Duela hiru aste elurrak bezala, urak eragin du kezka oraingoan: euri jasa etengabeek eta itsasoak. Olatu handiak izan ziren atzo goizetik, eta itsaso zakarra. Itsasgorak aginduta, bereziki bi unetan aritu ziren arretaz erakundeak eta larrialdi zerbitzuak: goizeko lehen orduetan, eta iluntzean. Kostalde osoan ezarri zuten alerta laranja; goizean, 11:00 aldera arte, eta arratsaldetik aurrera, gaur arte. Olatuek ez zuten aparteko kalterik eragin, baina oraindik ere adi segitzeko deia egin dute datozen egunetarako; batez ere, prezipitazioek uholdeak eragin ditzaketelako ibaien inguruetan.
Errepideetan, istripu arinak baino ez ziren izan. Itxita jarraitzen dute oraindik bigarren mailako zenbait bidek Nafarroako Pirinioetan eta Done Mikel Aralarkoan, aurreko elur denboraleagatik. Gipuzkoako kostaldean, Zarautz eta Getaria artean zirkulazioa eten egin behar izan zuten; goizean, olatuengatik, eta eguerdian, lur-jausien ondorioz.
Eusko Jaurlaritzak, esaterako, Gipuzkoa osora zabaldu du gaurko alerta laranja, euriagatik —abisu horia ezarri dute Bizkaian—. Lapurdiko kostaldean ere halaxe egongo dira, gutxienez, gaurko 16:00ak arte. Uholde arriskuaz ohartarazi dute Nafarroan: Ebroko Ur Konfederazioak aurreratu duenez, asko haz daiteke ibaien ur emaria, batez ere, bihartik aurrera. Ebrok sortzen du beldur handien, eta aurreko aldietan bezala, Castejonen egongo da gunelarrietako bat. Badaezpadako neurri gisa, Uribarriko (Araba) eta Esako (Nafarroa) urtegietatik ura ateratzen ari ziren atzo.
Edozer dela ere, larrialdi planak martxan dituzte erakundeek. Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean jakinarazi zuen Larrialdietarako Plan Berezia aktibatu zuela, eta hala egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Antzeko gomendioak eman dituzte gainerako erakunde guztiek, istripuak saihestu ahal izateko: adi ibiltzeko errepidean, eta arreta berezia izateko olatuak lehertzen diren guneetan eta ibai ertzetan.
Martuteneko lanak
Donostiako Martutene auzoan izaten dituzte sarri arazoak uholdeen ondorioz, eta aspaldi ari dira horri aurre egin nahian. Eusko Jaurlaritzak eta URA agentziak atzo adjudikatu zituzten lan horiek. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak esan zuenez, «urteetan ibai guneak kontuan hartu ez dituen hirigintza ereduaren ondorio» da gertatutakoa. Orain, zabaldu egingo dute ibaia, urak behar bezala bideratzeko. Ez da lan makala izango, ordea: hiru urte eta erdirako badute, Oregiren hitzetan. Baina mereziko duela dio: «Ezin da esan ez dela arriskurik egongo,baina lanok nabarmen handituko dute auzokideen segurtasuna».
Alertan, oraindik ere
Olatuek kostaldea astindu arren, ez da aparteko kalterik izan.Uholde arriskuaz ohartarazi dute, eta alerta laranja ezarri dute gaurko ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu