Txarli Prieto PSE-EEren Arabako diputatugaia ez da batzarkide izango datorren legealdian, gaur berak esan duenez. PSE-EEk laugarren bukatu du Araban, eta Prietok adierazi du "jende berria" sartu behar dela alderdian. Eusko legebiltzarkide eta Arabako PSE-EEko idazkari nagusi izaten segituko du, dena dela.
Atzo Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak erabaki bera jakinarazi zuen: diputatugai izan zen arren, ez da batzarkide izango. Alderdiko eta legebiltzarkide postuei eutsi egingo die. Bizkaian hirugarren indarra izan dira sozialistak.
Miguel Buen Gipuzkoako PSE-EEren diputatugaia ere ez da herrialdeko Batzar Nagusietan izango, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde izango dela jakin baita aste honetan. Gipuzkoan hirugarren geratu da PSE-EE.
Donostian ere aldaketa esanguratsua gertatu da haien artean: Odon Elorza alkategaia ez da hautetsi ere izango, bozak galdu ostean.