Alderdian lidergoa sendotu ezinik

Elkarbizitzaren lantaldeak beste krisi bat eragin du Quirogaren agintean.Dimisioari buruzko zurrumurruak uxatzen saiatu dira alderdikideak

Arantza Quiroga PPko presidentea, iaz, alderdiko zuzendaritzaren bilera batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Askatasun eta Elkarbizitza lantaldearen proposamenak eragindako polemikak ahulduta utzi du Arantza Quiroga EAEko PPko presidentea. Espainiako PPren presioen ondorioz mozioa atzera bota izanak zalantzan jarri du Quirogaren lidergoa. Lantaldearen polemikak piztutako sua amatatzen saiatu dira Espainiako eta EAEko PPko buruzagiak, eta Madrilik zein Euskal Herritik errenkadan iritsi zaizkio babes keinuak Quirogari; ordea, zail dirudi egoerak bere onera itzultzea luze gabe. Dimisioaren mamua berriro itzuli da Quirogarengana, eta zalantzan jarri da, beste behin, alderdi barruko lidergoa sendotzeko duen gaitasuna.

2013ko maiatzean EAEko PPren presidentetza hartu zuenetik, oztopo lasterketa etengabea gainditu behar izan du Arantza Quirogak. Antonio Basagoitiren ordezkoak egoera zail askori aurre egin behar izan dio azken bi urte eta erdian. EAEko PPren buruzagitza hartu zuenetik, besteak beste, alderdi barruko ika-miketan eta zenbait biktima elkarterekin izandako istiluetan korapilatuta egon da, eta krisia eragin dute alderdian. Hori gutxi balitz bezala, azken ekaitzari aurre egin behar dio orain, mozioak eragindako lurrikara politikoarekin.

EAEko PPn izan dezakeen etorkizunari buruzko zurrumurruak berriro zabaldu dira. Ikusmin guztia jarrita zegoen atzo Eusko Legebiltzarrean, PPko presidentea noiz iritsiko zen, baina, «ondoezik» zegoela argudiatuta, ez zen osoko bilkuran agertu. Eta horrek areagotu egin zituen espekulazioak. El Mundo egunkariaren Interneterako edizioak, gainera, goizean zabaldu zuen Quirogak kargua uzteko asmoa jakinarazi ziola Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiari. Informazio horren arabera, karguan jarraitzeko eskatu zion zuzendaritzak Quirogari, gutxienez abendura arte, hau da, Espainiako Gorteetako hauteskundeak izan arte.

Haatik, informazio hori gezurtatu egin dute PPko zuzendaritzako kideek. Genova kalean, PPren egoitza nagusian, Quirogaren jokaera txalotu egin du Javier Maroto PPko sektoreko idazkariordeak, eta alderdiaren zuzendaritzaren babesa duela azpimarratu. Haren esanetan, Quiroga «azkarra eta trebea» izan zen proposamena atzera bota zuenean, EH Bilduk haren erabilera egitea eragotzi zuelako. EAEko PPk ere baztertu du dimisioaren aukera. Nerea Llanos idazkari nagusiak azaldutakoaren arabera, Espainiako PPren babesa zuen Quirogaren proposamenak, eta, Madrilen testua irakurri dutenean, «ulertu eta babestu» egin dute, eta EH Bildu izan da «desitxuratu» egin duena. Horregatik guztiagatik, Llanosek argi utzi du dimisiorik ez dela izango. Borja Senper Eusko Legebiltzarreko PPko bozeramailearen ahotik ere babes hitzak entzun dira: «Baliotsua da Quiroga PPrentzat». Hala ere, argi utzi du hari dagokiola bere etorkizun politikoaz erabakitzea.

Erreakzio oldea eragiten jarraitu du aferak. Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide Hasier Arraizek berretsi du «atzerapausoa» izan dela, baina aldi berean «pozgarria» dela ikustean Madrilgo «geldiunearen» aurrean EAEko PP saiatu egin dela urratsak egiten. EAJko Bizkaiko presidente Itxaso Atutxak, berriz, deitoratu egin du Quiroga alderdikideek «lintxatu» izana, eta ziurtzat jo du Arabako PPk egin diola presio.

Zauriak berriro zabalik

Hain justu, elkarbizitzaren lantaldearen inguruan sortutako polemikak berriro gaiztotu du alderdi barruko giroa, bereziki Arabako zuzendaritzaren, non Alfonso Alonso den buru, eta besteen artekoa. Eta erabat sendatu gabe zeuden zauriak berriro ireki ditzake aferak, alderdi barruko batasuna kolokan jarrita. Iazko martxoan Quiroga presidente karguan berretsiko zuen kongresuaren aurretik eztanda egin zuen krisiak: Iñaki Oiartzabal arabarra idazkari kargutik kentzea erabaki zuen Quirogak eta Nerea Llanos getxotarra izendatu kargurako. Erabaki hark asaldatu egin zituen Arabako PPkoak.

Krisi horri batu egin zitzaion biktimen inguruko polemika ere. ETAk bere jarduna utzi zuenetik EAEko PPkoen—eta Espainiako Gobernuaren— jarrera aldatu dela iritzita, hainbat biktima elkartek publikoki estu hartu zutenQuirogaren alderdia, kritika zorrotzak eginez. Arrazoi berbera argudiatutaEAEko PP utzi eta alderdi berriak sortu zuten batzuk, tartean, Santiago Abascalek.

Horrek guztiak lehendik tenkatuta zegoen harremana okertuzuen alderdian. 2014ko martxoan egindako kongresu tentsio handikoa izan zen, eta Quirogak gerora esan zuen dimisioa ematea ere pentsatu zuela orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.