Aldebakarreko bidea jorratu nahi izatea leporatu dio Urkulluk EH Bilduri

EH Bilduk lehendakariari galdegin dio «herri akordio baten» alde egitea nazio auziari heltzeko.

Eusko Legebiltzarra. Iñigo Urkullu
Urkullu, Sorturen plan politikoaren kopia bat eskuan hartuta, gaur goizean. L. RICO / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 17a
09:00
Entzun

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran kontrol saioa egin dute gaur, eta han ere hizpide izan dute nazio auziaren gaineko eztabaidari ekitea. EH Bilduko eledun Nerea Kortajarenak horri buruz galdetu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri. Gaiari heltzeko beharrari buruz baino gehiago, hura «herri gisa» jorratzearekin bat egiten ote duen galdetu dio. Lehendakariak, berriz, aldebakarreko bidea jorratu nahi izana leporatu dio EH Bilduri.

Kortajarenaren esanetan, «argi» dago «Euskal Herriaren nazio aitortzak» protagonista izan behar duela Espainiako Gorteetako legealdi honetan, baina gehitu du eztabaida hori Eusko Legebiltzarrean egin behar dela lehenik, eta «herri akordio baten eskutik»: «Euskal Herria Bildurentzat ez dago zalantzarik: herri gisa aritu behar dugu orain». Hala, nabarmendu du alderdiak ez ezik sindikatuak, unibertsitateak eta gizarte zibila ere kontuan hartu behar direla, «herritarrak izanik protagonistak». Azaldu duenez, hala egingo du koalizioak, ez baitu ontzat jotzen «alderdi gisa aritzea bere bakardadean», eta eskua luzatu dio Urkulluri «akordio zabal historiko bat» adosteko: «Ez da protagonismo pertsonalerako edo elektoralismorako garaia».

Izan ere, Kortajarenaren aburuz, egungo aldia «historikoa» da, kontuan izanda aferak zer-nolako protagonismoa hartu duen Espainiako eta Frantziako politikagintzan ere. Era berean, gehitu du horrek gaiari «anbizioz» heltzea eskatzen duela: «Inork herri honen borondateari aspirazioekin lotutako mugarik jartzea onartu gabe».

Erantzunean, lehenik, Urkulluk kritikatu du bihar koalizio subiranistak Bilbon deitua duen manifestazioari lotuta egin izana galdera. Ondoren, gehitu du ez duela bat egiten EH Bilduk nazio auziari heltzeko duen ideiarekin. Horretarako, Sorturen plan politikoa hartu du hizpide, eta hartan jasotako «proiektu subiranista gauzatzeko bloke historiko, subiranista eta aurrerakoia» osatzeko helburuari erreferentzia egin. Testuan, jarraian, bloke hori osatzeko aukera gisa aipatzen da estatuak aferari heltzera «behartzea» edo, bestela, «alde bakarrez» jorratzeko baldintzak sortzea. «Hau zuen prozesua da, zuen bidea; ez da lehendakariarena», zehaztu du Urkulluk, eta berretsi: «Ez dugu aldebakartasuna babestuko. Zuek, ordea, bai».

Lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela «ahalik eta adostasun zabalena» lortzea nazio auziari erantzuteko, eta koalizio subiranistari leporatu dio ezberdinen arteko akordioak egiteko borondaterik ez izatea. Urkulluk esan du Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldearen ekarpenen bidetik jo nahi duela, hura delakoan «sentsibilitate guztiak» kontuan hartzen dituena. «Beti defendatu ditugu eta beti defendatu ditut aldebikotasuna, ezberdinen arteko akordioak, nazio izaeraren aitortza eta adostutakoa betetzeko bermeak izatea».

Amnistiaren alde

Voxeko Amaia Martinezek eginiko galderari erantzunez, Kataluniako prozesu independentistari lotutako amnistia legeaz ere aritu da Urkullu. «Elkarrizketa, akordio eta elkarbizitza proiektu bat berrabiatzeko aukera politikotzat» jo du lege proposamena, eta ezin da ahaztu Eusko Legebiltzarreko kideen %90en babesa ere baduela. «Uste dut Espainiako Estatuan eskuin muturraren erreakzioa mehatxu handiagoa dela oinarri demokratikoentzat eta elkarbizitzarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.