Aldaketa taldeko kideen iduriko, "nazionalismo jakin baten ameskeria birtualek" gidatzen dute egun Eusko Jaurlaritzaren politika, eta horrek kezka handia sortzen diela agertu dute. Hori dela eta, "Euskadiko kultura politikoan" aldaketa sakon bat behar dela iritzi diote, eta bilakaera hori bultzatzeko asmoz sortu da beren ekimena.
Arregik eta Zuberok Bilbon azaldu dutenez, "hiritar eskubideak eta hiritar askatasunak" dira beren ekimenaren irizpide nagusiak, eta ikuspegi horretatik abiatuta, "Euskadi beste era batera" eraiki nahi dute. Hain zuzen ere, eraikitze lan horretarako abiaburua Gernikako Estatutua izango dutela azpimarratu dute.
Halaber, ETAren biktimei zor zaien begirunea ekimenaren muin-muinean dagoela esan dute. "Argi daukagu ETAko terroristek eskubidezko Estatuan eta elkarbizitzan oinarritutako Euskadi bat onartzen ez dutelako erahil zituztela biktimak", zehaztu dute aurkezpen agirian.
Era berean, alderdi politikoetatik kanpo dagoen ekimena dela eurena azpimarratu nahi izan dute: "Ez gara inoren morroi, ez gaude alderdi baten zerbitzutan". Hain zuzen ere, Aldaketa ez dela hauteskundeei begira sortu erantsi dute.
Ekimenari buruzko informazio gehiago Aldaketaren web orrian . Orain arteko bultzatzaileen zerrenda osoa ere bai.
Politika