Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak zigor prozedura abiatu du Altsasuko Udalaren kontra, herriko gaztetxean 2024ko martxotik 2025eko irailera bitartean eginiko zazpi kontzertu direla eta. Guardia Zibilak beste horrenbeste salaketa aurkeztu ditu musika emanaldi horien kontura, eta gobernuak bide eman die salaketei. Horiek horrela, 42.000 euroko isuna galdegin diote udalari, 6.000 euro kontzertu bakoitzeko. Izan ere, Altsasuko gaztetxea 1990. urtean okupatu zuten, baina, berez, eraikina udalarena da.
Salaketa horien harira, agiria argitaratu du Altsasuko Gazte Asanbladak: uste dute Guardia Zibilak udala «erabili» nahi duela gaztetxeari eraso egiteko. «Hau ez da indar errepresiboek gaztetxeari eraso egiten dioten lehen aldia: 2010ean, tximiniak su hartu zuenean, gaztetxea husten saiatu ziren, zuzenean mehatxatu izan gaituzte, espazioa hustuko zutela esanez; eta orain, isun ekonomikoen bidez, udala bitartekari gisa erabili nahi dute erasoa gauzatzeko».
Nafarroako Gobernuaren jokabidea ere kritikatu du gazte asanbladak: «Ardura zuzena du, isunak tramitatu eta alegazioa ezeztatu duelako». Altsasuko gazteen irudiko, Nafarroako Gobernuaren eta Guardia Zibilaren arazoa «ez dira kontzertuak», proiektua baizik: «Gure herrian gaztetxe bat eta asanblada bat izatea, hori da benetan zapuztu nahi dutena. Gaztetxea eta asanblada ezinegon politiko, sozial eta kulturalei erantzuteko tresnak dira, gazte langileon proiektuak aurrera eramateko espazioak».
1990az geroztik eginiko bidea eta martxan jarritako proiektuak nabarmendu ditu asanbladak: «Haurrentzako ikuskizunetatik hasita, eta presoen aldeko eta AHTaren aurkako borrokekin jarraituz, hitzaldi, tailer, kontzertu, ikuskizun, Gaztewood, Altsasu Xtreme eta abar eta abar eskaini dizkiogu herriari. Gaztetxeengatik ez balitz, ez genuke baliabiderik izango gure interesen araberako kultura eta sormena garatzeko».
Altsasuko Gazte Asanbladak uste du hau ez dela «gertakari bakana», eta Euskal Herrian «gaztetxeen aurka egiten ari diren erasoaldiaren baitan» kokatu ditu isunak: «Azken urtean, Irungo Mosku eta Bilboko Etxarri II gaztetxeak hustu zituzten, eta beste horrenbeste prozesu judizialetan murgilduta daude. Antolakuntzaren eta okupazioaren kontrako ofentsiba orokorraren beste adierazle bat da hau». Horren aurrean, asanbladak nabarmendu du 1990ean Altsasuko gazteak eraikina okupatzera eraman zituzten ideiei eusten dietela oraindik: «Okupazioaren hautua berresten dugu, logika kapitalistaren aurka egiten duelako eta gazte langileoi espazioaren gaineko kontrola ematen digulako. Oztopo guztiak gainditzeko borrokan jarraituko dugu, gizarte justu baten aldeko konpromiso irmoa berretsiz».