XX. mendeko 20ko hamarkadan ekin zion Vienak etxebizitza publikoa sustatzeari, Lehen Mundu Gerrak sortutako etxebizitza krisialdiari aurre egiteko estrategiaren parte gisa. Mende luze horretan kolore guztietako gobernuak egon diren arren, beti eutsi diote etxebizitza politika publiko sendoari. Horri esker bihurtu da eredugarria Vienako etxebizitza politika. Egun, Austriako hiririk populatuena da —bi milioi biztanle ditu— eta herritarren ia erdiek bizitokia dute alokairu eskuragarri baten truke. Eredu horren ezaugarriak azaldu zituen Veronika Iwanowski Vienako etxebizitza enpresa publikoko bozeramaileak Donostian, House Action kongresuan.
Viena etxebizitza politika erabiltzen ari da klima aldaketari aurre egiteko. Nola ari zarete hori egiten?
Klima aldaketari aurre egitea lehentasunezkoa da Vienarentzat, eta, etxebizitza sozialen parke handia dugunez, biak lotu ditugu. Helburu bat ezarri dugu: 2040. urterako desagerrarazi egin nahi ditugu gas naturalaren bidezko hornikuntza sistema guztiak, eta hori lortzeko estrategia da etxebizitza sozialetan energia iturriak aldatzea. 220.000 udal etxebizitza daude Vienan, eta 90.000tan erabiltzen ari dira oraindik gas bidezko sistema. Hori dela eta, energia instalazioak berritzen buru-belarri ari gara lanean. Horren ordez, eguzki panelak instalatzen ari gara, hondakinak erraustearen bidez energia sortzen eta bero ponpak ere instalatzen.
Etxebizitza sozial guztiak alokairukoak dira, edo jabetzan ere badago baten bat?
Etxebizitza sozialetan bi eredu uztartzen ditugu: batetik, udal jabetzako etxebizitzak daude —220.000 etxebizitza—, eta Wiener Wohnen konpainia publikoak kudeatzen ditu. 500.000 pertsona bizi dira udal etxebizitza horietan. Bestetik, diru publikoz lagundutako bizitokiak daude. 200.000 inguru dira, eta irabazi mugatuko 54 enpresa hornitzailek kudeatzen dituzte. Biak alokairuko etxebizitzak dira. Vienan, alokairuan bizitzeko tradizioa dute: ez dago errotuta etxea jabetzan izateko mentalitatea. Izan ere, bizitokiaren jabetza dutenen kopurua %19koa da.
Ohikoa al da vienarrek etxebizitza aldatzea bizitzaren sasoi bakoitzeko beharren arabera?
Gazteek, bereziki, ez dute nahi izaten etxe bat erosi eta bizitza osoan etxe berean egon. Gaztetan mugitu egin nahi dute; gero beharbada seme-alabak izango dituzte, eta etxe handiagoa beharko dute, eta zahartzen direnean beharrak ere desberdinak dira. Alokairuak aukera ematen du bizitzaren aldaketa horietara egokitzeko.
Etxebizitza sozialetan bizitzeko denbora mugarik al dago?
Etxebizitza sozial batean bizitzeko baldintzak betez gero, ez dago mugarik. Bizitza osorako dira, eta, baldintza batzuk betez gero, seme-alabei ere besterendu ahal zaie etxe horren erabilera. Horri esker, herritarrak ez dira beldurrez bizi, eta badakite baldintza sozioekonomikoak aldatzen baldin bazaizkie ere ez direla etxerik gabe geratuko.

Sistema sendoa izateak arrakala soziala murrizteko balio al du?
Etxebizitza soziala eskuragarria eta kalitatezkoa izateak, horietan bizi direnei ez ezik, gizarte osoari ere ekartzen dio onura. Eraikin horiek eremu komunitarioak eskaintzen baitituzte, eta horrek interakzio soziala sustatzen baitu. Gainera, udal etxebizitzen eraikuntzak eta berrikuntzak milaka lanpostu sortzen ditu, eta lan horren guztiaren kudeaketak ere administrazioan sortzen ditu lanpostuak. Horrek eragin positiboa du milaka pertsonaren bizi kalitatean.
Merkatuan tentsio handirik ez izateak eragina al du salmenta libreko etxebizitzen prezioan?
Bi osagaik eragiten dute etxebizitza pribatuaren prezioan: apartamentu eskuragarrien eskaintza handia izateak eta araudiak berak, zenbait lege baitauzkagu etxebizitzaren bidez lortu daitekeen etekina mugatzeko.
«Vienan, parke osoaren %43 dira etxebizitza eskuragarriak. Gainera, etxebizitza pribatuen errenta ere mugatzen du lege batek. Beraz, arautu gabeko errenta merkatua oso txikia da»
Etxebizitza sozialek ghettizazioa areagotzen dute gizarte askotan. Arazo hori igarri al duzue?
Ez dago segregaziorik, etxebizitza sozialetan ez baitira soilik herritar zaurgarriak bizi. Diru sarrera desberdinak dituzten pertsonak ditugu apartamentu multzo berean. Eta etxebizitza sozialak hiriko auzo guztietan daude, ez auzo jakin batzuetan kontzentratuta. Vienar batek esaten badizu lehen barrutian bizi dela, erdialdean bertan, ezin duzu informazio horrekin jakin etxebizitza sozial batean edo luxuzko atiko batean bizi den. Antolaketa horren bitartez diskriminazioa saihesten da.
Zenbatekoa da etxebizitza eskuragarriaren proportzioa?
Udal jabetzako etxebizitza parkea etxe guztien %21-22 da. Beste hainbeste dira diruz lagundutakoak. Gutxi gorabehera, %43 dira etxebizitza eskuragarriak. Gainera, etxebizitza pribatuen errenta ere mugatzen du lege batek, batez ere eraikin zaharrei dagokienez. Beraz, arautu gabeko errenta merkatua oso txikia da Vienan.
Etxebizitza, beraz, ez da negozio baten gisan ikusten.
Gure filosofian, etxebizitza giza eskubide bat da, ez etekin ekonomikoa ateratzeko produktu bat.
Instituzioek inbertsio handia egingo dute etxebizitzan. Aurrekontuan zenbat diru erabiltzen da etxebizitza politiketarako?
Errentaren gaineko zergen zati bat erabiltzen da etxebizitza politikak finantzatzeko. Enplegatzaileen eta langileen diru sarreren %0,5 —guztira %1— etxebizitzarako erabiltzen da, eta Austriako bederatzi estatu federaletara bidaltzen dituzte funtsak. Vienako estatu federalak urtero 250 milioi euroko diru saila jasotzen du zerga horretatik etxebizitzarako. Dena dela, urteko gastu orokorra 500 milioi eurokoa da.
«Udalarekin elkarlanean ari diren eraikuntza enpresen asmo nagusia ezin da izan etekin ekonomikoa lortzea: ongizate orokorra lortzeak izan behar du lehentasuna»
Nondik ateratzen dira beste 250 milioiak?
Diru publikoz babestutako etxebizitzen enpresa hornitzaileek ere ordaintzen dituzte zergak; beraz, hamarkadetan izan dugun sistema horri esker, diru funtsak bermatuak ditugu, eta horrek eman du modua luzera begirako planak egiteko. Dena den, gure apustua da udal etxebizitzetan modu aktiboan inbertitzea, babestutakoetan baino gehiago. Dena babestuetan inbertituko bagenu, etekina hornitzaile pribatuek lortuko lukete, eta ezingo genuke berriz inbertitu; sistema ez litzateke jasangarria izango. Kudeaketari dagokionez, Europako etxebizitza publikoen agentziarik handiena da Vienakoa, 4.500 langile baititu.
Zer gomendio emango zenieke zuen bidea hartu nahi duten instituzioei?
Sistemaren osagai batzuk beste lekuetan bideragarriak izan daitezke. Horretarako, nahitaezkoak dira borondate politikoa eta legeak. Sektorean ari diren enpresen etekinak mugatu behar dira; udalarekin elkarlanean ari diren enpresa horien asmo nagusia ezin da izan etekin ekonomikoa lortzea: ongizate orokorra lortzeak izan behar du lehentasuna. Eta beharrezkoa da finantza sistema sendo bat izatea, diru fluxu etengabea lortzeko eta funtsak berriz inbertitzeko. Oso garrantzitsua da, bestalde, hor biziko direnen parte hartzea: eremuak eta eraikinak egiteko orduan parte hartu badute, errazago errespetatuko dituzte, eta hori lagungarria da denen bizi kalitatea hobetzeko.