Ez da ezustekorik izan PSNren kongresuan, eta Maria Txibitek hartu du Roberto Jimenezek utzitako tokia; arratsaldera arte, ordea, ez dute ofizialki idazkari nagusi kargurako izendatuko. Txibitek, dena den, argi utzi du alderdi "sendo, batu eta parte hartzailea" dela bere asmoa. "Guztion ahaleginak eta denborak nafarren erreferente bilakatuko gaitu berriz ere. Proiektuarekin, indarrarekin eta batasunarekin sozialistok Nafarroa geureganatuko dugu, eta erkidegoa berrituko dugu".
Roberto Jimenezek, berriz, barkamena eskatu die nafarrei PSNren buruzagitzan egon den denboran hartutako erabakiek mesederik egin ez badie. "Egin dudan guztia Nafarroaren ongizatean pentsatuz egin dut", nabarmendu du Jimenezek bere agur hitzaldian.
Goizean baita ere, Patxi Lopezek ongietorria egin dio Txibiteri PSNren buruzagitzan, eta eskerrak eman dizkio Jimenezi egindako lanagatik. Bide batez, hala ere, "ur nahasiak baliatu asmo" dituzten alderdiak gaitzetsi ditu. Halaxe esan du Podemosi erreferentzia eginez: "Oraindik agintera heldu ez bada ere, dagoeneko urratu du emandako hitza. Haren programako helburuak berak ere murriztuz doaz egunak igaro ahala".