Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta gorria eman du Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean, zazpi metrorainoko olatuak espero baititu gaurko. Hain zuzen, bart gauerditik gaur eguerdira arte eman du alerta gorria. Hala jakinarazi zuten atzo Herrizaingo sailburuorde Raul Fernandez de Arroiabek eta larrialdi zerbitzuetako zuzendari Pedro Anituak, Bilbon eginiko agerraldian. Eguerditik aurrera, 36 orduz alerta laranja mantenduko du Jaurlaritzak, tarte horretan bost eta zazpi metro arteko olatuak izango direla iragarri baitu Euskalmetek.
Haizeteen eraginez ere alerta gorria eman du Herrizaingo Sailak. Gaur iluntzetik biharko 09:00ak arte, Araba mendebaldean eta Bizkaiko hainbat tokitan orduko 140 kilometroko haize ufadak iragarri ditu Euskalmetek. Horrez gain, Jaurlaritzak alerta laranja mantenduko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurko 18:00etatik biharko 09:00ak arte. Izan ere, orduko 120 kilometrotik gorako haizea espero dute babesik gabeko guneetan, eta ehundik gorakoa, babestutakoetan.
Denboraleak oraingoz aparteko eraginik izan ez badu ere, badaezpadako neurriak hartu dituzte jada hainbat erakundek. Donostiako udaltzainek Pasealeku Berria, Urgull mendia eta inguruetako kale ugari itxi zituzten oinezkoentzat atzo, eta eremu horretan zeuden ibilgailuak kenarazi zituzten. Egoerak okerrera eginez gero, Zurriolako pasealekua itxiko duela adierazi du Donostiako Udalak. Gainera, hainbat saltokitako sarreran egurrezko xaflak eta hondar poltsak jarri dituzte, ura sar ez dadin. Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo berezia jarri du indarrean, haize ufadek eta olatuek eragin dezaketen larrialdi egoerari aurre egiteko. Protokolo hori «prebentzio moduan» abiatu duela zehaztu du aldundiak. Herrialde horretako DYAk esan duenez, prest ditu erreskaterako baliabide guztiak, badaezpada. Gainera, Eusko JaurlaritzakN-634 errepidea itxi du Zarautz eta Zumaia artean (Gipuzkoa), 04:00ak eta 09:00ak bitartean. Atzo ere itxita egon zen bide hori, 17:00etatik 21:00etara.
Araban, denboraleari aurre egiteko batzorde bat osatu dute aldundiak eta Gasteizko Udalak. Besteak beste, Guardiako, Espejoko, Laudioko eta Aguraingo suhiltzaile taldea indartzea adostu du batzordeak, eta Jaurlaritzak eginiko gomendioekin bat egin du. Izan ere, herritarrei aholku ugari eman dizkie Herrizaingo Sailak. Etxebizitzatik kalera eror daitezkeen objektuak kentzea, ahal den heinean ibilgailua ez erabiltzea, kostaldetik urruntzea eta inola ere itsasoan ez sartzea dira gomendioetako batzuk. Herritarrei ez ezik, udalei ere hainbat neurri hartzeko eskatu die Jaurlaritzak: garabiak eta aldamioen segurtasuna ziurtatzea eta haizeak zaborrontziak ez dituela mugiaraziko bermatzea, esaterako.
Itsasontziak, babesean
Bizkaian ere badaezpadako neurriak hartuko dituzte denboraleari begira. Bilboko Udalak larrialdietako plana indarrean jarri du, eta Bermeoko zazpi itsasontzi Deustuko ubidean dituzte gordeta, kalterik jasan ez dezaten. Halaber, Lapurdin ere eragina izan du dagoeneko denboraleak. Baionako kaia itxia dute herenegundik, eta Donibane Lohizuneko portuan ohikoa baino segurtasun handiagoarekin lotu dizute 81 itsasontzi. Gainera, gizonezko bat hil zen iragan astelehenean Hendaiako kaian; olatu batek harrapatu eta harkaitzetara erori zen gizona.
Haizeteen eta olatuen ondoren elurra ailegatuko da, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Biharko 15:00ak eta etziko 18:00ak bitartean, mila metrotik behera izango da elurra; larunbateko 06:00ak aldera, elur maila 600 eta 700 metro artera jaitsiko da Arabako mendietan, eta ez hainbeste Gipuzkoa eta Bizkaikoetan. Larunbat gauetik aurrera egingo du hobera eguraldiak.
Alerta gorria eman dute ostiralera arte, haizete eta olatu handien arriskuagatik
Zazpi metro arteko olatuak iragarri dituzte, eta orduko 140 kilometroko haizea Araban eta Bizkaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu