Miguel Angel kendu ziguten, baina askatasuna eta demokrazia konkistatu genituen", esan du Carlos Totorika Ermuko alkateak. Protagonismo handia izan zuen Totorikak duela 20 urteko ordu latz haietan, eta bera izan da gaur ere udalak antolatutako ekitaldiaren buru. "Politikaz ahopean bakarrik hitz egiten zen garaia" atzean utzita, orain ETA desegitea eta barkamena eskatzea falta dela ohartarazi du.
Haren ondoren, Jose Maria Calleja kazetariak hartu du hitza. Hark azpimarratu du Blancoren hilketak "haserrea eta egonezina" sortu zituela, eta jendea "inplikatzen" hasi zela. Urte luzez ETA "garaiezin" ikusten zela azaldu du, baina Blancoren bahiketak gizartean eraldaketa bat sortu zuela.
Bi hitzaldien ondoren, lore eskaintza egin dute Blancoren omenez jarri duten plakaren alboan.
Hitzaldiak amaituta, Blancoren omenezko plaka berria erakutsi eta larrosak jarri dituzte @berriapic.twitter.com/5SVjrGbvfd
— Iosu Alberdi (@Atxurraa) 2017(e)ko uztailak 11
Hainbat ordezkari politiko izan dira ekitaldietan. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak joan dira: adibidez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua joan da, baita legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria ere. Horiez gain, alderdi guztietako ordezkaritza zabala ere izan da Ermuan: esate baterako, Itxaso Atutxa EAJren BBBko burua, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Alfonso Alonso EAEko PPren burua, Nagua Alba Ahal Dugu-ko idazkari nagusia... Sortuko kide bat lehenengo aldiz izan da Blanco oroitzeko ekitaldian: Julen Arzuaga. Ez da hura izan EH Bilduko kide bakarra; han ziren Maddalen Iriarte legebiltzarkidea eta Pello Urizar EAko idazkari nagusia ere.
Arzuagari ez diote ongietorria egin guztiek. Alfonso Alonsok esan du hura "sobera" zegoela gaur eta "bere irudia zuritzeko" joan dela ekitaldira.