·EAJren arabera, Wert ministroaren erreformaren atzean "Espainiaren obsesioak" daude. Aitor Esteban Espainiako Kongresuko diputatuak uste du Kataluniaren aurkakoa dela neurria: "Murgiltze eredua hautsi nahi dute". Eskumenak kendu nahi izatea egotzi dio Madrili: "Euskadik eta Kataluniak era esklusiboan zituzten eskumenak, eta gobernua alderik alde zulatzen ari da". Euskarak eta gaztelaniak "oreka" izan behar dutela dio Madrilen proposamenak. "Bere horretan hartzen badugu, B eredua soilik baimenduko litzateke".
· Ikastolen Elkartearen esanetan, atzerapauso izugarria da Wertek proposatu duen neurria, "Francoren garaira" itzultzea bezalakoa. Koldo Tellitu presidentearen arabera, "euskal gizartearen kontrako bidean doa neurria, eta hezkuntzari zein hizkuntzari egiten dio kalte". Zirriborroak aurrera ez egitea espero du, "gizarteak emango duen erantzunarekin" Espainia ausartuko ez delakoan; ausartzen bada, "orain 30 urteko bide berari" ekitea besterik ez da geratuko, haren esanetan.
· ELAk eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Werten neurri "espainiarra" berehala gelditzeko: "Madrilgo gobernuaren inposaketari aurre egiteko garaia iritsi da". ELAk nabarmendu du EAEk zein Nafarroak euren hezkuntza sistema behar luketela.
· Sortzen Ikasbatuaz-en iritziz, herritarren asimilazioaren bidean beste bultzada bat da zirriborroa: "Gure hizkuntzak eta kulturak ondorio larriak izan ditzakete neurri guztiekin, kulturaren, nortasunaren homogenizazioa indartzeko asmoa baitago guztiaren atzean".
· Kontseiluak esan du astakeria bat dela Werten asmoa. Hitz batean, "hezkuntzari eta hizkuntzari eginiko erasoa". Ulertezin egin zaio PPren jarrera: "Gure hezkuntza sistemak ikasle euskaldun eleaniztunak lortu ditu, eta iruditzen zaigu atzerapauso galanta izango litzatekela. Gainera, beraiek hori badakite". Europako itunaren 8. artikulua ere urratuko lukeela gogorarazi du Kontseiluak.
· Amaiur eta EH Bilduren arabera, "PPren gobernuak hezkuntza sistema osoaren zentralizazioa du helburu. Alegia, guztia espainoltzea". Euskara bigarren mailako bihurtu nahi dutela adierazi dute.
· Ikasle Abertzaleek adierazi duenez, euskararen kontrako eraso bortitza egin dute Madrildik, eta "Euskal Herriko sektoren ezberdinen artean erantzun bateratu bat" eman beharra dago.
·LABek dioenez, PPk bere neurriko hezkuntza ezarri nahi du, "bere ideologia neoliberal, klasista, etilista, neofrankistaren" araberakoa.
·Ezker abertzalearen iritziz, Espaniak "inposatu" nahi duen hezkuntza dekretu berria "oso erabaki larria" da, euskara "debekurako bidean" jartzen duelako. "Curriculuma erabat inposatu nahi digute eta gure seme-alabek ikasi beharreko materia guztiak Madrildik erabaki nahi dituzte, euskal curriculumerako aukerak zapuztuz".