Politika

Alonso: "Uriartek euskaltegi bateko zuzendaria dela uste du, sailburu beharrean"

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearen esanetan, Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua "euskarak soilik arduratzen du".

Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentea, gaur, prentsaurrekoan. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 6a
13:43
Entzun

Alfonso Alonsok nabarmendu du hezkuntzak "arazo oso sakona" duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Uriarteri leporatu dio euskararekin "obsesionatuta" egotea, eta ingelera euskararentzako arrisku gisa ulertzea. "Euskaltegi bateko zuzendaria dela uste du, sailburu beharrean".

Alonsor EAEko hezkuntzaren egoera alderatu du emaitza txarrak lortzen dituen ikasle argi batekin; haren esanetan, estatuan hezkuntzara baliabide gehien bideratzen dituen erkidegoa izan arren, ez dituelako emaitza aski onak lortzen.

Jaurlaritzak hezkuntza itunerako proposatu duen txostenari "anbizioa" eta "ideia berriak" falta zaizkiola adierazi du, bestalde. "Atsekabea" agertu du Alonsok, proposamenak atzerriko hizkuntzei ematen dien garrantzia txikiegia dela iritzita. Ildo horretan, salatu du alde handiegia dagoela ikastetxe publikoen eta itunpekoen artean, ingeleraren eskaintzari dagokionez. Egoerak "berdintasuna" kaltetzen duela ohartarazi du, derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan inglerera maila on bat lortzea familen ahalmen ekonomikoaren araberakoa delako, haren esanetan.

Alonsok azaldu du hezkuntzari buruzko saio monografikoa egin nahi duela legebiltzarrean, eta hori lortzeko beste talde baten babesa eskuratzeko ari dela PP lanean.

Estatutua, bere horretan

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea bihar bilduko da estatus politiko berri baterako taldeek aurkeztuko dituzten proposamenak aztertzeko. PPk argitu du zein izango den berea: Gernikako Estatutua bere horretan uztea. Alonsoren esanetan, gaur egun ez dago estatus politiko berri baten gaineko "adostasun zabala" lortzeko baldintza nahikorik. Autonomia estatutua moldatzeko beharrik ere ez du ikusten. "Niri gustatzen zait Gernikako Estatutua", adierazi du. Harridura agertu du PP delako, haren iritziz, estatutua "defendatzen duen talde bakarra".

Herritarrak ere estatutuarekin konforme daudela ziurtatu du PPko legebiltzarkideak. Nabarmendu duenez, Euskobarometroaren azken emaitzen arabera, herritarren %77 gustura dago estatutuarekin.

Gaineratu duenez, EH Bilduk lantaldera eramango duen proposamenak autodeterminazio eskubidearen "eufemismoa" jasoko duela, erabakitzeko eskubidearen izenpean. Proposamen horrek "gatazka eta enfrentamendua" eragingo duela ohartarazi du. "Ustezko eskubide hori" legez kanpokoa da, Alonsoren hitzetan.

Alfonsok Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo du PSE-EEren proposamena ere, "foru erregimena" apurtu nahi duelako. PSE-EEk zerga bilketarako ahalmena foru aldundiei kendu eta Jaurlaritzari egokitzea proposatu du.

Elkarrekin Podemosen proposamena, berriz, "inori ez zaio axola", Alonsoren arabera.

PPk EAJri eta Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu die "egonkortasuna baloratzen duten" hausnartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.