Iazko maiatzeko bozek erabat irauli zuten Nafarroako politikagintza. Egun batetik bestera, diktadura garaitik agintean egondako bi alderdiak gobernutik at geratu ziren, eta, horien tokian, aldaketa helburu zuten lau alderdik bat egin zuten. Elkarlanean ari dira geroztik hainbat alorretan, baina bat egite hori ez da beti erraza izaten, eta ez da beti hala izango. Hain zuzen ere, horretaz aritu dira gaur Iratzar Fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroan.
Aldaketa Nafarroan, gobernu kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa? Irakurketa eta etorkizunerako erronkak izenburuarekin hiru eztabaida saio egingo dituzte Iruñeko Kondestablearen jauregian. Horietan parte hartuko dute, besteak beste, Bixente Serrano historialari eta idazleak, Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak eta Joxerra Senar BERRIAko kazetariak. Hiru mahai inguruen bideoak ikusgai daude BERRIAko webgunean.