Arabako Trebiñu konderriko hamabi udalerritan alerta egoera ezarri dute Eusko Jaurlaritzaren eta Gaztela eta Leongo larrialdi zerbitzuek. Izan ere, Ihuda ibaian karramarro ugari hilik agertu dira, eta ura kutsatuta egon daitekeela ohartarazi dute. Horrenbertzez, larrialdi zerbitzuek argibide batzuk eman dizkiete inguruko herritarrei: ez dezatela kontakturik eduki ibai horretako urarekin, ez pertsonek, ezta animaliek ere. Aurreikusten dute Bernedotik hasita Berantevillaraino egonen dela ura kutsatuta.
Atzo arratsean agertu ziren animaliak hilda, eta berehala ezarri zuten alerta egoera. Ingurumeneko eta Uraren Euskal Agentziako teknikariek laginak aztertu zituzten, eta horren arabera zehaztu zituzten isurketaren jatorria eta haren larritasuna. Ertzaintza ikertzen hasi da, baina oraindik ez du jakinarazi zerk kutsatu duen ura.