Urtebete bete da Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzea erabaki zuenetik. Otsailaren 23an atera zen plazara alderdi moduan, eta behin berregituratze prozesua egonkortu duelarik, “garai berria bultzatzeko politika eredu berri bat” egiteko prest agertu da. “Benetako ekarpenak egiteko, denbora gutxi” izan duela aitortu du Hasier Arraiz presidenteak, baina “ezkertiar eta subiranisten” indarrak bildu eta “aliantza zabalak” lortzeko helburua ihardetsi du. Gaur-gaurkoz, ez du talde parlamentariorik Sortuk, eta beraz, akordio horiek beste jokaleku berri batean bilatuko ditu: “Parlamentutik at”.
Idazkari nagusiaren eserlekua, hutsik
Normaltasun demokratikoaren “beharra” sumatzen du Sortuk, eta “jendearen arazo errealak” konpontzeko subiranotasunaren bidea hartu behar dela deritzo. Normaltasun politiko falta horren adierazletzat interpretatu daiteke Arnaldo Otegi, oraindik kartzelan egotea. Sorturen ustez, “Estatua egundoko ahaleginak egiten ari da Otegi mito bihurtzeko”. Alderdiak, hala ere, ez du "gauzak horrela jarraitzea” nahi. Horrela beraz, “lehenbailehen” aska dezaten eskatu du Arraizek, “eskubide kontua” delako.