Etorkizunari begiratzeko iraganari erreparatzea ohiko ariketa da, eta horretarako bereziki aproposak dira urteurren borobilak. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak (Gipuzkoa) bi efemeride oroituko dituzte uztailaren 19an egingo duten ekitaldi instituzionalean: Alkateen Mugimenduaren sorrera, 1976koa, eta foruen abolizioa, 1876koa. «Bi efemeride historiko garrantzitsu», nabarmendu dute bi erakundeek, argudiatuta «sakon» markatu dutela «euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera».
Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Gorka Artola Bergarako alkateak eman dute ekimenaren berri, Bergarako Olaso dorrearen inguruko lorategian, eta batak zein besteak azpimarratu dute bi gertaera horien balio sinbolikoa. Horregatik, Mendozak adierazi du «esanahi instituzional eta politiko gorenekoa» emango diotela uztaileko ekitaldiari: «Orain dela mende erdi Bergaran egin bezala, aldarrikatuko dugu herri bat garela eta jarraitu nahi dugula gerora begira ere elkarlanean gure autogobernua eraikitzen, erakunde propioak defendatzen eta euskararen biziberritzean urratsak egiten».
Mendozak, Alkateen Mugimenduari soilik ez, foruen garrantzi politikoari ere erreparatu dio. Haren esanetan, euskal herritarrek euren burua «gobernatzeko eta antolatzeko» duten «lurzoru historikoa» da, «demokrazian, berdintasunean, aldebikotasunean eta adostasunean» oinarritzen dena. Hain zuzen, eskubide horiek «sendotzen» jarraitzeko asmoa azaldu du.
Bide beretik, Artolak ukatu egin du iraganari erreparatzeko ekitaldi huts bat dela, eta nabarmendu du «historia ulertu» eta etorkizunera begira «hausnartzea» dela xedea. Batetik, adierazi du foruen abolizioak eragin politikoa izan duela eta eragin horrek gaur egunera arte iraun duela. Hain zuzen horregatik, eta «Euskal Herriaren nortasuna, eskubide historikoak eta autogobernuaren aldeko konpromisoa berritzeko», sortu zen Alkateen Mugimendua, Artolaren hitzetan. Hark uste du eredu argi bat dela egungo udalgintzarentzat: «Gaur egun ere badu indarra: udalerriok herritarren borondatearen adierazpide hurbilena gara, eta erantzukizun berezia dugu etorkizuna eraikitzeko orduan».
Hain zuzen, erakundeek jarritako helburu nagusia da bi jazoera horiek baliatzea «egungo erronkei begiratzeko», hala nola trantsizio energetikoari, euskararen biziberritzeari, zaintzari edota desberdinkeria sozialen kontrako borrokari. Izan ere, argudiatu dute «autogobernu sendoago bat» behar dela horretarako.