Miarritzeko (Lapurdi) Errepublika karrikako 20 zenbakiko etxe batera sartu ziren astearte goizean Alda mugimenduko kideak. Airbnb plataformak legez kanpo alokatzen duela salatu zuten, derrigorrezkoa den etxearen erreferentzia zenbakia ez baitzuen agerrarazten webgunean. Aldaren arabera, plataformak Miarritzen alokatzen dituen etxeen bi herenak ez dira «behar bezala deklaratuak», eta, horren harira, «iruzur masiboa» salatu zuten, zenbaki hori deklaratu gabe zenbait zerga ez baitituzte pagatzen. Bada, atzo arratsean Airbnb plataformak etxearen erreferentzia zenbakia agerrarazi zuen webgunean: Aldako kideek okupazioa bertan behera uztea erabaki dute, eta atzo gauean atera ziren pisutik; bihar lekutzeko asmoa zuten, berez.
«Airbnb plataformak etxearen zenbakia deklaratu du gure ekintzaren ondorioz. Halere, deklaratuak ez diren etxeak salatzen segituko dugu egoera erregulartu dezaten», adierazi du Aldak. Anartean, beraz, mobilizatzen segituko dutela iragarri dute. «Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko», manifestazio bat eginen dute datorren azaroaren 20an, Etxebizitza defenda dezagun lelopean, Baionan, 15:00etan.