza eskaintza egin gabe», salatu du Larrartek. Are gehiago, kritikatu du artxiboaren inguruko arrazoirik ez zutela eman, eta Alcantarillari deklaraziorik ez hartzeko argudio gisa adierazi zutela hura estraditatuta zegoela; une hartan, Alcantarilla Frantzian zegoen preso.
Horiek horrela, orain epaitegi berari eskatu diote auzi hura berriro irekitzeko, eta zenbait neurri hartzeko. Besteak beste, eskatu dute atxiloaldian, polizia etxean eta Auzitegi Nazionalean Alcantarilla behatu zuten auzitegi medikuen txostenak auzira batzeko, baita haren ospitaleratzearen eta han egindako proben inguruko txostenak eta espetxeratzean zituen lesioen partea ere. Era berean, eskatu dute Alcantarillari deklarazioa hartzeko, eta atxiloaldian zeraman jertsea proba bezala onartzeko —hura odolez betea zegoen, bere buruaz beste egiteko saiakerak eragindako lesioengatik—.
Salaketan, gainera, instrukzio epaitegiari eskatu diote ofizio bat helarazteko Guardia Zibilari, atxiloketan eta inkomunikazio aldian harekin kontakturen bat izan zuten agenteak identifikatu ditzan, «argitu ahal izateko egin zizkidaten legez kanpoko galdeketetan, zeinak une unetan salaketa baten objektu diren».
Urrats hori egiteko lau argudio nagusi daudela esan du abokatuak. Lehena Alcantarillak Perez de los Cobos identifikatu izana da. Preso ohiak adierazi izan du 2019an identifikatu zuela Guardia Zibileko koronel hori, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketan, baita modu argian azaldu ere hark inkomunikazio aldian izandako rola. Zehazki, azaldu du agenteetako batek poltsa haren buruan jartzeko imintzioa egin zuenean hark esan ziela «hitz egingo» zuela, eta orduan bere atzean entzun zuela guardia zibil bat eskerrak ematen. «Perez de los Cobos zen, orduan nik ezagutu ez banuen ere», esan du.
Larrartek aipatutako gainerako gakoek, berriz, nazioarteko erakundeek torturaren auziaren inguruan esanak dituzte oinarri. Batetik, gogoratu du 2004tik aurrera Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hainbat epai eman dituela Espainiaren kontra, torturak ez ikertzeagatik. «Hamaika aldiz kondenatu du Espainiako Estatua; horietatik hamar euskal herritarren eskaerak aintzat hartu dituelako izan dira».
Horrez gain, Nazio Batuen Erakundearen jarrerari erreparatu dio. Erakunde hartako Torturaren aurkako batzordeak «Espainiaren eta torturaren arteko binomioaren» inguruan adierazitako kezka adierazpenak gogoratu ditu, erreferentzia eginik 2023an egindako eskaerari. Hartan, Espainiari eskatu zion torturaren inguruko nazioarteko irizpideak bere egiteko, eta exijitu irekita dauzkan auziak ahalik eta azkarren ikertzea. Gainera, erakunde horrek berak, Raul Fuentes euskal presoaren kasutik abiatuta, uda honetan nabarmendu du tortura delituek ezin dutela preskribatu.
Antzera mintzatu izan da NBEren Giza Eskubideen Batzordea ere. Adibidez, uztailean argitaratutako txosten batean, Espainiako Estatuari gomendatu zion «bere legedia berrikusteko», nazioarteko legediarekin bat egingo duen torturaren definizio bat onartu eta preskribaezintasuna bermatzeko.
Babesa eta elkartasuna
Perez de los Cobosen parte hartzeari dagokionez, Hernanek azaldu du hura han egon izana «guztiz koherentea» dela. Gogoratu du Alcantarilla Santutegi operazioan atxilotu zutela; alegia, Espainiako arduradun politiko eta polizialek ETAren kontrako borrokan «estrategikotzat» jo izan duten operazio batean. Gainera, une hartan, Perez de los Cobos Guardia Zibileko Operazio Zuzendaritzaorde Nagusiko Estatu Nagusiko kidea zen, eta, ondorioz, Guardia Zibilaren «zerbitzu operatiboak planifikatzeko eta koordinatzeko» ardura zuen, baita eginkizun nabarmena ere Espainiako eta Frantziako segurtasun indarren arteko lankidetza organoetan. «Helburua, ardura eta aukera kontuan hartuta, uste dugu sinesgarritasuna duela Alcantarillak Perez de los Cobos identifikatu eta errekonozitu izanak», ondorioztatu du Hernanek.
GEBehatokiak soilik ez, Euskal Herriko Torturatuen Sareak ere eman dio sinesgarritasuna Alcantarillaren salaketari. Sarearen izenean, Marilo Gorostiagak babesa eta elkartasuna adierazi dizkio: «Badakigu prozesu zail eta luze batean murgilduko dela hartutako erabakiarekin, eta hitz hauen bidez Pellorekin gaudela adierazi nahi dugu».
Gorostiagak azaldu du torturak berak eragindako «sufrimendu pertsonalari» Espainiako Estatuan indarrean dagoen «inpunitate murrua» batu behar zaiola, eta Alcantarillaren kasuan, baita Frantziako Estatukoa ere. Era berean, baina, garrantzitsutzat jo dute auzia, murru horretan zirrikituak irekitzen lagundu dezakeelako: «Torturaren aitortza kolektiboaren bidean egia, justizia eta erreparazioa helburu dituen egitasmoa delako, eta gure borroka kolektiboaren ibilbidean bide berri bat irekitzen digulako».
testigantza
Alcantarillak hunkituta eman du tortura testigantzaren berri, duela 21 urte Soto del Realgo espetxean preso zegoela prestatutako lekukotza gogoratuz. Bost egun eduki zuten inkomunikatuta, eta askotariko kolpe eta mehatxuak jasan zituen.
Azaldu duenez, tratu txarrak atxilotu bezain pronto hasi ziren: «Auto batean sartu ninduten, eskuburdinak jarrita eta burua hankartean. Musika jarri zuten bolumen oso handian, eta ateak itxi zituzten. Saiatu nintzen hankekin belarriak estaltzen, baina ezin nuen».
Madrilera bidean ere tortura mehatxuak egin zizkioten, eta gogoratu du behin galdeketak hasita borra batekin jo zutela, behin eta berriro eman ziotela buruan, lepoan eta besoetan, eta barrabilak estutu zizkiotela. «Esan zidaten nire emaztea eta alaba arriskuan jartzen ari nintzela, eta azkenean denek hitz egiten zutela; bost egun eta bost gau zituztela ni birrintzeko». Eta hala, poltsa jartzeko mehatxuaren pean, hitz egingo zuela esan zien poliziei.
Horren ostean, «kalabozora» eraman zuten Alcantarilla, baina guardia zibilek ez zuten ontzat jo haren deklarazioa, eta mehatxu egin zioten berriz torturatzearekin. «Izuak gorputza zeharkatzen zidan, bihotza ateratzear nuen sentitzen nuen terroreagatik». Horren ostean, bakarrik utzi zutenean, hortzetako aparatua trakean sartu eta bere buruaz beste egiten saiatu zen.
 Alcantarilla ospitaleratu egin behar izan zuten. Salatu duenez, baina, ez zuten behar bezala tratatu. Adierazi du guardia zibilek osasun langileei esan zietela «antsietate krisi bat» izan zuela, eta medikuari esan ostean torturatu egin zutela, hark ez ziola jaramon egin, eta ez zizkiola ahoa eta barrabilak begiratu ere egin. «Gu kolaboratzeko gaude», esan omen zion hark ondoan zuen poliziari. «Hor errenditu egin nintzen», erantsi du preso ohiak.
 Alcantarillak Fernando Andreu instrukzio epaileari eman zion kontatutakoaren berri. «Galdetu nion ea ba ote zekien ospitalean egon nintzela, eta esan zidan baietz. Galdetu nion ea ba ote zekien zergatik, eta esan zidan antsietate krisi batengatik. Nik erantzun nion ospitalean egon nintzela neure buruaz beste egiten saiatu nintzelako, jipoitu nindutelako, eta jertsean nuen odol guztia nire eztarrikoa zela».
Preso ohiak zazpi kilo galdu zituen inkomunikazio aldiko bost egunetan. «Txistu etengabe bat dut belarrietan, buruko min handiak eta zorabioak, eta bizkarreko eta barrabiletako min handia», adierazi zuen 2004an egindako lekukotzan.