Alderdien artean dago zatiketa

Biktimek 'Eraikiz' agiria aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina ez dute taldeen konpromisorik lortu.Bake Lantaldea abian jartzeari uko egin diote PSEk, PPk eta UPDk

Iñaki Garcia, Ines Nuñez de la Parte, Sara Buesa eta Pili Zabala biktimak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Jatorri askotariko biktimek lortu dutena ez dute oraindik erdietsi alderdi politikoek, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean atzo agerian geratu zenez. Izan ere, bizikidetzarekin lotutako gaietan, eta, batez ere, iraganaren interpretazioan, desadostasun sakonak azaleratu zituzten taldeek. Eraikiz dokumentua elkarlanean landu duten ETAren, Poliziaren eta GALen hamabost biktimek eskaera zuzenak egin zizkieten legebiltzar taldeei, baina haiek urratsak egiteko konpromiso zehatzik ez zuten hartu.

Eraikiz agiria landu duten biktima ia denak joan ziren legebiltzarreko saiora, eta guztien izenean hitza hartu zuten Sara Buesak, Pili Zabalak, Ines Nuñez de la Partek eta Iñaki Garciak. Hainbat motako indarkeriak hildako pertsonen senideak izanda, talde «plurala» dela azaldu zuten, «saminak» batu eta «konfiantza sarea» eratu dutenak, eta bizikidetzari ekarpen «eraikitzailea» egin nahi diotenak.

Testuan politikariei egiten dizkieten eskaerak gogora ekarri zituzten: besteak beste, biktima guztientzako tratu berdintasuna bermatzeko, indarkeria justifikatu zutenen autokritika egiteko, eta Bakerako Lantaldea aktibatzeko. Halaber, biktimen aitortzan «hitzetatik ekintzetara» igaro eta Memoriaren Egunean biktima guztiak «salbuespenik» gabe omentzeko deia egin zuten: «Aukera aparta duzue batasuna erakusteko, biktimak gaur erakusten ari garen bezala». Eskaera horien gainean «hausnartzeko» eta erantzun «zehatzak eta argiak» emateko eskatu zieten.

Biktimen ekinbidea begi onez jaso zuten talde guztiek, baina agiriaren hainbat eskakizun zalantzan jarri zituzten, eta gertatutakoaren ardura politikoan korapilatu zuten eztabaida. Alderdien batasuna lortzeko eta Bakerako Lantaldea abian jartzeko traba nagusia indarkeriaren gaitzespenean dagoela ohartarazi zuten PPk, PSEk eta UPDk. «Hil izana gaizki dagoela esatea ezinbesteko baldintza da beste pauso batzuk emateko», adierazi zuen PPko Cristina Ruizek. Haren esanetan,ETAren indarkeria gaitzesteak PPren jardun politikoa baldintzatu egiten du, eta «gakoa» da bizikidetzan aurrera egiteko.

PSEko Miren Gallastegik, berriz, azpimarratu zuen biktima guztiek merezi dutela aitortza, baina «parekotasunik» egin gabe. Bestalde, salatu zuen EH Bilduk ETAren indarkeria gaitzesten ez duen bitartean «ezinezkoa» izango dela aurrera egitea. Bide beretik jo zuen UPDko Gorka Maneirok: «Bizikidetza ez du Bake Lantaldeak lortuko, zuzenbide estatuarekiko errespetuak baizik».

Eraikiz agiriarekiko «adostasun zabala» agertu zuen EH Bilduko Julen Arzuagak: «Diagnosiarekin asmatu duzue». Hala ere, hainbat arazo antzeman zizkion. Haren ustez, testuaren formulazio zabalak «interpretaziorako» aukera ematen du, eta sentsibilitate politiko baten aurkako «arma jaurtitzaile» gisa erabil daiteke. Bestalde, iraganean «kateatuta» geratzeko arriskuaz ohartarazi zuen, «oraindik giza eskubideak urratzen direlako». Nolanahi ere, iraganari buruz koalizioak duen jarrera finkatu zuen Arzuagak: «Giza eskubideen urraketa guztiak gaizki daude, eta inoiz ez ziren gertatu behar testuinguru politiko honetan».

Biktimen testuaren osotasuna babestu zuen Iñigo Iturrate jeltzaleak, eta eskaera guztiekiko «konpromisoa» agertu zuen. Politikariei «kargu hartzea» eskertu zien biktimei, pauso gehiago ematera bultzatzen dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.