Altsasu kirol elkarteak salatu du joan den ostiralean gizon talde bat emakumeen taldeko jokalariei argazkiak eta bideoak egiten saiatu zela aldagelan, entrenamendu baten amaieran. Klubak argitaratu duen oharraren arabera, joan den ostiralean gertatu zen.
Emakumeak dutxatik atera eta sartzen diren lekuan dagoen leihoan gizon batzuk harrapatu zituzten, sakelakoak eskuan, argazkiak eta bideoak egin nahian. Haien bila atera ziren, baina korrika ihes egin zuten; «auto ilun» batean sartu, eta alde egin zuten.
Klubak azaldu du salaketa jarri dutela jada Foruzaingoan, eta espero dute segurtasun kameren eta bestelakoen bitartez erasotzaileak identifikatu ahal izatea. Kirol elkartearen ustez, hiru delitu egin dituzte: sekretuak agerraraztearen delitua, pribatutasuna urratzearena eta adingabeei jazartzearena. Gertakariak «oso larriak eta onartezinak» direla azaldu du taldeak, eta elkartasuna adierazi die jokalariei.
🔴 KOMUNIKATU OFIZIALA 🔴#aupaneskak💪 pic.twitter.com/jTEC7EEKFK
— S.D. ALSASUA / ALTSASU K.E. (@SDALSASUA) February 5, 2024