EH Bilduren hazkundea «egiturazkoa» da. Koalizio abertzaleko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du sorpasso egin duela jadanik koalizio subiranistak, «nazio osoko kontaketa» egiten baitu, eta nabarmendu du EH Bilduk 420.000 boto dituela Euskal Herri osoan .
Horregatik ziurtatu du «aldaketa hemen» dagoela jadanik. Azaldu du garai batean esaten zela ezker subiranista gai zela bakarrik «landa guneetan» irabazteko, eta gogoratu du Gasteizen, Eibarren, Lasarte-Orian eta beste hainbat herritan irabazi duela EH Bilduk, landa eremu horretatik kanpo: «Gure hazkundea egiturazkoa da: hirutik bi lurraldetan irabazi dugu, Gasteizen ere bai, eta Donostian berdinketa tekniko batean gaude». Erantsi du Bastidan ere irabazi duela EH Bilduk, Arabako Errioxan; EAJk haren babesari uko egin eta gero, PP gobernatzen ari da hango udalean, iaztik. Popularren Euskal Herri osoko bi udal gobernuetako bat da Bastidakoa.
Horiek horrela, «jendeak bozkatu duena errespetatzeko» eskatu du Otegik, «hori delako demokrazia». Eusko Legebiltzarrean subiranismoaren aldeko 55 parlamentari egongo direla nabarmendu du, eta 40 ezkerreko politiken alde: «Hori ulertu behar dute EAJk eta PSEk. Guk herri mandatu hori errespetatuko dugu, eta horregatik eskatzen dugu gobernantza eredu berriari ateak ireki eta elkarlan eremu bat eratzeko, mandatu horri ildo instituzional bat jartzeko».
Gipuzkoan aldea handitzen
EAJri eta PSEri mintzatu zaie: ulertu behar dutela EAJ «eserleku» kopuruan jaitsi dela, eta PSE, berriz,«boto portzentajean», boto emaileek gobernantza eredu «baztertzaileak zigortu» dituztelako. Jeltzaleei gogorarazi die Gipuzkoako Foru Aldundian PPren laguntzari esker gobernatzen ari direla, eta EH Bilduk EAJri 15.000 botoren aldea atera ziola iaz. «Orain, 30.000 botoren aldea atera diogu», esan du koalizioko buruak. Era berean, Gasteizen eta Durangon jeltzaleekiko aldea handitu egin dela azaldu du, iazko udal hauteskundeetan leku horietan ere «lehen indarra [EH Bildu] baztertu eta gero».
«Gure hazkundea egiturazkoa da: hirutik bi lurraldetan irabazi dugu, Gasteizen ere bai, eta Donostian berdinketa tekniko batean gaude».
ARNALDO OTEGIEH Bilduko koordinatzaile nagusia
Eskerrak eman dizkie militante guztiei «sekulako kanpaina» egiteagatik, eta baita EH Bildun konfiantza jarri duten boto emaile guztiei eta atzerritik bozkatu dutenei ere. Ostiralean jakingo da boto horien emaitza eta horrek aldaketaren bat eragingo ote duen ala ez. Gogorarazi du PSE-EEk ordezkari gehiago lortu dituela, hain justu, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken eserlekuen kontura; lehena Sumarrekin du jokoan, (800 boto inguruko aldea), eta bigarrena EH Bildurekin (1.370 botoren aldea).