Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa

Aldaketaren haizea lehen aldiz Senatura

Ana Lujanek, Patxi Zamorak eta Iñaki Bernalek Aldaketa koalizioaren hautagaitza osatzen dute. Lehen aldiz Senatuan ordezkaritza izan nahi dute, Nafarroaren «aniztasuna» Madrilen islatu ahal izateko.

Patxi Zamora, Iñaki Bernal eta Ana Lujan,Sarrigurengo kiroldegian. J. MANTEROLA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2015eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Arratsalde ilunabarra da, eta Sarrigurengo (Iruñea) kiroldegia gainezka dago. Kafetegiaren kanpoaldean, Patxi Zamorak Ana Lujan agurtu du. Biak Senaturako Aldaketa koalizioaren hautagaiak dira. Kanpaina amaitzeko geratzen zaien agendaz mintzo dira. Hirugarren hautagaiak, Iñaki Bernalek, telefonoz ohartarazi die berandu datorrela, foruzainek alkohol proba egiteko gerarazi baitute Arren. Egun gutxiren buruan bigarren aldia denez, Zamorak adarra jo dio. Bernalen alboan Ahal Dugu-ko Idoia Villanueva dator. Parlamentuak urrian senatari autonomiko izateko hautatu zuen, eta, hiru hautagaiekin batera, ekitaldian parte hartuko du. Laurek Senatura iristea dute xede, eta lehen aldiz Nafarroako aldaketaren haizea hara eramatea.

Euren helmugak ez du ospe onik. «Elefanteen hilerri» deitzen zaio Senatuari, Espainiako bi indar nagusiek ibilbide politikoaren hondarrean dabiltzan pertsonei toki egin ohi dietelako euren zerrendetan. Ideia hori azpimarratu du Bernalek: «Porrot egin dutenen instituzio bihurtu da, politikatik erretiratzera bidaltzen dituztelako». Pribilegioak ere ez dira gutxi. Soldata onak eta dieta oparoak. Aldaketako hautagaiek kode etiko bat izenpetu dute: lanbide arteko soldataren hirukoitza kobratuko dute, eta gainerakoa itzuli egingo dute. «Uko egingo diogu ere informazioa gure onurarako erabiltzeari», aipatu du Bernalek.

Senatua, «bahitua»

Ospeak ospe, horrek ez du esan nahi Senatuko bozek garrantzirik ez dutenik. Espainiatik konstituzioaren erreforma etor daiteke, eta, horretarako, ganberako botoen hiru bosten behar direla aipatu du Villanuevak. Teorian, lurraldeen ganbera izan behar luke Senatuak, baina, haren ustez, historikoki PSOEk eta PPk «bahitu egin dute», euren interesen zerbitzura. «PPren eta PSOEren Kongresuko eztabaida alderdikoien errepikapen bat da Senatua. Lurralde ganbera bat izateko oso urrun dago». Horri buelta emateko, ezinbestekotzat jo du Villanuevak gehiengo osorik ez egotea: «Bestela, indar nagusiak besteak zapaltzen ditu».

Adibidez, Nafarroa da errealitate horren isla. Hauteskunde orotan lau senatari hautatu ohi dira, baina beti UPN/PP edo PSNkoak izendatzen dira. Paradoxikoki, lurralde ordezkaritzen ganberan, Nafarroako gizartearen aniztasuna ez da inoiz ordezkatu. Bozkatzeko sistemak zerikusi zuzena du: «Zerrenda irekien bidez bozkatzen da, baina normalean lehen indarrak hiru senatari lortzen ditu, eta bigarrenak, laugarrena. Beti UPNk eta PSNk lortu dute, eta gainerakook ez dugu erraza izan», aipatu du Lujanek.

Hori aldatzeko aukera handiak daude, ordea. Geroa Bai (Lujan), EH Bildu (Zamora), Ezkerra (Bernal) eta Ahal Dugu-k (Villanueva), sentsibilitate desberdinak ordezkatu arren, aniztasun hori eraman nahi dute, eta Nafarroaren interesak defenditu: «Talde gisa lan egingo dugu, ez dugu pentsamendu bakarraren Nafarroarik nahi», azpimarratu du Lujanek. «Gure asmoa da nafarren botoak ez daitezela erabili Senatua PPren sukurtsal bat bihurtu dadin. Senatari autonomikoa gehituz gero, bostetik lau senatari izango gara, eta erabaki ahalmena izango dugu. Funtsezkoa da, Nafarroaren bitartekaritza aldatuko delako», azpimarratu du Patxi Zamorak.

Ezaguna ez bada ere, Madrilen Nafarroako eliteen interesen ordezkariak San Fermin de los Navarros elizan bildu ohi dira, eta zeresan handia izan dute iraganean Nafarroaren eta Espainiaren arteko bitartekaritza horretan. Azaroaren 20an Francoren aldeko meza egin izanak erakusten du zer ordezkatu duten. «Hori dena ezabatu behar dugu» dio Zamorak. «Gu laurok mugimendu sozialetatik gatoz, eta aldaketaren aldeko indarrek babesten gaituzte. Madrilera goaz akordio programatikoa defenditzera, eta ordezkaritza hori aurrera ateratzea oso garrantzitsua da aldaketa sendotu dadin», gaineratu du.

Lehen aldia da hauteskundeetan nolabaiteko protagonismoa dutela, eta euren arteko sintonia ona goraipatzeaz gainera, kanpainak balio izan die gertutik neurtzeko gizartearen nahia. Milagro, Sarriguren, Lizarra, Tutera, Zangoza... Kanpainako bi asteotan, Nafarroa zeharkatzen ari dira, eta horrek balio die jendearen nahiak gertutik ezagutzeko.«Egon garen tokietan jendeak ekarpen egokiak egin dizkigu, eta nondik jo beharko genukeen esan digu. Jendeari politika interesatzen zaio, eta hori garrantzitsua», aipatu du Lujanek.

Dena den, hautagaitza bateratuak bere kontraesanak ere baditu, Kongresuan bereizita eta Senatuan elkarrekin baitoaz lau alderdiak. Gainera, Kongresukoak pisu handiagoa duenez, bata eta bestearen berezitasunak azpimarratu nahi dituzte alderdiek. Zamoraren ustez, ordea, «askotan herritarrak alderdi politikoen aurretik doaz. Kalean beharra eta ilusioa dago, eta elkarrekin joatea nahi dute, aurrean urte asko daramatzan erregimen bat baitago, eta oso boteretsua da». Bat dator Bernal. «Kongresuko hautagaiekin alderatuta, bigarren maila batean gaude, baina gure ilusioak ordezkatzen du. Hautagaitza honen motorra gara», nabarmendu du Bernalek.

Lauren artean aurpegirik ezagunena Patxi Zamorarena da. Kontuz elkarteko eledunak beti aldarrikatu du alderdien eraginpetik at dagoela, eta horregatik bere hautagaitzak harridura sortu du. «Orain arte eman ditugun arrazoi berberekin konbentzitu ninduten. EH Bilduk alderdi bateko buruzagi izango ez zen norbait nahi zuen. Gainera, Kontuz-en beti aldarrikatu dugu arrazoi demokratiko batengatik beharrezko dela erregimena aldatzea, eta hori lortzeko, alderdien arteko ekintza bateratua behar da».

Ana Lujanen ustez, asko dago jokoan. «Orain arte Senatuko hauteskundeak oharkabean pasatu izan dira, baina Nafarroan orain diferentea da, maiatzeko aldaketa berretsi behar delako». Nahiz eta kanpaina zaila izan Senatuko lehia UPN/PP eta Aldaketaren artean izango da. Logikaz, lau indarrek boto guztiak bildu beharko lituzkete, eta lehen indarra izan. «Nahiko nuke laurok aterako bagina, UPN eta PP kanpoan geratuko liratekeelako eta hautagaitza plural batek irabaziko lukeelako», aipatu du Bernalek.

Olatuaren erpinean

Baina Senatura joan, zertarako? «Ezin gara geratu zain, edo besteek gure izenean erabaki dezaten utzi», azpimarratu du Lujanek. Zamoraren ustez, aurrean erregimenaren boterea dago, baina ikusi behar dute ere kalearen indarra: «Aldaketa olatuaren erpinean dago, eta aukera handi bat dago». PP eta PSOE ez diren indarrak Nafarroa ordezkatzea historikoa litzateke, are gehiago hurrengo legealdian.

Iñaki Bernalen ustez, 1978ko erregimena iraunarazteko aldaketak egin nahiko dituzte PPk eta PSOEk: «Monarkia sendotu nahiko dute, beste hauteskunde erreforma bat egin, beste lan erreforma bat ezarri». Sistema indarberritzeko saio horren aurka barrutik sistema eraldatzen saiatu behar dela uste du Bernalek. Laurek bakarrik ez dute ezer egingo, baina Nafarroaren ahots bateratu batek bipartidismoari zilegitasuna ken diezaioke, eta gainerako lurraldeentzat eredu bihurtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.