EAJren arabera, euskal erakundeek ere badute zer egin Sorturen legalizazioaren auzian. Hala, atzo, Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Patxi Lopez EAEko lehendakariari proposatu zion alderdi guztiek, baita Sortuk ere, parte hartuko ahalko duten osoko bilkura bat bultzatu eta hitzartu dezala Eusko Legebiltzarrean. Urkulluren arabera, euskal erakundeak «politikagintzan parte hartu ahal izatearen alde agertzeko unea da», baita «normalizazio politikoaren alde urratsak egiteko» ordua ere. Lopezi proposatutako ekimen hori norabide horretan doala argudiatu zuen Urkulluk.
Ostegunean Sortuk kaleratutako oharra «oso garrantzitsutzat» jo zuen Lopezek ostiralean, baina era berean adierazi zuen legeztatzeari buruz epaileek erabaki behar dutela eta «ez lehendakariak, edo gobernu edo alderdi batek». Asteburuan, berriz, komunikabide bati eskainitako elkarrizketan Lopezek adierazi zuen ETA etaSortu ez direla gauza bera. Adierazpenok erreakzio uholdea eragin zuten.
Urkulluren aburuz, pozgarria da Lopezen «jarrera aldaketa», Zapaterok aurreko astean egindako adierazpenengandik bereizten delako. Bertan. Espainiako gobernuburuak esan zuen ETAk iraun artean Sortuk zailtasunak izango dituela legeztatzeko.
Hala ere, Urkullu «kezkatuta» azaldu da jarrera aldaketa horren atzean soilik egon daitekeelako legalizazioaren erabakia auzitegien esku utzi nahi izatea. Horregatik, Urkulluk helarazi dio legebiltzarrean ekimena bultzatzeko proposamena. Urkulluren ustez, hitz egiteko unea izateaz gain, «ekiteko ordua» ere bada. Bere ustez, ordea, horretarako«hauteskunde interesak alde batera» utzi behar dira.
Alderdi denek parte hartuko duten ekimena bultzatzeko proposatu dio EAJk Lopezi
Lopezen jarrera aldaketa pozgarritzat jo du Urkulluk, eta euskal erakundeek «ekiteko unea» dela aipatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu