'Altsasu auzia'

Altsasuko gazteetako hiru hirugarren gradura aldatuko dituzte

Zaballako espetxeko funtzionarioek gaur jakinarazi diete gradu aldaketa Adur Ramirez de Aldari, Jokin Unamunori eta Oihan Arnanzi.

Altsasuko gazteen aldeko bilkura bat, duela bi urte Iruñean sanferminetan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2020ko uztailaren 2a
15:07
Entzun

Altsasuko gazteen gurasoek jakinarazi dutenez, Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz gazteak bihar hirugarren gradura pasatuko dira. Ondorioz, bihar bertan gradu horrek dauzkan onurak baliatu ahal izango dituzte. Hala jakinarazi diete Zaballako (Araba) espetxeko funtzionarioek gaur goizean. Urtarrilean sailkatu zituzten gazteetako bost bigarren graduan, eta horien artean zeuden orain hirugarren gradua eskuratu dutenak. Hiru horiek dira espetxean egun gehien daramaten Altsasuko gazteak.

Altsasuko auziko beste bi gazteei, Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari Eguberrien aurretik ezarri zieten bigarren gradua, eta ordutik eguna eta asteburuak espetxetik kanpo igarotzen dituzte. Horiek jaso zituzten, hain zuzen, espetxe zigorrik txikienak: hiru urte eta erdikoa Abadek eta lau urte eta bi hilabetekoa Urrizolak. Gainontzekoek zigor handiagoak jaso zituzten: Oihan Arranzek bederatzi urte eta erdi, Ramirez de Aldak eta Unamunok zortzi urte eta erdi, Julen Goikoetxeak eta Jon Ander Cobek zazpi urte eta erdi.

Hiru urte eta ia hamar hilabete pasatu dira gazteentzat eta haien familientzat amesgaiztoa hasi zenetik. 2016ko urriaren 15eko goizaldean Koxka tabernaren inguruetan izandako liskarrek bizitza betiko aldatu zieten. Terrorismo delitua egotzita, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen instrukzioa, eta urte hartako azaroaren 14an atxilotu zituen Altsasuko zortzi gazte. Hilabete baten buruan lau gazte aske utzi bazituen ere, ordutik preso daude Jokin Unamuno, Oihan Arnanz eta Adur Ramirez de Alda.

Iazko apirilean Auzitegi Nazionalean epaiketa egin zuten, eta ekainaren 1ean 79 urteko espetxe zigorra ezarri zieten, guztira, zortzi gazteei —bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak—. Epai haren ondotik, espetxeratu egin zituzten Abad, Urrizola, Goikoetxea eta Cob. Martxoan, Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak berretsi egin zuen lehen epai hura; urrian, berriz, Auzitegi Gorenak espetxeratuei zigorra murriztu zien —hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi artean—, ez baitzuen arrazoirik ikusi ideologiagatiko astungarriak ezartzeko.

Berria jakin eta gero, Nafarroako EH Bilduk nabarmendu du «albiste ona» dela baina ez dela «justizia eginen Altsasuko gazteak kalean izan arte».

ALTSASUKOAK

Oihan Arnanz
Zigorra. Bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua, nagusitasunez hiru lesio eragitea, desordena publikoa.

Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda
Zigorrak: Zortzi urte eta erdi bakoitzari. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez hiru lesio eragitea.

Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea
Zigorrak: Zazpi urte eta erdi bakoitzari. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez lesioak eragitea.

Aratz Urrizola
Zigorrak: Lau urte eta bi hilabete. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez lesio bat eragitea. Zigorraren laurdena betea du. Hirugarren gradua eman zioten abenduan.

Iñaki Abad
Zigorrak: Hiru urte eta erdi. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez lesio bat eragitea. Zigorraren laurdena betea du. Hirugarren gradua eman zioten abenduan.

Ainara Urkijo
Zigorrak: Urte eta erdi. Delitua: desordena publikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.