atentatua

Altuna y Uria enpresako arduradun bat hil du ETAk Azpeitian, tiroz

Enpresatik irtetean tirokatu dute, Loiolan, auto batean zela. Inazio Uria da hildakoa, 71 urtekoa. 13:03an izan da atentatua. ETAk aurten beste hiru lagun hil ditu. =lEAk Azpeitiko udal gobernua utzi du; Iñaki Errazkin ezker abertzaleko taldeko kidea da alkatea==http://www.berria.info/albisteak/30809/EAk_Azpeitiko_udal_gobernua_uztea_erabaki_du.htm=l. Ostiralean izango dira hileta eta manifestazioa.

2008ko abenduaren 3a
20:19
Entzun
ETAk Inazio Uria Mendizabal Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa tirokatu eta hil egin du gaur Azpeitian (Gipuzkoa). DYAk baieztatu du heriotza, 13:52an. 13:03an izan da atentatua eta osasun zerbitzuek bertan artatu dute; 40 bat minutura utzi diote biziberritze lanei.

Bi lagunek bi tiro eman dizkiote Uriari: bat buruan eta bestea bularrean. 71 urte zituen eta azpeitiarra zen. Ez zeraman bizkartzainik. Ezkonduta zegoen eta bost seme-alaba zeuzkan.

Azpeitiko eraikuntza enpresako egoitzatik irten eta auto batean zela jaso ditu tiroak, DYAk jakinarazi duenez. Loiola auzoan izan da gertaera, Kiruri jatetxe ondoan. Ordu horretan Kiruri jatetxera joaten den, jokoan egitera, jatetxeko kide batek esan duenez.

Forentseak 15:35ean eman du Inazio Uriaren gorpua altxatzeko agindua, Donostiara eramateko.

Ertzaintzak esan duenez, atentatu egileek erabili duten autoko jabea Itziarko (Deba, Gipuzkoa) gainean topatu dute, eskuak lotuta, Azpeititik 25 bat kilometrora. Goizean lapurtu diote autoa, hantxe, eta atentatuaren ostean han inguruan utzi dute kotxea eta su eman diote, Ertzaintzaren arabera.

ETAk aurten beste hiru pertsona hil ditu: Isaias Carrasco PSE-EE zinegotzi ohia Arrasaten (Gipuzkoa) martxoaren 7an, Juan Manuel Piñuel guardia zibila Legution (Araba) maiatzaren 14an eta Luis Conde de la Cruz militarra Espainian (Santoña, Kantabria) irailaren 22an. Azken biak bonben eztanden ondorioz, Carrasco tiroz.

ETAk 1980ko abenduaren 6an beste enpresaburu bat hil zuen Azpeitian: Ignacio Lasa Rezola.

Alkatea atentatu lekura joan da

Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea (ezker abertzalea) atentatu lekura joan da, Manuel Unanue (EA) zinegotziarekin batera, eta ez du adierazpenik egin nahi izan.

Julian Eizmendi Azpeitiko EAJko zinegotziak udal bozeramaileen bilera egiteko eskatu du, alkateak ezohiko udalbatzarra dei dezan. 18:00etan egingo dute.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Azpeitira bidean da. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Diputazioko beste zenbait ordezkari atentatua izan den lekuan dira. Halaber, Gipuzkoako enpresaburuen elkarte Adegi-ko ordezkariak ere iritsi dira. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea Euskal Herrira zen etortzekoa, ekitaldi batzuetara, baina horiek bertan behera uztea erabaki du.

1969an sortu zuten Altuna y Uria enpresa, eta etxeen eraikuntzan eta herri lanetan egiten du behar. Egun AHTren Euskal Y-ren eraikitzaile nagusietako bat da.

Ertzaintzaren arabera, zerga iraultzailea dela-eta ETAren mehatxuak jasotakoa zen Inazio Uria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.