Alfonso Etxeberria Olazabal (Azpeitia, 1941) ELA sindikatuko idazkari nagusia izandakoa hil zen atzo, 84 urterekin.
Etxeberria 21 urterekin hasi zen ELAn, eta 1976an, 35 urte zituela, izendatu zuten sindikatuko idazkari nagusi, urte hartan sindikatuak egin zuen kongresu batean. Bilkura hartan sindikatuaren oinarriak eta estatutuak onartu zituzten: erabaki zuten alderdiekiko independentea izan behar zuela eta izaera konfederala eduki behar zuela, besteak beste.
Halaber, ELA sindikatua klandestinoa zen ordura arte, horrelako antolakundeak legez kanpokoak zirelako oraindik. Urte hartan bertan, baina, legezkotu zuten sindikatua, eta Etxeberriak zuzendu zuen sindikatua klandestinitatetik ateratzeko prozesua –bi urte baino ez ziren Francisco Franco diktadorea hil zela–.
Etxeberria sindikatuaren buru zela, ELA sindikatu nagusia izan zen Euskal Herrian, 1980ko hauteskunde sindikaletan. %28,7ko babesa lortu zuen Hego Euskal Herrian. Sindikatuak Gernikako Estatutua babestu zuen.
Etxeberriak idazkari nagusian hamabi urte igaro zituenean, dimisioa aurkeztu zuen. Bigarren legealdiaren erdian utzi zion sindikatuaren buru izateari, 1988ko azaroan. Jose Elorrietak hartu zuen azpeitiarraren lekukoa.