Altsasuko auzian ez du terrorismo deliturik ikusi lurralde auzitegiak

Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiari eskatu dio uko egiteko auzia Auzitegi Nazionalaren esku uzteari, eta aurkezteko eskumen auzi bat Gorenean. «Ez gaude delitu larri baten aurrean», ondorioztatu du

Otsailaren 24an, atxiloketetatik 100 egunera, elkarretaratze jendetsua egin zuten Iruñean auzipetuen alde. IÑIGO URIZ / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Auzitegi Gorenak izango du azken hitza. Nafarroako lurralde auzitegiko lehen aretoak Altsasuko auzia Iruñera ekartzeko pauso garrantzitsua eman zuen atzo, eta bertan behera bota zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak erabilitako tesia. Funtsean, lehen aretoko hiru epaileen arabera, urriaren 15eko goizaldean Altsasun izandako istiluen atzean «ez dago terrorismo delituaren arrazoizko zantzurik». Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. Epaitegiko magistratuak ezinbestean behar zuen auzia terrorismoarekin lotu, auzia bere gain hartzeko, baina, orain, lurralde auzitegiak atzera bota du lotura hori. Horregatik, Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiari eskatu dio uko egiteko auzia Madrilen esku uzteari eta Espainiako Auzitegi Gorenari eskumen lehia aurkezteko. Hark erabakiko du non epaituko den auzia.

Neurriz kanpoko dimentsioa hartu du hasieratik auziak. Urriaren 15eko goizaldean bi guardia zibili eta euren bikotekideei eraso egin zieten Altsasun. Lehen egunetan ikerketa Maria Paz Benito Iruñeko Instrukzioko 3. Auzitegiko magistratuak hartu zuen, baina Covite biktimen elkarteak salaketa jarri zuen Madrilen, fiskaltzak tesi harekin bat egin zuen eta Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak bere egin zuen: atzean terrorismo zantzuak zeudela ondorioztatu eta auzia bere gain hartzea erreklamatu zuen.

Horiek horrela, Maria Paz Benito epailea inhibitu egin zen azaroaren 8an, eta bidea libre utzi zion Lamelari. Azaroaren 15ean, zortzi gazte altsasuar atxilotzeko agindu zuen, nahiz eta haiek aurretik Iruñeko epaitegian deklaratzeko borondatea azaldu. Ihes egiteko arriskua aipatuta, haietatik zazpi espetxeratzeko agindu zuen, eta abenduaren 21ean lau gazte libre utzi zituen. Gaur-gaurkoz hiruk kartzelan jarraitzen dute. Instrukzioa abiadura handian amaitu eta otsailaren 2an sumarioa itxitzat eman zuen Lamelak: bederatzi gazte altsasuar auzipetu zituen terrorismoa egotzita—Aratz Urrizola, Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Julen Goikoetxea, Iñaki Abad, Jon Ander Cob, Ainara Urkijo, Oihan Arnanz eta Aritz Urdangarin—. Gerora, Auzitegi Nazionalak Urdangarini akusazioa kendu zion.

Iruñeratzeko bide luzea

Madrilen epaituz gero, auzipetuek hamar eta hamabost urte bitarteko espetxe zigorren arriskuari aurre egin beharko ziotela jakinda, defentsak auzia Iruñera ekartzea bilatu du. Lehenik, Altsasuko auzia Madrilen esku uzteko erabakiari helegitea jarri zion. Benitok ez zuen errekurtsoa aintzat hartu ere egin, eta abokatuek kexa azaldu ostean, urtarrilean lurralde auzitegiak erabaki hori arrazoitzera behartu zuen Benito. Hartara, bigarren aldiz, otsailean atzera bota zuen errekurtsoa Iruñeko instrukzio epaileak, eta neurri horri apelazio helegitea jarrita lurralde auzitegiraino heldu da azkenik auzia.

Horrek guztiak aditzera ematen du zein korapilatsua izan den bide judiziala. Berez, asteartean aztertu zuten errekurtsoa, eta, hurrengo orduetan etorriko zela jakinik ere, ezustean kaleratu zen atzo. Are ustekabeko handiagoa izan zen edukia, ordea. Izan ere, Benito epaileak otsailean ez bezala, auziaren mamiari heldu dio, eta ondorio argi batera heldu da: ez dago terrorismo delituaren arrazoizko zantzurik, eta, beraz, Iruñeari dagokio auzia hartzea.

Lehen aretoko epaimahaiburua Esther Erize da, eta Fermin Zubiri eta Jose Julian Huarte magistratuekin batera izenpetu du autoa. Hirurek gogora ekarri dute Zigor Kodeko 573. artikuluaren arabera bi ezaugarri bete behar direla aldi berean terrorismo delitua egiaztatzeko. Batetik, bizia zein segurtasuna arriskuan jarriko duten delitu larriak izan behar dira, eta, bestetik, xede zehatzak bilatu behar dituzte erasotzaileek —hala nola ordena konstituzionala urratzea, bake publikoa aztoratzea edo biztanleria izutzea—. Autoaren arabera, ez da ezaugarrietako bat ere betetzen.

Guztiz alderantziz, Lamelaren arabera, auzipetuek bi guardia zibili eta euren bikotekideei «osotasun fisikoaren eta askatasunaren aurkako eraso larria» egin zieten, «ordena konstituzionala nahasi eta biztanlerian edo horren zati batean terrorea sorrarazteko» helburuarekin. Lurralde auzitegiak irmo ukatu du hori. Haren irudiko, guardia zibilek jasandako erasoa lesio delitua izan daiteke, baina ez da delitu larria, Zigor Kodeak terrorismoarentzat eskatzen duen bezala; hau da, gehienez ere ez du bost urtetik gorako espetxe zigorra gainditzen.

«Ezin daiteke ondorioztatu»

Era berean, lurralde auzitegiak ondorioztatu du ez direla Zigor Kodearen arabera terrorismoa definitzen duten helburuak betetzen. Autoaren arabera, ez erasoa jasan zuten guardia zibilen eta bikotekideen adierazpenetatik, ez Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren txostenetatik, «ezin daiteke ondorioztatu» ordena konstituzionala urratu edo bake publikoa aztoratu nahi izan zutenik. Autoaren arabera, erasotzaileek bazekiten guardia zibilak zirela, eta «egia da haietako bat Ospa mugimendukoa izan zitekeela ere», baina hori ez da nahikoa «helburu terroristak» zituztela esateko. Erasoa antolatua izan zela ere ukatzen dute: «Argi dago printzipioz ustekabeko gertaera baten aurrean gaudela». Epaileen arabera, finean «ez dago elementu objektiborik» gertaerok terrorismotzat jotzeko.

Autoan Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren txostenen pasarteak aipatzen dira. Bertan azaltzen denez, tabernan sartu orduko ezagutu zituzten guardia zibilak, baina han barruan «pare bat orduz» egon ziren. Haien lekukotzetan, guardia zibilek eta bikotekideek azaldu zuten amaieran beren aurkako irainak eta mehatxuak egin zizkietela, eta ondoren etorri zirela kolpeak. Epaileen arabera, «adierazpenak eta erasoak larriak balira ere» ezin liteke leporatu terrorismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.