Altsasuko auziaren epaiketa

Altsasuko gazteentzat 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu ditu fiskaltzak

Akusazioak bat egin du Guardia Zibilaren tesiekin, eta argudiatu du Altsasukoa "intentsitate apaleko terrorismoa" dela. Fiskalak bigarren idatzi bat aurkeztu du lehena onartuko ez balitz ere, bertan sei eta hogei urte arteko zigor eskaerak jaso ditu.

Auzipetuak Guardia Zibilaren furgonetan auzitegira sartzen. J. DANAE, FOKU
joxerra senar
2018ko apirilaren 26a
17:44
Entzun

Guardia Zibilen txostenari eutsi eta Alde Hemendik mugimendua "ETAren konglomeratuaren baitan" kokatu du fiskalak bere ondorioetan, eta zehaztu du erakundeak borroka armatua utzi izanagatik ere ez dela "terrorea" amaitu. "Alde Hemendik-en dinamizazioaren azken puntua indarkeriaren erabilera zen. Terrorismoa ez da bakarrik hilketekin eta atentatuekin egiten. Terrorismoa ere kolpeekin eta mehatxuekin egiten da".

Hala, 2016ko urrian gertatutakoa "intentsitate apaleko terrorismoa" dela ondorioztatu du fiskaltzak, eta "gertaera terroristatzat" jo ditu. Bere ustez, eraso "antolatua" izan zen, eta auziperatuak "etakideak ez badira ere, haren konglomeratu ideologikoaz baliatu" direla arrazoitu du. Fiskalaren arabera, ohiko delitu batekin alderatuta, "plus bat gehiago" dago eta motibazio politiko bat dago atzean. Fiskalak nabarmendu du "guardia zibilak izateagatik" jo zituztela.

"Supremazista abertzaleen faxismoa"

"Indarkeria politiko bat da, eta terrorea izatea bilatzen du", aipatu du. Fiskalaren arabera, "terrorea" egon da Altsasun."Ez da hildakorik egon, baina bai lesioak". Fiskalak, pasarte batean, onartu du "Espainiako ezein herritan" inork ez lukeela onartuko herri batean kanpokoei ongi etorria egin beharrean "ospa edo alde egiteko" eskatuko balitz. "Supremazista abertzaleen faxismo hutsa da". Hala Altsasuko giro politikoa 30eko hamarkadako Alemaniarekin parekatu du. Bere ustez, "politikari lausengariek" babes instituzionala adierazi diete auziperatuei, eta, aldiz, "biktimen familiei" ez diete lagundu. "Terrorismoaren biktimek jasandako ostrazismoa ekartzen digu gogora".

Fiskalaren arabera, terrore horrek bere emaitza izan du. Bikotekideetako batek kuarteletik ateratzeko beldurra du, eta besteak, Maria Jose Naranjok, "erbesteratu" behar izan du (epaiketan aipatu denez, Altsasutik ordu erdira dagoen toki batean bizi da). Fiskalak aipatu du ezin zaiela utzi arrakasta izatea. "Maria Josek erabaki zuen arau sozialen aurka joatea. Inork ezin dio esan norekin atera behar duen eta norekin ez. Gertaera hauek terrorismoa dira, Nafarroan, Euskal Herrian, gertatu dira. Abertzale batzuk euren pentsamendu bakarra inposatu nahi izan dute, eta terrore horrek indarrean jarraitzen du. Emakume batek ezin du bere haurrarekin paseatzearekin atera. Terrorismoaren biktima dira".

Hasierako zigor eskaerei eutsi die: 62 urtekoa Oihan Arnanzentzat, "terrorismoarekin lotutako lesio delituengatik" eta "mehatxu terroristengatik"; 50 urtekoa Jokin Unamuno, Adur Ramirez, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Iñaki Abadentzat, "terrorismoarekin lotutako lesio delituengatik"; eta hamabikoa Ainara Urkijorentzat, "mehatxu terroristengatik". Terrorismoaren eskera aintzat hartzen ez badu epaimahaik eskaera alternatiboa aurkeztu du. Zigor eskaerak jaitsi egiten dira bigarren kasuan horretan, baina, handiak izaten jarraitzen dute.

Fiskalak ondorioztatzen du kolpatuek "egia" diotela. Aipatu du zilegi dela biktimek "justizia bilatzea". Bere ustez, adierazpena "logikoa" da eta euren deklarazioa objektiboki sostengatuta dago. Foruzainen deklarazioak eta auzitegi medikuen txostenak aipatu ditu. Aldi berean, kritikatu egin du defentsaren jarrera, esanez haien froga guztiak onartuak izan direla, eta ohartarazi dio epaimahaiari Abadek grabatutako bideoa urte eta erdi geroago aurkeztu dela froga gisara: "Manipulatua izateko denbora egon da". Harrituta agertu da, bertan, sarjentuaren alkandora "oso zuri" agertu delako, eta "abila den norbaitek" aldatu duela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.