Aldiriko trenen zerbitzuagatik 93 milioi deskontatuko dituzte kupotik

Sanchezekin hitzartutako lehen hiru transferentziak gauzatu ondoren, EAJk portuak, aireportuak eta Gizarte Segurantza jarri ditu jomugan. Pradalesek esan du Forondaren kudeaketa lortu behar dela «datozen hilabeteetan».

(ID_13693855) (/EZEZAGUNA) mistoa
Olatz Garamendi Autogobernu sailburua izan da Jaurlaritzako burua batzorde mistoan. IREKIA
xabier martin
2024ko martxoaren 11
19:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ofizialtasuna eman diote EAJk eta PSOEk iaz adostutako akordioari, Transferentzien Batzorde Mistoan, eta, horrenbestez, Gasteizko gobernuarenak dira jadanik Gernikako Estatutuak jasotzen dituen beste hiru eskuduntza: aldiriko trenen zerbitzua —Renfek ematen du orain—, atzerriko unibertsitate ikasketen homologazioa eta errefuxiatuen harreraren bigarren fasea. 

Jaurlaritzako ordezkaritza zabal baten buru izan da gaur Autogobernuko sailburu Olatz Garamendi, eta telematikoki egin dute bilera, Madrilgo gobernuko Lurralde Politikako ministro Angel Victor Torresekin, besteak beste; aurreko astean iragarritako hiru transferentzia horiek gauzatzea zen xedea, eta, horrekin batera, Gernikako Estatutua burura eramateko bi urteko fase bat zabaldu da, betiere Sanchezen aldeko bost boto jeltzaleen truke EAJk eta PSOEk adostutakoa aintzat hartuta. 

Akordio horrek ezarri zuen lehen hiru transferentzia horiek legegintzaldiaren lehen hiru hilabeteen barruan gauzatuko zituztela, eta mugarri hori bete da. Orain, beste eskuduntza batzuk eskuz aldatzeko helburua jarri du EAJk; Sanchezen inbestiduraren inguruko akordioak Gernikako Estatutua bi urteren buruan betetzeaz hitz egiten badu ere, alde guztiek dakite pausoz pauso egin beharko dela hori. Aurreko legealdian ere, Espainiako presidente Sanchezek kronograma bat adostu zuen EAJrekin Gernikako Estatutua oso-osorik betetzeko, eta hura ez zen bete. 

Sabin Etxean estatutu osoa betetzeari buruz aritu ohi dira, joan den urtean hitzartutakoak helburu hori jasotzen baitu, baina EAJko buruak, Imanol Pradales lehendakarigaiarengandik hasita, aspaldian hasi dira eskuduntza jakinak hizpidera ekartzen. Gizarte Segurantzarena da horietako bat. 

Izan ere, EAJn jakitun daude Espainiako sektore askotan erabateko aurkakotasuna pizten duela Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren zati baten kudeaketa eskuratzeak; pentsiodunen kutxa bakarra hautsiko litzatekeela diote sarritan Espainiako eragile politiko eta ekonomiko ugarik, hala ezkerrean nola eskuinean, eta jeltzaleek lehenbailehen abiarazi nahi dute oztopoz beteriko bide hori garbitzeko lanean Espainiako Gobernuarekin.

Aldiriko trenak

Hiru eskumen berriak «oso garrantzitsuak» direla esan du Pradalesek, gobernuen arteko bilera bukatu bezain laster, kanpainaurreko ekitaldi batean. Baina «autogobernuan» aurrera egiten jarraitu behar dela azpimarratu du, eta zehaztu «aurrerapauso horiek EAJren eskutik» iritsiko direla. Pradalesek «gehiago» nahi du, eta «portuak eta aireportuak» aipatu ditu «datozen hilabeteetako» helburu gisa. Zehazki, Gasteizko aireportuari erreparatu dio, Forondari, eta haren kudeaketa «lehiakortasunarekin eta ongizatearekin» lotu.

Aldiriko trenen eskumenari dagokionez, Madril eta Gasteizen arteko akordioaren arabera, Renfe Viajeros operadorearen kontratua subrogatu egingo da, hura baita eskualdatu diren aldiriko zerbitzuen operadorea. Kontratu hori 2027ko abenduan amaituko da; hau da, Renfek zerbitzuak ematen jarraituko du ordura arte.

Balorazio ekonomikoa Ekonomia Itunaren Metodologia erabiliz egin dute, eta kupoan deskontatu beharreko zenbatekoa 92,7 milioi eurokoa izango da. Balorazio ekonomiko horrekin, Jaurlaritzak konpentsatu egingo dio Renferi aldiriko zerbitzuak emateagatik sortzen duen defizita. 

Errufuxiatuen harrerari dagokionez, Gasteizko gobernuak bere gain hartu du migranteei harrera egiteko prozesuaren kudeaketa garatzea, eta «ezagutza eta trebetasunak» zehazten lagunduko die haiei, «gizartean erabat txertatuta» egon daitezen. «Azken batean, gure artean gizarteratzeko eta integratzeko ibilbide oso bat egiten lagunduko zaie», azaldu du Garamendiren sailak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.