Euskal Hirigune Elkargoak alokairuaren prezioa mugatzeko tresnak eskatu zituen, eta Frantziako Etxebizitzarako ministro delegatu Patrice Vergrietek uda honetan hitzeman zuen horretarako bidea irekiko zuela. Bada, atzo agertu zen dekretua Frantziako Agerkari Ofizialean: Lapurdiko tentsio handiko eremuko 24 herrietako alokairuen prezioa mugatzen ahalko du elkargoak. 2024an sartuko da indarrean neurria, herri bakoitzean alokairuen gehieneko prezioa zein izango den aztertu ondoan.
Alokairu garestiegiei aurre egiteko eta alokairu prezioen gehiegizko igoerei eusteko modu bat izango du, beraz, elkargoak. Zehazki, herri hauetan: Baiona, Miarritze, Donibane Lohizune, Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getaria, Hendaia, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Mugerre, Hiriburu, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Milafranga.
Herri bakoitzeko gehienezko alokairua finkatzeko, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Alokairuen Behatokiaren datuei begiratu beharko die. Oraingo eta lehengo alokairuak aztertuz, gehienezko prezio bat eta batez besteko prezio bat ezarriko ditu. Prefeturak 2024rako eman beharko ditu datuok, eta hori egin ondoan sartuko da indarrean neurria.
Dekretuaren ondorioz, jabeek ez dute eskubiderik izanen etxebizitza berri bat alokatzean nahi duten prezioa ezartzeko. Gainera, ezingo dute prezioa nahi bezainbat emendatu alokairu kontratu berri bat egitean, eta aitzineko kontratuko prezioaren ehuneko ttipi batez baizik ez dute emendatzen ahalko.
Alda elkarteak ontzat jo du dekretua: «Espero izatekoa da neurri horrek eta konpentsazio legeak merkatuko prezioetan eragina izanen dutela eta zenbait espekulazio praktika geldiaraziko dituztela». Konpentsazio legearen ondorioz, etxe turistiko bat alokagai jartzen duten jabeek beste lokal bat bizitoki bilakatu behar dute.
Konpentsazioaren osagarri
Audap hirigintza agentziak 2022ko alokairuen inguruko txosten bat aurkeztu zuen irailean. Merkatu pribatuko prezioak aztertu zituzten Ipar Euskal Herrian eta Hego Landetan. Orotara, eremu horretako familien %28 bizi dira merkatu pribatuko etxe alokatuetan.
Elkargoaren konpentsazio neurria indarrean denetik, ordea, alokairuen prezioak emendatzeko arriskua izan daitekeela ohartarazi zuen Denis Caniaux Audapeko zuzendariak. Izan ere, gaur-gaurkoz, urte osorako bizitoki bilakatuko diren etxe turistikoetan ez da alokatzeko prezio mugarik izanen, merkatuan sartzen diren etxeen alokairua libreki finkatzen ahal baitu jabeak. Caniaux: «Hipotesi bat da, baina egiaztatu beharko da jabeek ez ote duten tentaziorik izanen sasoiko alokairuaren errentagarritasuna berreskuratzeko alokairu oso garestiak ezarriz». Erran zuen alokairuen prezioa mugatzea ezinbesteko tresna dela hori eragozteko.
Alokairuaren prezioa mugatzen ahalko dute Ipar Euskal Herriko 24 herritan
Neurria ezartzeko dekretua agertu da Frantziako Agerkari Ofizialean. Besteak beste, Angelun, Baionan eta Miarritzen aplikatu ahalko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu