Nafarroako Gobernuarentzat eginiko inkestaren arabera, Nafarroako Legebiltzarra (50 eserleku) honela osatuko litzateke: Podemosek 18 eserleku, EH Bilduk 11 (2011n 7 eta NaBai-Aralarreko 6), UPNk 8 (19), PSNk 5 (9), Geroa Baik 4 (NaBaiko 2), Ezkerrak (EB-Batzarre) 2 (3), PPk 1 (4) eta UPDk1 (0).
Inkesta horretako emaitzektxiki uzten ditu maiatzeko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak. Duela sei hilabete, bi ziren nobedadeak: Podemosen sarrera indartsua eta PSNren beheranzko joera. Bi horiei beste bat gehitu diete: UPNren beherakada. Orain arteko emaitzek eta inkestek ez zutenNavarrometro-ak iragarritako neurriko beherakadarik aurreikusten alderdi horrentzat.
GOBERNU ALDAKETA
Aurreikuspen horiek beteko balira, ezinezkoa izango luke UPNk gobernuari eustea. 2011n, PSNren babesari esker lortu zuen aginte makila Yolanda Barcinak, eta, sozialistekin hautsita ere, eutsi egin dio aginteari, oposizioak sozialisten babesa behar baitzuengobernu alternatiboa osatzeko. Orain, eta betiere inkesta horretako emaitzen arabera, PSNren babesa eskuratuta ere, ezinezkoa izango luke Barcinaren ordezkoak boterean jarraitzea.
Argitzeko dago oraindik Podemos hauteskundeetan aurkeztuko den edo ez, eta, egiten badu, zein erabaki hartzen duen gobernua osatzeko orduan. Inkestako emaitzen arabera, hark agindu dezake, baina baita ere gobernu aldaketa ahalbidetu dezake kanpoan geratuta edo bozketan abstenituta ere. Izan ere, presidentea hautatzeko lehen bozketan gehiengo absolutua behar da, eta Podemosen babesik gabe inork ez luke horrelakorik lortuko. Bigarren bozketan, berriz, gehiengo sinplearekin aski da.
Sozialisten eta PPren eserlekuak batuta ere (14, eta UPDrena gehituta, 15), UPNk ez luke aukerarik izango gobernua osatzeko. Azken legealdian gobernu alternatiboa osatzeko prest azaldu diren hiru alderdien azpitik geratuko litzateke. Inkestaren arabera, EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak 17 eserleku izango lituzkete. orain baino bat gutxiago, halere. Podemos ekuazio horretan sartuta, gobernuak osatzeko aukerak ugaritu egin daitezke.
ABERTZALEAK, SENDO
Abertzaleen kasuan, nobedade handirik ez dago Nafarroako Gobernuak kaleratutako inkestan. Horren arabera, sendotu egingo lirateke 2011n lortutako emaitzak. Abertzaletasunak, blokean hartuta, botoen %28 inguru bilduko lituzke datorren urteko hauteskundeetan; 2011n bezalaxe.
Funtsean, 2012an Nafarroa Bain izandako banaketa islatzen du inkestak —Aralar EH Bildun aurkeztuko da datorren urtean, eta Geroa Bai, bere aldetik—. NaBaik orduan lortutako botoen erdiak, gutxi gorabehera, EH Bildura joango lirateke eta beste erdiak Geroa Baira. Europako hauteskundeekin konparatuta, EH Bilduren emaitzak eta inkestako datuak antzekoak dira: %20,1 bozetan eta %20,76 inkestan. 2011ko foru hauteskundeetan %13,3 eskuratu zituen Bilduk. Geroa Bai ez zen aurkeztu Europako bozetan. EAJ, bai, ordea: %2,5 lortu zituen. Inkestak, berriz, %8,6ko babesa ematen dio Geroa Bairi.
ZIKLO BATEN AMAIERA?
Inkestako datu deigarrienak beste alderdiei buruzkoak dira. Podemos eta UPNri buruzkoak, bereziki. Aurrenekoari, %26,1eko igoera ematen dio, maiatzeko bozekin konparatuta —lehen aldia izan zen Podemos hauteskunde batzuetan aurkeztu zena—. Europan %9,35 eskuratu zituen, eta inkestak %35,48 ematen dizkio.
UPNri, berriz, %19,2ko jaitsiera ematen dio inkestak, 2011ko foru hauteskundeekin konparatuta. Europakoetan UPN ez zen aurkeztu, baina Navarrometro-ak UPN eta PPN zenbatuta ematen dituen emaitzak eta Europakoetan PPk lortutakoak konparatuta, bi alderdi horiek %7 galduko lituzkete. UPNren jaitsiera, baina, are nabarmenagoa da 1979tik egin diren bederatzi foru hauteskundeetako batez bestekoarekin konparatuta. %34,4 da batez besteko hori, eta inkestak aurreikusten du datorren urteanbotoen %15,34 eskuratuko dituela. Inoizko emaitzarik txarrena izango luke hori. 1979an, %16,1 eskuratu zituen.
Bestalde, sozialisten joera berresten du inkestak; horren arabera, bost puntu eta erdi galduko lituzke (14,5etik %9,1era). Alderdi sozialistaren jaitsiera etengabea izan da 2007tik, baina Navarrometro-ak nabarmen areagotzen du hori. Azken lau urteetan %15aren bueltan izan da PSN, baina sei hilabetean %9,1era jaitsi da, inkestaren arabera. 1979tik, PSNren batez bestekoa izan %21 ingurukoa.